Haurrek haurrentzako egindako proposamena Arrizuriaga parkean
Francesco Tonucci psikopedagogo eta pentsalari italiarrak esaten du haurren neurriko hiria denon neurriko hiria dela. Bergarako Airez taldea ados dago, eta Kilometroak jaiari begira horixe jarri du helmuga: galde diezaiegun haurrei zer-nolako parkea nahi duten eta egin dezagun. Emaitza bihar ikusiko da «Haurren basoa» deiturikoan.

Aranzadi ikastolaren bueltan eta Bergara guztian aztoratuta izango dira honezkero, iritsi baita Kilometroak, urriak bigarren eguna beteko baitu bihar. Jaialdi erraldoiak hori izaten dira hasieran; egutegian gorriz markatutako data bat, bilera bat eta beste bat, lantaldeak han eta lantaldeak hemen, helburuak, erronkak, eginbeharrak... Azkenerako, eta hitzordua bera oso garrantzitsua den arren, bitarteko bideak sekulako pisua hartzen du, herria egiten eta herria josten baita bidean.
Bihar Bergaran ospatuko den Kilometroak 2016 jaialdiak hainbat helburu ditu. Aranzadi ikastolarentzako errekurtsoak lortzea da helburuetako bat, baina baditu beste erronka zenbait, «herritarrak hasieratik bukaerara inplikatzea eta haiek parte hartzea», kasu. Eta erronka horretatik sortu da, hain justu, Blai-blai prozesua, biharko jaialdian presentzia berezia izango duena.
Prozesu horren bultzatzailea Airez taldea izan da –Sara Martinez, Xabi Luke, Maite Arantzabal eta Nerea Madariaga– eta proiektua piztu duen txispa Francesco Tonucci psikopedagogo, pentsalari eta marrazkilari italiarraren proposamena izan da. Tonuccik «haurren hiria» eraikitzeko proposamena luzatzen du, haurren ikuspuntutik eraikitako hiria; eskoletan eta ludoteketan preso egon gabe, herriko eta hiriko kaleetan eroso eta libre ibil daitezen.
Airez taldeko Nerea Madariagaren hitzetan, «argi dago azken hamarkadetan egin diren eraldaketa guztietan haurrak ahaztuak izan direla. Guk honako hau esaten dugu: har ditzagun haurrak, jar ditzagun erdian, eta has gaitezen eraldatzen hiria beren ikuspuntutik. Izan ere, haurrentzako egokia den hiri bat edozeinentzako egokia izango da. Haurren beharrak asetzen dituen herri edo hiri bat edozeinen beharrak asetzeko modukoa da».
Berez Airez taldearen proposamena urteko egun guztiei begirakoa da. Baina Kilometroak aukera paregabea iruditu zaie proiektu propio bat bideratu eta martxan jartzeko.
Helmuga: Kilometroak jaiaren baitan haurrentzako gune bat diseinatu eta sortzea, parte hartze bidez eta protagonistak haurrak direla. Bidea: hilabeteetan luzatu den prozesua, haurren, gurasoen, hezitzaileen eta gainontzeko herritarren iritziak jaso eta, guztien parte hartzearekin, paperetik errealitatera pasatu dituena.
Fase desberdinak
Madariagak azaldu duenez, prozesuak fase desberdinak izan ditu. «Lehen fasean diagnostikoa egin dugu. Horretarako ikastolako haurrekin elkartu gara, bost urtekoekin eta Lehen Hezkuntzako hirugarren mailakoekin, zehazki. Horrez gain, gurasoekin eta ikastolatik kanpoko aisialdi talde batekin ere elkartu gara. Eta foro herritar bat ere zabaldu dugu, guztien iritziak jasotzeko eta diagnostiko osoagoa egiteko».
Prozesu interesgarria izan omen da. «Haurrak harrituta bezala geratzen dira beren iritzia jakin nahi duzula esatean. Ez daude ohituta. Egia esan oso polita izan da, eta, haiek esandakoa serio hartzen dugula konturatzean, gero eta gehiago inplikatu dira proiektuan. Gainera, haurren proposamenak sekulakoak izan dira. Irudimen izugarria daukate haurrek eta denetarik eskatzen dute. Gauza batzuk egingarriak eta beste batzuk ez. Baina bueltak eman eta eman, adostasun batera iritsi gara», segitu du Madariagak. Hain justu haurrekin egindako saio baten ondoren hitz egin du GAUR8rekin, azken egunotan josi baitituzte azken detaileak.
