Maider Iantzi Goienetxe

DIBERTSITATEA INTEGRATUZ, DANTZAREN ETA ARTEAREN MUGAK ZABALTZEN DIRA

Dantza integratuak muga sozialak zabaltzen ditu, baita desgaitasunari soilik erreparatzen dion begirada ere, sarri hitz zatar hori orban handi bat bezala hedatzen baita eta osorik tapatzen baititu pertsonak. Dantza eta dibertsitatea lotuz lor daitekeena handia dela erakusten dute ondorengo esperientziek.

Dantza eta dibertsitatearen inguruko EHUren Udako Ikastaroan denetariko esperientziak aditu eta ikusi ahal izan dira. Horietako bat Marisa Brugarolas Alarcon murtziarrarena da. Pozarren, aho zabalik daude Donostiako Miramar jauregian bildutako lagunak berari aditzen. “Nire aulkiak ez diezazula ikuskizuna estali”, dio kurtsoaren izenburuak. Hain zuzen ere, parte hartzaileetako batzuk gurpildun aulkian iristen ikusi ditugu; eta bertzeak ez. Batzuei gehiago kostatzen zaie solas egitea; bertzeei ez. Baina mahai ingurua hasterako konturatu gara bukatu dela “batzuk” eta “bertzeak” bereizte hori, denak primeran integratu dira-eta, dantzan ari direnean egiten duten gisa, gurpildun aulkia, protesia eta makuluak ere ikuskizuna aberasten duten elementu bilakatuz.

Terminologia argituz hasiko dugu artikulua. Brugarolasek erran duenez, aitzinera egin bada ere bide luzea gelditzen da. “Desgaitasun” hitza erabiltzen da oraindik, eta horren ordez “dibertsitate funtzional” erabil dezagun borrokan ari dira. Orain dela urte batzuk ulertzen zen muga funtzionalak zirela desgaitasuna eragiten zutenak, alegia, medikuntzaren ikuspuntutik begiratzen zen. 60ko hamarkadan eredu soziala sortu zen. Bertan, desgaitasuna traba sozialetatik zetorren. Gaur egun, eredu sozial berrituak dio muga pertsonalak eta inguruko trabak daudela.

«Dantza estigmatizatua egon da eta gorputzak estigmatizatu ditu. Oso gorputz zehatzak izan dira beti. Jende arruntak ere ez du lekurik izan bere barrenean». Hala agertu du Ruedapies diziplina desberdinak lotzen dituen proiektuaren zuzendariak. Bere iritziz, dibertsitate funtzionala duten pertsonak arte eszenikoetan eta zehazki dantzan integratzearen ondorioz gorputz, pentsamendu eta irudi eredu berriak jaio dira. Sarrera horrek, era berean, bi bide dituen diskurtso bat sortu du: «Orain arte uste genuen norbere gorputza ezagutzeko modua zela dantza, baina dantzarentzat berarentzat ere onuragarria da, bere mugak zabaltzen direlako. Biak garatzen dira, gorputza eta dantza».

Dantza integratua gizarteratzearen paradigmaren barrenean dago. Definizio hori ulertzeko jakin behar da arte inklusiboen barruan pertsona guztiak direla artearen partaide. Dantza integratua, hortaz, «pertsona guztientzat irekitzen den espazio bat da, beren aniztasunarekin, taldean ikasi eta sortzeko aukera izan dezaten». Hala, dibertsitateak ez du harresirik edo mugarik altxatzen. «Zuk ezin duzula arterik sortu pentsatzen badut ghetto bat sortzen ari naiz. Era berean, ezberdina ezezagun bihurtzen denean, gure munstro propioak proiektatzen eta fabrikatzen ditugu».

Horregatik dio Brugarolasek inklusioak artearen mugak zabaltzen dituela. Dantza integratuak kultura soziala sustatu nahi du, «bestea beste bezala ikusteari uzteko hurbil izan behar baitugu. Horretarako taldeek mistoak izan behar dute». Dantzariak azpimarratu duen bertze gauza bat da dantza integratua artearen barrenean sartzen dela, eta ez terapian. «Terapiarekin erlazionatzen badugu ez diegu pertsona hauei artista izaten uzten. Beste gauza bat da eragin terapeutikoa izatea. Metodologia eta erremintak partekatzen badituzte ere, bi arlo dira, helburu ezberdinak dituztenak».

Gorputzaz berriz jabetzea funtsezkoa da dantza integratuan, mugak zabaltzen dituelako eta etengabe aldatzen doan identitatearen ideia ulertzen laguntzen duelako. «Gauza bat bakarra gara eta hori izango gara bizi osoan», pentsa dezakegu. Baina, koreografoak argitu duenez, ez da hala: identitatea une oro aldatzen doa eta denok gauza aunitz gara aldi berean. Planteamenduoi guztioi jarraituz jaio zen Ruedapies proiektua 2005ean.

