FARC-EK ALDERDI BAT SORTUKO DU KOLONBIA BERRIA ERAIKITZEKO
«Herrialdearen berradiskidetzeak ez du uzten ez irabazlerik ez galtzailerik. Kolonbiak irabazi du. Kontinenteak irabazi du. Bakeak guztiok besarka gaitzala. Amaitu da gerra», esan zuen Ivan Marquez FARCeko buruzagiak. Hona hemen oihanean bizitakoaren kronika moduko bat.

FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek beren hamargarren kongresuaren ondoren sortuko duten alderdi politiko berrian kargurik ez du izan nahi Martak. Bere burua gehiago ikusten du nekazaritza eremuko odontologia klinikaren batean lanean, «Kolonbian dauden pobre guztiak zaintzeko aukera izango dudan leku baten».
Martak 24 egin ditu dagoeneko FARCen borrokan. Gerrilla barruan zegoela jaso ahal izan zuen odontologia prestakuntza. Beste gerrillariak zaintzen ditu gaur egun. Agian horrexegatik bera hautatu zuten Ekialdeko Blokeko 40. Fronteko ordezkari, Konferentzia Nazional Gerrillariari begira. Konferentzia hartan borrokalariek bat egin zuten bake akordioekin, joan den astelehenean sinatu zuten dokumentuarekin alegia. Testu horretan marrazten da FARCen bukaera, erakunde politiko-militar moduan bederen. Timoleon Jimenez Timochenko FARCeko buruaren esanetan, «gerrilla legezko jarduera politikoa egitera pasako da, eta horretarako alderdi politiko berria sortu behar du».
Aro zaharreko azken konferentzia izan da hamargarrena. Lehen aldiz FARCek hedabideak gonbidatu zituen eta mundu osotik etorritako 350en bat medioetako kazetariek ekitaldiaren berri eman zuten. Gainera, hedabideetako langileek gerrillarien kanpalekuetan bizitzeko aukera izan zuten, haiekin bazkaldu eta dantza egitekoa, beraien istorioak entzutekoa eta, batez ere, aurrera begira egiten dituzten hausnarketak konpartitzekoa. «Estatuak herritarrari osasuna, hezkuntza eta etxebizitza bermatzea da bakea», adierazi digu Jaime Garciak. Berak 21 urte daramatza FARCen borrokan eta erakundeko Estatu Nagusira ere iritsi zen: «Geure buruzagiek esaten duten tokian lan egiteko prest gaude, baina aukeraketa egitea tokatuz gero, enpresa administrazioko ikasketak egin eta alderdiarentzat lan egitea gustatuko litzaidake».
Aro berriari begira gerrillariek dituzten asmoak oso ezberdinak dira. Batzuek alderdi politiko berrian karguren bat izan nahiko lukete, baina beste askok nahiago dute ikasketak egin edo nekazaritza lanetan aritzea. Eta batek baino gehiagok oraindik ez du erabakirik hartu. Ez da harritzekoa, horrenbeste urte gerrillan borrokan egin ondoren, beren burua bizitza zibilean sartuta imajinatzea ere kostatu egiten zaie-eta.
Bake akordioak indarrean jartzen direnetik aurrera, gerrillariek sei hilabete egin beharko dituzte hogei kontzentrazio eremutan eta zazpi kanpalekutan, eta tarte horretan beren armak entregatuko dituzte. Hortik aurrera eta bi urtez gutxieneko soldataren %90eko soldata jasoko dute. Gainera, jarduera ekonomikorako proiekturen bat aurkezten badute, finantzaketa ere izango dute.
Noiz jarriko dira indarrean akordioak? Data ugari aipatu izan da. Alde batetik, joan den astelehena markatu izan da (akordioen sinadura ekitaldia), eta, bestetik, biharko erreferenduma. Hala ere, FARCekoek beste egun bat ere aipatu izan dute: Amnistia Legea Parlamentuan onartzen denean. Edonola ere, biharko erreferendumean baiezkoak irabaztea ezinbesteko baldintza da prozesuak aurrera egin dezan. Gauzak okertzen ez badira, Euskal Herrira udaberria itzultzen denean, FARCekoek alderdi berriaren kongresu eratzailea egingo dute, 2018an egingo diren hauteskunde presidentzialetan esku hartzeko moduan.

1985eko aurrekaria
FARC gerrillak lehen ere egin izan ditu armak atzean utzi, bizitza zibilean sartu eta alderdi berri bat sortzeko ahaleginak. 1985ean, esaterako, Belisario Betancourt presidente ohiak bultzatu zituen “Uribeko elkarrizketen” ondoren. Orduan gerrilla marxistak Union Patriotica eratu zuen, baina hurrengo urteetan alderdi berriko milaka kide erail zituzten, horien artean udaletako hamaika presidente eta hauteskunde presidentzialetara aurkeztutako bi hautagai. Horren harira orain hamabost egun Santosen Gobernuak onartu zuen Union Patriotica alderdiko kideak babesteko garaian Estatuak ez zuela «ahal zuen guztia egin». Ez al da oraingo ahaleginean gauza bera gertatuko? «Gertatutakoa berriz ez errepikatzeko akordio politikoa da sinatutakoa. Horren arabera, FARCek armak uzteko konpromisoa hartzen du, eta, agintariek, gerrillak sortuko duen alderdiaren jarduera babestekoa. Gainera, Gobernuak agindu du paramilitarren fenomenoa desegiteko unitate berezi bat sortuko duela», esplikatu dio GAUR8ri Diego Martinez Habanako negoziazioetan FARCen aholkulari izan den kideak: «Sinatutako ituna herrialdea demokratizatzeko akordioa da. Politikaren gramatika berri bat eraikitzen dute akordioek: Cartagena de Indias hirian irailaren 26an sinatutako testuaren %10ak baino ez du zerikusirik FARCek izango dituen onurekin, gainerako %90a Estatuak Kolonbiako herritarrekin duen zorrarekin lotuta baitago».
