Dabid LAZKANOITURBURU
analisia

«Tamerlan Txikia» hil da

Oinordekorik gabe zendu da Islam Karimov, Uzbekistango agintari goren eta bakarra. Hainbeste miresten zuen Tamerlan konkistatzaileari antzera gertatu zitzaion. Baina oraingoan ez da Estatua suntsituko. Errusiak eta AEBek «Tamerlan txikien» beharra dutelako.

Sobietar Batasuna desegin zenean, 1991. urtean, inperio eurasiar eta «sozialista» osatzen zuten hamabost errepublikek bakoitzak bere bideari ekin zioten. Ordutik pasa den irailaren 2ra arte, presidente bakarra izan du Uzbekistango errepublikak, Islam Karimov.

Abuztuaren 27an burmuinean odol-isuri larria pairatu zuen Islam Karimovek, eta, ospitalera eraman ostean, hiltzat jo zuten hainbat iturri ez ofizialek. Sei egun behar izan zituen, ordea, erregimenak bere heriotza onartzeko. Koman omen zegoela-eta, 25 urtez Erdialdeko Asiako errepublika sobietar ohien artean populatuenaren agintari goren eta bakarra nola berpiztu aritu omen ziren Alemaniako, Finlandiako eta Errusiako hainbat mediku-espezialista. Hori da behintzat hilzorian egunak eta egunak eman zituen Francisco Franco diktadore espainolaren kasua gogora ekarri duen Karimoven heriotza luzea azaltzeko emandako bertsio ofiziala.

78 urterekin heldutako Karimoven heriotzaren inguruko sekretismoak, ordea, ez du inor ustekabean hartu. Eta ez soilik Karimovek agintean betetako mende laurden luzean autoritarismoa izan delako nagusi, erregimenak bere ondorengoa izendatzeko nahiko arazo izan dituelako eta dena ahalik eta hobekien lotuta ixtea delako lehentasuna, baita makurtuta eta errepresiopean bizi den herria ez ote den behingoz oldartuko beldurra nagusi delako ere agintarien artean.

«Komunista»

Uzbekistanek independentzia lortu aurretik boterean ondo trebatua zegoen jada 1938an Samarkandan –Zetaren Bideko hiri famatuan– jaio zen Karimov. Umezurtza izanik, umezurztegi batean eman zituen lehen urteak eta mekanika eta ekonomia ikasi zuen gaztetan.

Sobietar Batasunaren garaia zen eta Alderdi Komunistako kide egin zen. Aparatuaren barnean maila guztiak gainditu eta 1989an Uzbekistango Sobietar Errepublikako presidente izendatu zutenerako Finantza ministroa zen. Hala ere, iturri ez ofizialek diotenez, Karimov sekula ez zen boterera iritsiko aspalditik, ehunka urtetan, herrialdean nagusi izan diren bi klanetako baten laguntza izan ez balu, bere jaioterriko klanarena hain zuzen. Antza, Tashkent egungo Uzbekistango hiriburuko klanaren aurkako lehia bizi eta historikoa duen Samarkandako klaneko buruak, Ismail Jurabekovek, Karimov gaztea aukeratu zuen ordurako atzematen zen Moskuren agindupetik kanpoko Uzbekistan «askerako» trantsizioa zuzentzeko.

Karimovek ez zuen, ordea, behin trantsizioa amaituta boterea uzteko inolako asmorik. 1991n Uzbekistango presidente izendatu zuten, eta, 1995ean, erreferenduma bultzatu zuen bere agintaldia 2000. urtera arte luzatzeko. 2002an beste plebizitu bat deitu zuen legealdiak bost urtetik zazpira luzatzeko. Ordutik hil arte, hauteskunde guztiak irabazi zituen, azkenak 2015eko martxoan; botoen %90etik gora eskuratu omen zituen, noski, inolako oposiziorik izan gabe.

Karimovena ez da, hala ere, kasu bakarra. Asia Erdialdeko sobietar errepublika ohi guztietan bertako agintari komunistak nolabaiteko diktadore bihurtu dira, eta, ahal izan dutenek, dinastia berri bezain iraunkorrak eratu dituzte. Adituek diotenez, agintariok komunistak baino, sobietarrak ziren. Errusiako errepublika sobietarra bera ere norainoko komunista edota sozialista zen inguruko eztabaida alde batera utzita, argi dago Kremlinak bazekiela, eta badakiela, herrialde ezberdinetako klan eta agintari politikoekiko malgutasuna erakusten.

Independentzia eman ostean, hasiera-hasieratik saiatu da Errusia, are gehiago Vladimir Putin Kremlinera iritsi zenetik, Asiako errepubliketako agintariekin harremanak estutzen. Autoritarismoa ez da sekula arazo izan Moskurentzat, are gutxiago «demokrazia soberanoa» bere egiten duen Errusiako presidentearentzat.

Bertako Gengis Khan

Karimovek berak ere sekulan ez zuen ezkutatu Tamerlanen jarraitzaile sutsua zenik. Konkistatzaile nomadarik handienetarikoa, Gengis Khan Mongolen Inperioko agintariarekin alderatua izan da Samarkandan 1336an jaiotako Tamerlan. Uzbekistanek aberriaren aitatzat duen Samarkandako erregeak Erdialdeko Asia osoa eta Indiako, Errusiako hegoaldeko nahiz Turkiako hainbat lurralde konkistatu zituen. Hala ere, uzbeko turkofonoen agintariak ezin izan zuen estatu bat eratu eta inperioa bere heriotzarekin batera, 1405ean, desegin eta lurperatu zen. Historian ezaguna da baina bereziki bere konkista militarrarengatik eta bere etsai zein mendekoek zioten beldurragatik.

