Ikusezina
Uda aurreko eguerdi batean kalean aho betez abesten ari zen norbait entzun nuen etxetik eta nire arreta deitu zuen erabat. Zur eta lur utzi ninduen, ez horrenbeste ahotsaren tonuak, baizik eta jarritako ahaleginak eta urrunera transmititzen zuen gogo sutsu eta askeak. Ni bezala bizilagun gehiago ere irten ziren leihora harridura eta jakin-minez, baina inork ez genuen abeslaria ikusi, ezta nor zen antzeman ere.
Gertaera zenbait egunetan errepikatu zen, baina emaitza bera izan zen eta ez nuen egilea “harrapatu”. Hurrengo eguerdietan adi jarraitu nuen badaezpada abeslari ezezaguna berriro noiz entzungo zain, baina nire etxe eta belarrietara hurbildutako doinu bakarrak –bertakoak izan ezik– bizilagun baten ohiko Frantziako punk taldeen doinuak, eta zenbait iluntzetan haizeak ekarritako abesbatzaren entseguetako kantuak izan ziren. Baina ez batak ez besteak ez zuten eguerdi haietan entzundakoarekin zerikusirik; desparpajoa zuen lehenak eta solemnitatea besteak, baina ez halako pasiorik. Eta ez naiz espresuki inoiz talentu bilatzailea izan, ez dut inoiz halako grinarik izan, baina ezezagun hark abesteko jartzen zuen gogoarekin liluratuta nengoen. Izan ere, luzaroan musika lehiaketa bat gidatu banuen ere, betidanik balio handiagoa eman diet agertokira igotzeko gogo eta jarrerari zein egindakoa ikusle eta entzuleei transmititzeko gaitasunari; ez horrenbeste instrumentuekin zein ahotsarekin lortutako birtuosismoari. Punkak ere asko zuen horretatik; baliabiderik gabe apenas, baina gogo sutsua eta narrua jarrita, barrenak askatzeko trebezia benetako horretatik. Eta berau, punka, jaio zen hain justu, asko eta asko naturaltasuna galduta zuten joera birtuoso eta estetiko horiekin nazkatuta zeudelako.
Abeslari gogotsua nor zen jakiterik izan gabe Olinpiar Jokoak hasi ziren Brasilen; beste kirol bati ekin behar! Polemikoak izan ziren erabat eta antolatzaile izandako herrialdean bizi diren gorabehera larrien ispilu. Baina, bestalde, betiko gisara puntako kirol ikuskizunak ikusi ahal izan genituen; gizabanakoen ahalegin eta lorpen itzelak. Eta, hori dela eta, askoren eta askoren begietan eredugarriak diren pertsonak fokupean agertu ziren behin eta berriro. Eta behin joko horiek amaituta Paralinpiar Jokoak hasi zirenean, konturatu nintzen azken horiek ez dutela urrunetik ere gizartera begira Olinpiar Jokoen sona eta distira lortzen: harmailak hutsik, telebista emisio urriak eta ikusleon interes eza. Inork ez du horretaz hitz egiten, ikusezinak dira. Ez al dituzte ba kirolari paralinpiarrek ere kristoren ahaleginak egiten? Ez al dute entrenatzen eta gogor lehiatzen? Ez al dira lorpen handiak beraienak ere? Eta, guztietatik garrantzitsuena, ez al digute gainontzeko guztioi irakaspen erraldoi bat ematen bizitzako zailtasunen aurrean erakusten duten jarrerarekin?
Azkenean aurkitu nuen nigan halako jakin-mina piztu zuen abeslaria. Etxe pareko autobus geltoki barruan zegoen jarrita, entzungailu handi batzuk jantzita, bere gustuko musikariekin batera aho betez abesten. Begiak itxita zituen eta norbaitek jakinarazi behar izan zion autobus bat bertan irtetear zela. Mutilak eskerrak eman zizkion begiradaz, baina ez zuen autobus hura hartzeko inongo asmorik erakutsi. Agian ez zuen unean bizitzen ari zena ezergatik aldatu nahi, agian bizitzan ondotik pasatzen diren autobusek –galdu ezin ditugunak eta askoren ustetan aurrera egiteko hartu beharrekoak– ez zeuden bere bizi izateko lehentasunen artean. Eta oso argi dut mutil horri ez ziola loa kenduko geltokian denbora laburrean zain zeudenak zein ingurutik pasatzen zirenak berari begira aho bete hortz gelditu izanak. Gizarte zati handi baten kontrara, mutilak ez zuen jendearen begirada, aurreiritzi eta usteen pisua, zama, bizkar gainean hartzeko asmorik. Askea zen behintzat zentzu horretan, eta zoriontsua ere bai esango nuke. Horregatik, jarriko nuke nik fokua bere gainean, berarengandik ikasteko asko dugulako, benetan pertsona eredugarria delako. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
