1931ko Donostiako kaleetan, amnistia aldarri

1931ko martxoaren 29an manifestazio bat egin zuten Donostian, 1930eko abendutik Ondarretako kartzelan preso zeuden errepublikanoen askatasuna eskatzeko. Gipuzkoako Langile Elkarteen Federazioak egin zuen deialdia. Eguerdiko hamabietan abiatu zen manifestazioa. Haren buruan, bidea zabalduz, bi udaltzain, eta, haien atzetik, langileen ordezkariak. Bertako prentsaren arabera, 10.000 eta 12.000 lagun bitarte elkarretaratu ziren, haien artean Gipuzkoako hainbat herritako errepublikanoen eta sozialisten ordezkaritzak zirela. Manifestazioa Kale Nagusian eta Bulebarrean barrena ibili eta Okendon bukatu zen, Gobernu Zibilaren aurrean. Gehien entzun zen oihua amnistiaren aldekoa izan zen, batzuetan “Internazionala” eta beste kantu batzuekin nahastuta. Manifestazioa bukatzean, sindikatuetako ordezkariek preso politikoen askatasuna eskatzen zuen idatzi bat eman zioten Garcia Novoa gobernadore zibilari. Langile Elkarteen Federazioak gipuzkoar guztiei eskertu zien ekitaldi harekiko atxikimendua.