Independentzia lortu zuenetik, Samarkandan lurperatutako Tamerlanen oroimena lantzen aritu da Uzbekistango erregimena. Helburua argia izan da: 150 urte luzez lehenik Errusiaren eta gero Sobietar Batasunaren menpe egondako uzbekistandarren artean abertzaletasuna hedatzea.

Aitzakia errepresiboa

Boterea eskuratu zuenetik oposiziorik ez zuela onartuko argi utzi zuen XX. eta XXI. mendeen arteko “Tamerlan Txikiak”. Hasiera-hasieratik, Asia Erdialdeko ingurune gatazkatsuaren erdi-erdian den Uzbekistango Estatuaren etorkizun politiko eta ekonomikoa bermatze aldera, beste guztia, askatasunak barne, sakrifikatzeko gertu egon da Karimov. Ez dago esan beharrik, noski, etorkizun politiko eta ekonomiko horren baitan bere gertukoak aberastea eta botere osoa bereganatzea lehenetsi dituela.

Horretarako, gainera, aitzakia ezin hobea izan zuen hasieratik: alderdi islamisten aurkako borroka lehenik, eta, gero, jihadisten aurkakoa. Gainera, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean, batez ere Afganistanen aurkako gerraren hasierarekin, Washingtonen babes osoa lortu zuen Karimovek. Errusiarekiko menpekotasun osotik libratzeko aukera ezin hobea ikusi zuen agintariak eta Uzbekistanek base militar bat eskaini zien AEBei, Moskuren haserrerako.

Arabiarretatik harago

Islama Meka eta Medinako tribuen artean sortu zela-eta, badirudi arabiarren kontua baino ez dela. Aldiz, Erdialdeko Asiak izugarrizko garrantzia izan zuen hasieratik bertatik islamaren bilakaeran, batik bat arabiarrek 710. urte inguruan Bujara eta Samarkanda hiriak konkistatu zituztenetik.

Sobietar Batasunak gogor egin zuen iraun zituen 70 urteetan erlijioen aurka, tartean islama. Baina ez zuen lortu garra guztiz amatatzea. Gainera, Sobietar Batasuna desagertzean sekulako berpizkundea ezagutu zuen islamak, ordura arte zapalduta izandako herriak bere kulturaren ardatzetako bat bezala barneratuta baitzuen. Sufien kofradiek, sobietarren kontrolpetik kanpo jendartean ezkutuan bizi ziren mulla ugariek, eta, Uzbekistanen kasuan, otin andereño islamiarrek tradizio islamikoa mantentzea lortu zuten.

Independentziaren ondorengo lehen urteetan errepubliketako agintariek eurek txalotu eta indartu egin zuten berrislamizazioa, baina berehala sortu ziren lehen tirabirak. Izan ere, Asian bertan sortutako korronte islamiar bat, deobandia izenarekin ezagutzen dena, oso zorrotza da eta ez dio ezer zor Saudi Arabiako wahabismoari.

Ryad, Pakistan eta Turkiako misiolarien lanak, egoera ekonomiko latzak, eta, azkenik, Karimoven erregimenaren errepresio bortitzak islamismoaren bilakaera jihadista indartu zuten eta aspalditik ideia horien gotorlekua izan den Ferganako Bailaran –Uzbekistan, Kirgizistan eta Tadjikistanek partekatutako lurraldea– Uzbekistango Mugimendu Islamiarra (MIU) sortu zen. MIUak Ferganan bizi den egoera sozial larria baliatu zuen borroka armatuari ekiteko. Baina islamista denak MIUkoak direla esatea, gehiegikeria argia izateaz gain, Karimoven jokoan erortzea baino ez da.

2005ean, Andiyan ekialdeko hiriburuan Poliziak Gobernuaren aurkako ehunka manifestari hil zituen tiroka. Horrek Uzbekistanek Mendebaldearekin zituen harreman onak nolabait gaiztotu zituen eta Karimov Moskura eta Pekinera begira jarri zen. Estatubatuarrek erabiltzen zuten Hanabadeko base militarra ere itxi egin zuen urte hartan. Baina horrek ez du Uzbekistan Errusiaren menpe utzi, Karimov beti saiatu baitzen arrautza guztiak saski bakarrean ez jartzen. Pentsa, AEBek ere aspaldi barkatu zizkioten ««bekatu errepresiboak» eta Termezen beste base militar bat eraikitzeko negozioak abian dira...

Kezka handirik ez

Karimoven heriotzak kezka sortu du Washingtonen zein Moskun. Kinielak hasiak dira jada bere oinordekoa Chavkat Mirzioiev lehen ministroa (errusiar zalea) edota Roustam Azimov lehen ministrordea (mendebaldarrei keinuak egin zalea) izango ote den. Eta ez dira hautagai bakarrak. Hala ere, agintari berria edozein izanik ere, argi dago Uzbekistanek ez duela inperio baten edo bestearen aldeko apustua egingo eta Moskurekin, Washingtonekin eta Pekinekin “joko txikian” jarraituko duela.

Etorkizunari begira, Karimovek hil aurretik oinordekorik izendatu ez izanak ez du zertan arazo larria izan. Ondoko Turkmenistan da adibide: Saparmurat Niazov presidente ahalguztiduna (turkmenbasi edo turkomanoen buru) hil zenean –berau ere «komunista» ohia– Gurbanguly Berdimuhamedow lehen ministroak hartu zuen kargua. Eta ez da ezer aldatu, tartean herriaren aurkako errepresioa bortitza. Potentzia handiek beharrezko dituztelako Karimov eta Niazov bezalako “Tamerlan txikiak”. Edota beren lanarekin jarraituko duten oinordeko fidelak.