Ruedapies proiektua

Dantza integratuaren Ruedapies egitasmoan dibertsitate funtzionala duten eta ez duten artistek hartzen dute parte, elkarrekin sortuz eta lengoaia eszeniko berriak ikasiz. Hasierako urteetan leku fisiko zehatz batean garatu zen, Murtzian. Eta gero mugituz joan zen: Costa Rica, Erroma, Malaga... izan ditu kokaleku. Gaur egun, espazioa aurkitzen duen lekura doa. Metodologia inklusiboak baliatzen ditu, hau da, dituzten baldintzak dituztela, taldearen parte diren guztiek sentitzen dute ikas dezaketela. Contact izeneko teknika erabiltzen dute, adibidez. «Honekin kontaktuaren bidez ikasten da. Bizi garen jendartean dena oso bisuala da eta irudia manipulatzea erraza da –esplikatu du Brugarolasek mahaikide duen Xabier Madina kideari (Udako Ikastaroaren zuzendaria) eskua hartzen dion bitartean–. Kontaktuarekin, berriz, presio bat sentitzen dut, tenperatura bat, eta hori zailagoa da manipulatzen». Erantsi duenez, gorputz bati begiratu eta “zaila” iruditzen ahal zaigu a priori, guretik desberdina delako, baina biontzako ezezagunak diren lurraldeetatik ikertzen hasten bagara errazagoa izanen da biontzat.

Ruedapiesen ez dute desberdintasuna ez estaltzen ez goratzen; lagundu egiten dute, zailtasuna aukera bilakatuz. Ezagutza eta beharra batzen dira, baita bizitzen ari direnari ze ahots eman nahi dioten erabakitzeko gaitasuna ere. Dantzarietako batek gurpildun aulkia erabiltzen du, baina ez beti, eta hori baliatuz, aulkiarekin jostatzen dira ikuskizun batean. Denen artean desmuntatzen dute eta berriro muntatu, baina era hagitz desberdinean, aulkia zerbait berria bihurtuz.

Etorkizunari begira proposamen batzuk luzatuz amaitu du murtziarrak hitzaldia, geroko solasaldiari leku eginez. Dantza ikasteko programa inklusiboak sortzea defendatu du, bertze herrialde batzuetan egiten den bezala, dantza integratuaren eta inklusiboaren balioa aitortuz, bai pentsamendu asoziatiboa, emozionala eta originala sustatzeko, bai dibertsitatea bultzatzeko eta bai pertsona eta kolektiboen ahalduntzea indartzeko. Horrez gain, dantzan eta arte eszenikoetan dibertsitatea gehiago bultzatzea, dantzaren hezkuntza publiko eskuragarri bat sortzea eta konpainia bakoitzak bere diskurtsoa sortzeko espazio propioa izatea proposatu du.

«Gorputza dantzan hastean begiratzen baino gehiago entzuten ikasi beharko genuke, aurretiaz eraikitako irudirik edo irudi ezagunik espero gabe», aldarrikatu du “Gorputz anitza. Dantza integratua inklusioan” tesia egin duen artistak.

Entzuleen txalo beroak isildu orduko mahaian lekua hartu dute solasaldia gidatuko duten lagunek. Xabier Madina Manterolak aurkeztu ditu (kurtsoaren zuzendaria, Kolorearekin Elkarte Artistikoaren sortzaileetakoa eta dantzaria).

Mahai inguru aberatsa

Lehena Nagore Somoza Chamizo da, orain Katalunian bizi den gipuzkoarra. Dantza garaikidea eta aire-dantza egin ditu, hezkuntzan ere lanean ibili da eskoletan eta Kukai taldearen bidez Kolorearekin ezagutu eta esperientzia politak partekatu ditu elkarteko kideekin. Saioa berari buruz mintzatzen hasi da eta kontatzen nola sortzen duen dinamika bat, beti inprobisazioa eskuetan. Taldea biltzen da, lagun bakoitza datorren lekutik dator, ez dute elkar ezagutzen, eta musikarekin arnasten hasten dira.

«Harritu izan naizenean nire harridura adierazi dut. ‘Goazen saltatzera’ esatean ‘nola saltatuko duzu zure aulkitik?’ galdetu izan dut. ‘Horrela’. ‘Horrela?’. Zalantzatik, pozetik, emozioetatik lan egin izan dugu. Denbora joan izan zaigu konturatu gabe eta interesgarria izan da denontzat». Somozak gogoa duen jendearekin egin nahi ditu gauzak, berdin du aulkian egotea edo behatz bat gaizki edukitzea.

