Ibai Gandiaga Perez de Albeniz
Arkitektoa

Kukutza, bost urte eta gero

Badira bost urte Kukutza izeneko hirugarren gaztetxea eraitsi zutenetik. Bost urte jabego pribatuaren eskubide sakratuari men eginez auzoko, Bilbo hiriko, probintziako zein Euskal Herri osoko erreferente kultural bat itxi zutenetik. Bost urte igaro dira gizartean ika-mika garratza piztu zenetik, kaleratzean Ertzaintzak erabilitako indarraren neurrigabekotasunak suaren garrak harrotu zituenetik. Eta, bost urte eta gero, gaztetxea zegoen orubean sastrakak eta zaborra besterik ez dago.

Nago bost urte ondoren garaia izango ez ote den perspektiba aldatzeko, aitortzeko, aferaren berehalakotasunari baino (jabego pribatua vs interes orokorra, hierarkia vs autogestioa, kapitala vs autonomia), galdutako aukerari buruz hausnartzeko momentua heldu dela.

Euskal Herrian hamaika gaztetxe eta zentro okupatu egon dira, lege, araudi eta politiken zirrikituen itzalera sortuak, baina, era berean, gerizpe horien kapritxoen menpekoak; horrela ba, adin nagusiko proiektu gutxi topa daitezke, adibidez Gasteizko Alde Zaharreko gaztetxea, Tolosaldeko Bonberenea etxe okupatua edo Azkoitiko Matadeixe.

Kukutzaren eraispenak, sinbolikoki, sistematik kanpo hegan egiten zuten azpiegitura kulturalen hondamendia ekarri zuen Bilbon, bidea emanez Azkuna Zentroari eta Zorrotzaurreko plangintza urbanistikoaren irudia zuritzen zituzten beste ekimenei. Ekimen pribatuak diru laguntzekin sustatzeko eredua inposatu bada ere, nolabait, logika horri erantzuten ez dioten kanpoko proiektuentzako aukera txikiak daude egun.

Baina ez dezadan atzera begiratu, aurrera baizik. Ez nator iraganaren berrikuste bat gauzatzera, etorkizunerako ikasgai bat azpimarratzera baizik: hirian sortzen diren indarrak ezin dira diru laguntzekin kotatu, hiri dinamikak ezin dira bulegoetan planifikatu. Gaur egun Kultura Industrietarako Bilboko Udaleko erantzulea den eta Kukutza garaian Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapenerako zuzendaria zen Mikel Toralek, modu egokian adierazi zuen honakoa eraispenaren auziaren harira: «Botere publikoen eta gizartearen arteko botere-tentsioen aurrean, hiriaren eraikuntzaz ari garenean, akordioak kaleratzeak baino emankorragoak izan ohi dira».

Akaso batzuek ikasgaia ikasiko zuten, auskalo. Jarrera aldaketa Karmelo ikastolan, Bilboko Santutxu auzoan, egiaztatu beharko da. Barrutiko beste kokaleku batera igaro ondoren, eraikinak bi urte eman zituen itxita, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Udalari jabegoa pasa eta gero. Auzoko gazteek, behar latza izanik (Santutxu, Bolueta eta Begoña batzen dituen barrutiak izugarrizko biztanleria dentsitatea du, kilometro koadroko 23.000 biztanle baino gehiagorekin), eraikina okupatzea erabaki zuten, epe motzean auzoarentzako era guztietako ikastaroak eta ekimenak programatuz.

Ondo ikasita datoz Karmeloko kideak, jakin baitakite auzoaren beharra dutela okupazioari zentzua emateko. Kukutzaren kasuan, zilegitasuna ez zen tokian gauzatutako programazioaren kalitatearen ondorio; latza izango zen diru publikoz betetako Alondegiari edo BBK Live bezalako ekimenei aurre egitea «kalitateari» dagokionez. Ez, zilegitasuna, duintasuna, programazio horren zergatiaren ondorio zen. Auzoak behar zituelako egiten ziren gauzak.

Esan bezala, Kukutzaren kasuan bidegabekeria bat egin zen edo ez perspektiba kontua izan daiteke, baina momentuan botere publikoek interes orokorraren alde egin ez zutela onartu beharra dago, eta, bide batez, oso gutxitan sortzen diren dinamika sortzaileetako bat galdu zela. Orain, Errekaldeberri Auzo Elkartea udaletxearen aurrean orubea Cavisa promotoreari desjabetzeko eskatzen ari da –«eraikitzeko beharra» denbora honetan ez baitu bete promotoreak–, eta auzotarrentzat babes ofizialeko etxebizitzak eskatzen dituzte. Zer eskatuko dute ba, asmoak, ametsak eta pertsonen indarrak ezin baitira tasatu, ezta hola edo hala berreskuratu ere. •