Biharkoari begira
Iritsi gara ikasturte hasiera honen lehen mugarrira. Euskal Herriaren alde honetan datozen urteetako bilakaera politikoan erabakigarriak izan daitezkeen botopaperak zenbatuko dira bihar. Biharko hautes emaitzek Euskal Herriaren erradiografia bat erakutsiko digute gainera, Euskal Herri globalizatu eta mediatizatuaren lurzoru kultural eta soziologikoaren argazki bat, patxadaz eta zorroztasunez aztertu beharko duguna.
Era askotako analisiak irakurri ahal izan ditugu egunotan, kanpainak eman du eman zezakeena eta esan beharrekoak esanda daude. Azken hiru asteetan alderdi bakoitzak plazaratu dituen posizionamenduek gure herria egun zertan den adierazten dute argiro, eta baita, nire ustez, datozen urteetan jokoan egongo diren polarizazio ardatzak zeintzuk izango diren ere, eta ez soilik hiru herrialde hauetan. Bihar zenbakiak izango dira hizketagai, hainbeste boto eta horrenbeste eserleku, esan bezala erabakigarriak izan daitezkeenak datozen urteetako bilakaeran. Aritmetika parlamentarioa ez da noski elementu determinante bakarra izango, eta zentzu horretan merezi du azalean sendoak diruditen diskurtso batzuen azpiko zimenduen osasun egoera zein izan daitekeen diagnostikatzen saiatzea, datozen hilabete eta urteetako jokalekuaren ertzak non egongo diren igartze aldera.
EAJ eroso agertu da kanpainan, Espainiarekiko politika alderatuari etekina ateratzen maisu bilakatuta, betiere herri hau hozkailuan sartzearen ordainez. Izan ere, Espainiarekiko etengabeko alderaketak, euskaldunok kulturalki pobretzeaz gain, datozen urteetako arrisku sistemikoei herri gisa aurre egiteko beharrezkoa dugun marko kognitibo propioa deuseztatzen du. Baina, gainera, itxaropentsu omen daude jeltzaleak, Espainian euskaldunon erabakitze eskubidea errespetatuko duen beste indar korrelaziorik egongo ote den. Jakina da ezetz, eta gainera ia ziurra da Estatua azken hamarkadetako eskuin espainolista atzerakoienak gobernatuko duela, eta azken garaietan bezala Estatuaren birzentralizazioak eta interbentzionismo jarraituak autogobernuaren sistema instituzionala eragin gaitasun errealik gabe utziko duela.
Horregatik, politika alderatuaren marko diskurtsiboa eman dezakeena baino ahulagoa delakoan nago, nahiz hauteskundeotan EAJri gehiengo instituzionala bermatuko dion. Laster hogei urte beteko dira ELAk «Estatutu hau hilda dago» esan zuenetik. Marka da gero hainbeste urteren ondoren, «hala ere, Espainian baino hobeto gaude» esanaz sektore abertzale batzuk seduzitzen jarraitzea. Diskurtso hori neutralizatzeko ezinbestekoa izango da parte hartze herritarra, burujabetzaren aldarrikapena kaleratu eta alderdien eliteen blokeo gaitasuna mugatuko duen herri prozesua.
Unionismo demokratikoa ahul eta nora ezean ikusi dugu. Hauek ere Espainia plurinazionala gauzagarri ikusten omen dute jeltzaleen antzera. Politika berria deitu den horrek gehiago du ziur aski krisiak espektatiba materialak kaltetu dizkion indibiduo prekarizatuaren erreakzio postmodernotik jendarte eraldaketarako proposamen sendotik baino. Mobilizazio gaitasunik gabe, proposamen lausoekin eta Espainia demokratizatuko den esperantza gero eta urrunagoari besarkatuta ageri dira. Beraien alde dituzte euskal politikak bizi duen hispanozentrismoa eta azken urteetan bereziki indartu den sare mediatiko espainolaren nagusitasuna.
EH Bilduk kanpaina sendoa egin duelakoan nago. Jauzi bat eman du premia gehien zuenean. Batetik proposamen politikoa berriztu du, hurrengo legegintzaldiaren koordenadak marraztu dituena eta jendartearen sektore zabalekin konektatzeko potentziala izan dezakeena. Bestetik diskurtsoa findu du burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren uztarketa erdigunera ekarriz. Eta gainera tripulaziora kide berriak gehitu ditu, proiektuari arnas berria eta freskotasuna emanez. Eskertu behar zaio, gainera, eztabaida politikoaren maila igotzeko ahalegina, herri ikuspegia lehenestekoa eta politika-espektakuluaren parametroetatik ihes egitekoa.
Bide luzea du aurretik ordea. Bizikleta estatikoan kilometro gehiegi egin dituen herri hau martxan jarriko bada, ezkerreko independentismoa erabakigarria izan behar baita, eta, beraz, proiektu argia izateaz gain, tresna eraginkorrak behar baititu. Biharko emaitzek ate batzuk ireki ala itxi ditzakete. Edozein kasutan azken hiru hilabeteotan urratutako bidetik aurrera egiten asmatu beharko du. •