Nahia Iparragirre Burgoa Ondarroatik dator. Intuiziotik eta arte eszenikoetatik. Antzerkitik. Sortzetik. «Loreari –entzuleen artean, lehendabiziko ilaran, dagoen lagun bat– zeinuen hizkuntza erakusteko eskatu nion, eta berak ‘bale, baina trukean zuk dantzatzen irakatsiko didazu’ esan zidan». Hala hasi ziren. Pieza txiki bat sortu zuten bien artean eta Loreak, Interneten gehiago ibiltzen denez, hala bota zion behin Nahiari: «Badakizu egiten dugun hau dantza integratua dela?». Gaian pixka bat barneratu orduko izan zuten Marisa Brugarolasen berri. Bertze lagun ugari ere ezagutu eta zur eta lur gelditu ziren ezagutzen ez zuten mundu bat deskubrituta.

Iparragirrek Haur Hezkuntza ikasi zuen eta orain psikomotrizitatearekin ari da. Aire-dantza ere egiten du. Azaldu duenez, haurren komunikazio ahalmena hobetzeko baliagarriak dira saltoak, baina zer gertatzen da jauzi egin ezin dutenekin? Oihalekin eta aire-dantzarekin esperimentatzen dabil ondarroarra. «Talde txikietan, aire-dantza erabiltzen dugu jiratu eta kulunkatu ahal izateko eta haurren aurpegia ikusita nirekiko esaten dut: ‘hemen bada zerbait, meatze bat!’».

Esplikatu duenez, ordura arte umeok garapen kognitiboa eta motorra lantzera joan dira igerilekura edo behar den lekura, baina lan bat bezala. Aire-dantzan egiten dutena bertze zerbait da. Helduekin ere lan egiten du klaseetan garapen motorra landuz, baita pertsonala ere, hauekin ere talde txikietan bilduta. «Etortzen direnean hustera datoz», agertu du, eta inklusioa umezarotik hasteak duen garrantzia azpimarratu du.

Pertsonen hoberena ateratzen dute

Mahaian eserita dagoen laugarren laguna Leire Valero Madrid da. Irunen bizi da. Fisioterapeuta da, Matia Fundazioko Iza zentroko langilea. «Etxe bat da, dibertsitate funtzionala duten 78 pertsona bizi direna –hasi da kontatzen–. Espazio txiki horretan elkarrekin ikasten dugu. Pertsonak dira zentroa, bakoitza bere indarguneekin. Hala guztiok batera zer egin dezakegun ikusten joaten gara».

Alabaren bidez hurbildu zen dantzara Leire. Txikia zenean psikomotrizitate arazoak izan zituen umeak. «Orain dela hamabi urte izan zen, Irunen nengoen eta ez zegoen ezer. Ainhoa ezagutu nuen orduan, dantzaria zen eta probatzea proposatu zidan. Urte batean alabaren arazo fisikoak desagertu egin ziren».

Gero Xabier Manterola eta Kolorearekin ezagutu zituen. Laguntzen hasi eta beraiekin bizitzen ari da prozesua lehen unetik. Eta, seguru-seguru, «Leire izena dudan bezala», baieztatu du eragin terapeutiko zoragarriak ikusi dituela. Lehen lerroan den Loreari buruz nabarmendu du «crack bat» dela. Fisikoki eta ahalmen motorrari dagokionez hobera egin du. «Lehen ez zuen hitz egiten eta orain ez da isiltzen!», gaineratu du irria eraginez. Xabier Madinaz gauza bera erran du. «Dantza bizi dute eta guk ere izugarri bizitzea lortzen dute. Denok amaitu dugu malkotan, pertsonen hoberena ateratzen dutelako. Parte hartzea falta zait. Emango dut pausoa», promes egin du.

Azalpenak bukatu eta ez dira bi segundo igaro aretoko jendea parte hartzen hasi arte. Galdera luzatzen lehena, Marisa Brugarolas: «Nola hasten zarete, zirkuluekin? Zirkuluetan ez da hainbesteko mailakatzerik izaten».

Nagore Somozak jolasari eman dio balioa eta Nahia Iparragirrek hasi aitzinetik jendeak izaten dituen zalantzak plazaratu ditu. «Hori egiten ahalko dut?», galdetzen diote eta berak «jakina baietz!». Eta hiru egunetara lortu eta zoratzen jartzen dira.

