Ramon Sola

«Euskal oasian» aurrera egiteko egarririk ez

Arriagako Espiritua deitu zitzaion «Espainian eroso bizitzearen alde» EAJk 1988an egindako apustuari. Agian izen bat asmatu beharko litzateke 28 urte geroago jende askok «EAJrekin eroso-edo bizitzearen alde» hauteskundeetan egindako hautua deskribatzeko. Azken hiru hamarkadotan zerbait frogatu baldin bada, Arriagako hura ameskeria hutsa zela izan da, hau da, Espainian ez dagoela eroso bizitzerik. Baina antza mito faltsu hori ordezkatzera etorri den «euskal oasiaren» irudia liluragarria da; ia 400.000 boto-emailek behintzat sinetsi egin dute. Akaso Euskal Oasiaren Espiritua izenda genezake?

Analisi politikoak egiterakoan, ezinbestean erakunde, alderdi zein ordezkari politikoengan pausatu ohi da begirada, baina azterketa ez da osorik geldituko tarteka gizartearen bilakaerari erreparatzen ez bazaio. Igandeko emaitzek, orokorrean hartuta, ez dute irauli handirik ekarri, are gutxiago inkestak etengabeko zabaltzearen ondorioz unean uneko indar harremana jakinarazten (ala sortzen laguntzen?) digutenetik. Baina nabarmen mugitzen ari dena ez da sektore politiko bakoitzaren pisua, gizartea bera baizik: eskuinerantz, erosotasunerantz, «egonean egonerantz». Kezkagarriagoa, dudarik gabe. EAJren arrakasta handiena hori litzateke: bere neurrirako gizartea moldatzen lagundu du, eta gero, jakina, hauteskundeetan jasotzen du saria.

Jada zortzi urte pasa dira ezker abertzalearen baitan ziklo aldaketaren beharrari buruzko hausnarketa abiatu zenetik. Orduko usteak gaurko ispiluaren aurrean jarrita, estrategia berriak ekar zitzakeen ondorio politikoak aurreikusterakoan bete-betean asmatu zela frogatzen da: indar unionistak gainbeheran jartzea, erabakitze eskubidearen aldeko indar harremana hobetzea, nazioarteko komunitatea Euskal Herrira begira kokatzea, Estatuaren borrero izaera agerian uztea… hori guztia gertatu da, gertatzen segitzen du, aukerak hor dira beraz. Baina ziklo aldaketak euskal gizartean ekarriko zituen ondorioez ez zen hainbeste hausnartu, segur aski guztiz asmaezina zelako. Gizartea bera gauza ulertezin samarra zen oraindik ere 2008-2009an, baina sare sozialen bitartez «biluzi» dizkigu gero bere barrunbe guztiak: nahiak eta ilusioak, kezkak eta beldurrak, bultzadak, interesak... Eta, egiari zor, dohainak baino, aurretik ezkutatzen zituen miseriak agertu zaizkigu. Euskal gizartearen moteltze-gelditze-pobretze hori ez da bakarrik euskal auzi ohikoetan frogatzen. Tamalez, azken urteotan ez dira gutxi izan betiko errebeldia espiritua azalaraztea eskatzen zuten kausak, 2014ko Gazako bonbardaketatik egungo errefuxiatuen krisira, eguneroko etxegabetzeak edota asteroko lantegi itxierak ahaztu gabe. Baina ez da azaleratu, edo oso apal.

Maiz aipatu da azken boladan hori ETArik gabeko agertoki berriaren ondorio logikoa zela, nolabait euskal gizarteak atsedenalditxoa hartu izan balu bezala. Denbora pasa ahala sinesgarritasuna galtzen du azalpenak, inoiz izan badu. Arrazoizkoagoa da bilakaera hori gure inguruan, Europan, ematen ari denaren parekotzat hartzea. Adibide bat: Suitzan bi galdeketa mamitsu egin berri dituzte. Bata, berdintasunaren izenean herritar guztiei gutxieneko errenta bermatu behar zitzaien ala ez erabakitzeko; ezetza nagusitu da. Eta bestea, segurtasunaren izenean herritarren telefono eta Internet bidezko komunikazioak espiatzeko aukerak zabaltzeko; baietz erantzun dute. Gutako askok esango luke euskal gizartea ez dela horrelakoa, eta bi adibideotan justu kontrakoa bozkatuko lukeela. Igandeko emaitzak eskutan, seguru?

Beldurra beste aldera pasatzen ikusteko zorian ginela iragarri zutenek ez dute asmatu. «Euskal oasian» behintzat beldurrak irabazi ditu hauteskundeak, aurrera egiteko beldurrak. EH Bilduk ausardiaz eta irudimenez berraktibatu du bere burua, bikain, baina erronka zailagoa jarri diote aurrean emaitzek: euskal gizartea berrabiatzen laguntzea, Europako korrontearen kontra eta Sabin Etxetik aireratzen diren sirena kantuei aurre eginez. •