Proposamen bat
Bere oroitzapen liburuan Pio Barojak dio euskaldunok motzak garela balentriaren bat egin eta hura esaldi batekin borobiltzen. Wellingtonek Waterloon, Dantonek Parisko Asanbladan eta Nelsonek Trafalgarko batailaren ondoren esandakoak aipatzen ditu eta Elkanoz oroitzen da, munduari itzulia eman eta lehorreratzean ez baitzuen ezer txukunik esan edo Lope de Agirrez, Hego Amerika erdia konkistatu eta Espainiako erregearen kontra altxatu zelarik ere, ez baitzuen gogoratzeko moduko esaldirik utzi. Barojak dio euskaldunak «arraza mutu bat» izan garela.
«Lehen izango ginen», nioen nirekiko azken bi aste hauetan hautagaien jardunari erreparatuta. «Ez naiz ezkerrekoa, ez naiz eskuinekoa, ez naiz feminista, gizaki bat naiz» famatuarekin hasi nintzen zerrenda egiten eta koaderno laurdena bete nuen.
Esaldiak bakarrik ez, proposamen landuak aletzen hasi ziren EH Bildukoak: langabezia, bazterkeria soziala edo gatazkaren ondorioak desagerrarazi edo erabakitzeko eskubidea bideratzeko zorian ginela ematen zuen. Euskal kultura salbatu behar denik ez zuen inork aipatzen, baina Administrazioan 40.000 lanpostu berri sortu nahi zituztela esan zutenean garaia zela pentsatu nuen nik nire proposamena kaleratzeko. Berandu nabil, epez kanpo, baina hurrengo kanpainarako balioko duelakoan, nik Administrazioko kultur langileen soldata erdia eskatzen dut sortzaileentzat.
Agertuko dut argiago: hogei urteotan izugarri ugaldu da kultura arloko profesional gremioa. Udaletxe txikienak dauka bere kultura teknikaria, museorik txikienak ditu pare bat langile ekitaldiak antolatzen, enpresa andana sortu da jaialdiak eratzeko. Horrek halako hipertrofia kultural bat ekarri du. Egunkarietako kultura agendak gainezka daude. Ez da munduan egongo metro koadroko hainbeste jaialdi, kontzertu, erakusketa, emanaldi eta hitzaldi dituen herrialderik. Baina, sorkuntzan ari diren musikari, antzezle, bertsolari, animatzaile eta artista plastikoek bazterreko kolektibo bat osatzen dute, salbuespenak salbuespen.
Ez dakit bidea euren lan arloa arautzea den edo ez. Ipar Euskal Herrian “Intermittant” (Salarie Intermittant du Spectacle) sistema dute eta antzekoak dituzte Belgikan eta Luxenburgon. Beharbada, kooperatiba edo elkarteei diru laguntzak zuzenean ematea izan liteke bidea edo mezenasei kenkari fiskalak eskaintzea. Horiek arazo teknikoak dira. Nire proposamena argia da: kultur arloko sortzaile batek gutxienez kultur arloko funtzionarioaren soldata erdia irabazi beharko luke horrekin beren seme-alaben gosea saihestu ahal izateko. Ez da asko eskatzea. Badakizue: hurrengo kanpainarako. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
