Iñigo, pentsatzeko txokora
Amaierarik gabeko kiribilean sartuta gaudela ematen du: hauteskunde aurreko zurrunbilotik hauteskunde egunera eta ondoko eztabaida, analisi eta deklarazioetara. Zalantzarik gabe, hautetsontziekin zita gehiegi izan ditugu jarraian, eta, hala, nekea eta asperdura nabariak dira gizartearengan. Izan ere, benetako politika, politika instituzionalaz ari naiz, boto gehiago lortzeko lasterketa baino askoz gehiago da, eta karrera etengabean gabiltzala ematen du.
Egia da ere hauteskunde garaian botatzen diren hitzak, promesak, ahaztu egiten direla egunak joan ahala. Hala ere, Iñigo Urkulluk (Euskal Herriko zazpi probintzietako hirutako lehendakari jauna) esandako batzuk ezin burutik kendu nabil, elektoralismo hutsetik harago daudela iruditzen zaidalako. Espresiorik gabeko aurpegiarekin esandakoak (esaten duen oro bezala, bakoitzak dituen gaitasunak onartu egin behar dira, hara). Ezagutza benetakoa duen aditu bezala esan zuen ez dela «berdina pertsona bat galdeketetan zutunik egotera behartzea eta poltsa edo elektrodoak bezalako metodoak erabiltzea». Hara, Iñigo, ze galdeketa? Abokatu gabe burutzen diren horiek? Non daude galdeketa horien akta edo grabaketak? Baina… abokatu gabeko galdeketarik ezin ei da burutu… edo bai?
Goazen oraingoz alde batera uztera galdera erretorikoak eta Jaurlaritzak berak zuzendutako ikerketa zientifikoan Ertzaintzak torturatutako 311 euskal herritarren testigantzak. Oraingoz. Deigarria den lehen elementua Urkullu jaunak polizia bakoitzak erabilitako tortura metodoen gainean duen ezagutza da (ezin zen bestela izan, eta argi dago ez dela Torturaren Aurkako Taldearen urteko txostenak irakurri dituelako). Egia da, metodoen artean aldeak daude. Baina onartezineko fribolitatea iruditzen zait tortura bat bestea baino «arinagoa» dela esatea, tortura metodoak graduatzea. Ertzaintzak erabilitako metodoak umeak zigortzeko «pentsatzeko txokora» eramatearen pareko bailiran, egindako gaiztakeriez hausnartzera. Argi dago inoiz ez diola Arkauten bost eguneko infernua pasatu ondoren torturatu bati begietara begiratu (zer pasatu duen ez dakiela ez nabil esaten, noski). Infantilizatu egiten ditu torturatuak. Eta jakin badaki metodoak ezberdinak direla; ondo dakite pertsonak marka fisikorik utzi gabe errotik apurtzera eta sinesgaitzak diren aitorpenak sinatzera eraman dituzten metodoak direla. Seguru naiz, gainera, “profesional” horiek trebatzeko formakuntza ikastaroak (tortura gaietan mundu mailan adituenak diren gorputz polizialen eskutik) ederto ordaindu zituztela. Tortura gauza serioa da, Iñigo. Nazkatuta nago “hemen gauzak hobeto egiten dira” diskurtsoarekin. Hemen hobeto torturatzen da, Iñigo?
Eta hautetsontziekin zita pasatu ondoren, EAEn gehiengoa lortu duen alderdiak berriro ere bere betiko maitalearengana jo du gobernua osatzeko, PSE, une honetan sukurtsal horren egoitza zentralean, Ferrazen, sekulako hondamendia ematen ari denean. Inoiz demokraziarik egon bada, gaur egun ematen ari den deskonposizio muturreko dimentsio publikoa hartzen ari da. Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak bisita egiten dio Estatu espainiarrari aurten. Berdin dio, hemen ez da ezer gertatzen, Urkulluren alderdiaren aspaldiko laguna (#papapa garairik gogorrenetan ere bai) den Felipe Gonzalezek lotsagabe onartzen duenean (inork benetan sinisten du lapsus bat izan zela?) «egin zutenarekin ere» EAEn Sanchezek baino boto gehiago lortu zituztela: pa (izutu), pa (apurtu), pa (erail).
Kiratsa dario. Ez egin zutenari eta gaur egun ere egiten dutenari, baizik eta inpunitate osoa adierazten duen lotsagabekeriari. Bagoaz, joan beharra daukagu. Lehenbailehen, Urkullu jauna, joan zaitez pentsatzeko txokora: ez esan hobeto gaudela edota hobeto torturatzen dela hemen. Formak hobeto mantentzen ditugulako. Estatu honi kiratsa dario alde guztietatik. •