Eta zer eskatzen dute haurrek? «Adibidez, txirrista handi batetik jaitsi eta bukaeran lokatzetara erortzea. Edo hondarrarekin ere gauza asko eskatzen dituzte. Orokorrean, zikintzea asko gustatzen zaie», esan du Madariagak. Eta, gurasoek, zer eskatzen dute? «Gurasoek batez ere jolas dinamikoak eskatzen dituzte, haurrak zain egon beharra ez izateko eta ilarak ez sortzeko».
Behin batzuek eta besteek zer nahi duten jasota, bigarren fasean sartu zen proiektua: jasotako ideietatik proposamen zehatzak egiteko fasea. Proposamen guztien artean aukeraketa bat egin da, bukaerako diseinura gerturatzeko. «Azken hitza haurrena izan da. Haurrekin osatu dugu aukeraketa hori».
Eta hirugarren fasea diseinua errealitate egitea izan da. Eta horretan aritu dira azken egunotan; Bergarako haurren nahiak, saltoak, ametsak, txilinbueltak, dantzak, akrobaziak, egonaldiak kabitzeko moduko parke bat eraikitzen. Kilometroak egunerako parke bat izango da, egun baterako proiektua, baina bidean ikasi dutena urrutirago iritsiko da. «Azken fase hau haurrek egin dute. Apaingarriak, muntaia, diseinua... beren proposamenetatik sortutako proiektua beraiek egin dute».
Emaitza bihar ikusiko da, Bergarako Arrizuriaga parkean, “Haurren basoa” deitu duten horretan. «Denetarik egongo da; tirolinak, enborlandia, labirintoa, margotzeko guneak, herri-kirolak eta, nagusiki, sormena lantzen laguntzen duten jolas libreak. Eta protagonistak haurrak izango dira. Jende heldua egongo da laguntzeko, baina gune guztiz irekia eta librea izango da. Arrizuriaga parkea gune oso lasaian dago, gune berde ederra da, zuhaitz asko dituena. Toki aproposa da», azaldu du Madariagak.
Kilometroak, esan bezala, ez da egun bat izaten, ikastolak eta herriak eskutik emanda egiten duten bidea baizik. Bergaran asko ikasi dute Blai-blai prozesuarekin. Haurrek ikasi dute entzunak izan daitezkeela eta helduek ikasi dute haurrak entzuten. Madariagaren hitzetan, emaitza ederra izan da, «parte hartu duten haurrentzat ez da ‘Haurren basoa’, ‘gure parkea’ baizik».

«Bergaran guztia prest dago kilometroak jai arrakastatsua egiteko»
Urriko lehen igandearekin dator Kilometroak. Aurten, Bergarara. Aranzadi ikastolak hartu du jaiaren ardura bere 45. urteurrenean, eta beste urte mordo baterako indarrak batzeko helburuz. Asteon antolatzaileek nabarmendu dutenez, «Bergaran guztia prest dago Kilometroak jai arrakastatsua egiteko».
Jaia handia da, eta atzetik dagoen lana tamaina berekoa. Hartara, 1.500 boluntariotik gora ibiliko dira lanean. Bergararrak ez ezik, Gipuzkoako gainontzeko herrietakoak ere gerturatuko dira boluntario lanera. Antolatzaileek nabarmendu duten bezala, «Kilometroak auzolan handi bat» baita.
Zirkuituari dagokionez, ia bost kilometro ditu eta oso urbanoa da. Gainera, Aspacerekin egin duten lanari esker, gurpildun aulkian ere egiteko modukoa izango da. Horrez gain, Bergarako Udalak zirkuitu alternatibo bat osatu du, mendi bide aldapatsuagoa, Bergara goitik ezagutzeko aukera ematen duena.
Bergarara heltzeko antolatzaileek zerbitzu publikoa erabiltzeko aholkatzen dute, lineako edo antolatutako autobusak. Lineako autobus zerbitzuak indartu egingo dituzte egun horretarako (www.pesa.net webgunean zehatzago). Jaiaren inguruko informazio osoa, www.kilometroak.eus webgunean.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