Izan ere, bake akordioen arabera, familia-nekazaritza indartzeko asmoarekin lur asko banatzeko konpromisoa hartu du Gobernuak. Nabarmentzeko moduko fruitua da, batez ere Kolonbiako gerrillak borroka asko egin baitu nekazaritza erreformaren alde.
Edonola ere, bake itunek ez dute aldatzen Kolonbian nagusi den eredu neoliberala, baliabide naturalak lurpetik ateratzea oinarri duen eredua. «Gobernuak oso garbi utzi zuen hori Habanako negoziazioak hasi ziren unetik: eredu ekonomikoa ez da eztabaidatuko. Bake akordioa posible izan da Gobernuak bere lokomotor kapitalista garatu nahi duelako, eta, nekazaritza eremuetan negozioa egiteko, bertan dauden gerrillariak atera behar ditu», esan dio GAUR8ri Leonardo Ilich Rojasek. Bera ere gerrillaria izan zen garun tumore batek borroka armatua uztera behartu zuen arte.
Gerrillaren krimenak
Bere 52 urteko ibilbide armatuaren eraginez, askotan salatu izan da FARCek gizateriaren aurkako krimenak egin izana: sarraskiak, bortxaketak, desagertzeak… Habanako negoziazio mahaian gerrillariek beren biktimekin hitz egin beharra izan zuten. Beren istorio eta saminaren berri jaso zuten, aurpegira begiratuz. Lau urteko negoziazioen ondoren, gerrilla bere krimenengatik barkamena eskatzen hasia da. Gainera, FARCek onartu zuen Bakerako Jurisdikzio Berezia: beren krimenak onartzen dituzten gerrillariei zigor alternatiboak eta erreparazio egitasmoak ezarriko zaizkie.
Hego Amerikako herrialdeko gerrak 220.000 hildako eragin ditu. Borroken ondorioz, sei milioi herritarrek ihes egin behar izan dute etxetik eta horrexegatik Kolonbia da mundu osoan iheslari gehien dituen herrialdea. Mina gehien dituen bigarren herrialdea ere bada, Afganistan baita txapelduna sailkapen horretan. Biktima ugari dago Kolonbian: gerrillen biktimak, paramilitarrenak eta Armadaren eta Poliziaren indarkeriaren biktimak. Guztiek izango dute Jurisdikzio Berezira jotzeko aukera, egia, justizia, egindako kaltearen ordaina eta krimenok ez errepikatzeko bermea jasotzeko. «Herrialdearen berradiskidetzeak ez du uzten ez irabazlerik ez galtzailerik. Kolonbiak irabazi du. Kontinenteak irabazi du. Bakeak guztiok besarka gaitzala. Amaitu da gerra», esan zuen Ivan Marquez gerrillarien negoziazio taldeko buruak.
Kolonbiako Gobernuak onartu behar izan du militarki gerrillari irabaztea ezinezkoa zela. FARCen indarrak ahulduta bazeuden ere, Kolonbia eta Patriota planen erasoek ez zuten lortu gerrilla ezabatzea. Aipatu bi planok AEBetako Gobernuak ordaindu zituen Kolonbiako erakunde marxistari amaiera eman nahian.
Beste aldean, gerrillariek onartu behar izan zuten 500.000 soldadu dituen Armada bat garaitzea eta agintea hartzea oso zaila dela. Beraz, Gobernuak bizitza politikoan sartzeko aukera eman zienean, Parlamentuan bi agintalditan hamar jarleku (bost, ganbera bakoitzean) izango dituztela bermatuz, onartzea erabaki zuten, seguru asko Venezuelako esperientzia kontuan hartuta, ondoko herrialdean ikusi baita hauteskundeen bitartez sozialismora hurbiltzea posible dela.
«Geure buruetan beti egon da konponbide politikoaren aukera. Horregatik esan daiteke bakea dela garaipenik ederrena», esan zuen Timochenkok X. Konferentzia itxi zuen ekitaldian.
Propio eraikitako agertoki erraldoian makina bat kontzertu eta kultura jarduera egin zen aste osoan zehar, nahiz eta Yariko sabana bazter guztietatik urruti dagoen. FARCeko Estatu Nagusi Zentralak ez armarik ez uniformerik ez zuen erakutsi bere erabakiaren berri eman zuenean: kamiseta zuriak eta ekitaldirako prestatutako logotipoa baino ez zituzten azaldu. Zuzendaritzako kideen aurrean, 2.000 gerrillari inguru, gizonezkoak zein emakumezkoak, arreta handiz esaten zen guztia jarraitzen. Beraiek ere armarik gabe, kanpalekuetan utzi baitzituzten.
Timochenkok agindu du FARCek beteko dituela bake akordioetan ageri diren konpromisoak eta gatazkan izandako ardura onartzeko gauza izango direla. «Gobernuak ere beste horrenbeste egiten badu, Kolonbiako gizon eta emakumeen bizitza, batez ere nekazaritza eremuetakoak, erabat aldatuko da. Beren eskariei jaramon egin diezaieten kolonbiarrek armak gehiago hartu beharrik ez izatea nahi genuke», adierazi zuen gerrillarien buruzagiak, ilunabarrak agertokirik onenaren irudia eskaintzen zuela. Trumoi batek euria iragarri zuen.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