Dantza eta hezkuntza deszentralizatu

Herritik ateratzeari buruz ere mintzatu dira. «Ni Katalunian nago Euskal Herriko beka batengatik, baina ez dut kontaktua galdu nahi izan. Kukairekin segitzen dut», dio Somozak. Brugarolasek kontatu du AEBetan bizi eta aunitz ikasi ondotik berak ere bere herrian, Murtzian, martxan jarri nahi izan zuela Ruedapies, nahiz eta jakin bertze nonbait abiatuz gero, «hemen adibidez», bertze indar bat hartuko zuela. «Ona da kanpotik elikatzea, baina hemen bada kasta, eta jada bertan dagoenarengana hurbildu eta aukera ematea ongi dago», komentatu du bertze kide batek.

Bestalde, norberak bere arlokoekin erlazionatzeko joera duela baina alor desberdinen interakzioa ikaragarri aberasgarria dela defendatu du bertze lagun batek: «Terapeuta okupazionalak egiten duena interesatzen zait, baita artistak egiten duena ere, eta psikomotrizistak, eta...». Zirkuluan lan egitearen ideiari heldu dio berriro, berdinetik berdinera, gorputzetik gorputzera, begiradatik begiradara bertze pertsonarekin, ez goitik, lurretik baizik.

Hari horri tiraka, dantza eta hezkuntza bera ere deszentralizatzea onuragarria litzatekeela aldarrikatu du Somozak: «Gure burua astindu eta ireki egin beharko genuke».

Dantzatik eta antzerkitik datorren bertze lagun batek berretsi du hezkuntza dela oinarria, umetatik etxean eta eskolan hasten dena. «Ohartu behar dugu norberari ez pasatzeak ez duela esan nahi ez digunik pikatzen. Bizitza hau guztia da. Hau normala da», azpimarratu du. Horrekin lotuta, gauzak sinpleago egitearen alde agertu da kide bat, eta pasarte bat kontatu du ideia hobeki ulertzeko: egun batean Downen sindromea duen mutil batek komentatu zion iloba bat zuela eta bera osaba zela, ez Downen sindromea duen osaba, baizik eta, sinpleki, osaba.

Solasaldia aitzinera doa, ideiaz ideia aberastuz. Halako batean honako ohartarazpena egin du lagun batek: «Guztion artean lana egiten goaz ahal dugun bezala, baina instituzioek ez badizkigute tresnak jartzen hormaren kontra egingo dugu txoke beti». Aretoan administrazioko ordezkaririk baden galdetu, eta jakinarazi dute kurtsoaren irekieran egon direla baina dagoeneko alde eginak direla.

Denak ados agertu dira normalizazioa lortuko bada administrazioaren esku hartzeak aunitzez handiagoa izan beharko lukeela baieztatzean.

Bat-batean, inklusioa «guay» da

«Bat-batean inklusioa guay da –erantsi du kide batek–. Eta administrazioa eta gu mahai berean hitz egiten ari bagara ere, ez gara gauza beraz ari. Baina bai, erremintak nahi ditut. Zubiak behar ditugula iruditzen zait», adierazi du inklusioan lanean berriki hasi den lagun batek.

Ideia horri segituz, Iparragirrek feminismoarekin egin du alderaketa: «Administrazioak feminismoa lagun dezake, baina berak nahi duen bezala egin behar du?». Brugarolasek berretsi du instituzioei malguagoak izatea falta zaiela, mugimendu sozialen gibeletik doazela beti eta hauei tokatzen zaiela «dinosauro horiek» aldaraztea. 2003-2004an bere jaioterrira, Murtziara, itzultzea bururatu zitzaionean inklusioa ez zegoela «modan» oroitu du Brugarolasek. Kultura Sailera jo eta taldean dibertsitate funtzionala zuten lagunak zeudenez Gizarte Zerbitzuetara bidaltzen zuten. Baina hemen atea jo eta, kide guztiek dibertsitate funtzionala ez zutenez, Kultura Sailera joateko eskatzen zioten. Arazoak arazo, baina, aurrera egin zuen: «2010-2012tik hasi zen eklosioa, baina inklusioa askoz lehenago hasi zen. Ongi etorri denok».

Gustura ari dira solasean, baina mahai-ingurua bukatu beharrean dira eta horretarako kurtsoaren izenburura bueltatu dira, “Nire aulkiak ez diezazula ikuskizuna estali”, interes artistikoaz mintzatzeko. «Goazen espazioak sortzera artearekin komunikatzeko. Ondotik ikuskizun bat eraikitzen ahalko dugu edo ez. Baina gurpila asmatzen saiatzea dagoeneko asmatua dagoenean ez da etikoa. Gauza bat da egin ez ditudan gauzak egitea eta beste bat artea egiteko erremintak izatea, eraikitzeko eta zerbait berria egiteko, desberdintzeko», esplikatu du Marisa Brugarolasek.