Gure ziurtasunen mugak, mugagabeko ziurgabetasun
Hitzarekin berarekin hasiz, “ziurtasuna” egoera mental zehatz batekin edo proposamen baten kalitatearekin lotuta dagoela uste dut. “Ziur nago” esaten da, gero eta gutxiagotan, hori bai, ziurtasun subjektibo bat dagoela erakusteko. Edo “ziurra da” diogu, ziurtasun objektibo batekin lotuta. Ziurtasuna egiaren ahaidea da, adimenaren objektu den egiarena. Ezaguerak, jakintzak, egia jakiteak, egiaren ezagupena eskatzen duelako. Zerbait ziurra dela esatean egia dela adierazi nahi dugu. Eta, zirkulua itxiz, egia horrek sortzen digu ziurtasuna.
Ziurtasuna bestelako egoera mental batzuekin kontrajarrita dago: ezjakintasun egoerarekin, zalantza egoerarekin. Egoera mentalotan, proposamenak gertagarriak dira, probableak. Ziurtasunak, baina, zalantza baztertzen du. Ez dira bateragarriak. Jainkoaren existentzia edo arimaren hilezkortasuna ziurtasun dituztenentzat balio du horrek. Edo, igualtsu, “irabaztera kondenatuta gaude”, “sozialismoa ala hil” edo hau edo beste hori dela “bide bakar-bakarra” diotenentzat.
Gure ziurtasunak, sakonak, gupidagabeak ziren; gure normalitatean normal bizitzea zer zen ziurtzat jotzen genuen. Hori ikasi genuen, hala ohitu ginen, horrela egin ginen eta horregatik gara garena. Non da, baina, gure ziurtasunek zapaltzen zuten lur sendo hura? Non geratu da, nongo linboan, gure kategoria analitiko askoren baliagarritasuna?
Egun, ez denekin, jakina, baina ziurtasun askorekin zera gertatzen da: bi euroko egurrezko txanpon bat saltzea bezalakoak direla. Norberaren kontzientzia eta izerdiaren jabe beti, nola ez, baina, intimitatean, aho txikiarekin hala-holako zerbait aitortzen da. Begiak ixten diren abiadura berean erortzen ari dira ustez sendoak, sarritan gogor-gogorraren plantak eginez, hortzak erakutsiz, defendatu nahi ziren ziurtasun borobilak. Harri eta burdin, bene-benetakoak zirela uste genituen egia beritableak.
Baina, hain dira hauskorrak! Dena hankaz gora dagoela dirudi, den-dena dagoela buruz behera. Mundua begiratu besterik ez dago. Denak zeuden Brexitaren aurka. Laboristak, kontserbadore asko, Londresko City boteretsua, komunikabideak, eskoziarrak, irlandarrak… eta Brexita garaile. Brexitak denei tirrit! Asteon ikusi dugu Kolonbian, zinez mingarri, nazioarteko komunitate eta pronostiko guztien aurka, bake akordioen erreferendumean gertatu dena. Ez dakit pronostikorik hoberena pronostikorik ez egitea den ala ez, ez dakit AEBetako bi presidentegaien artean zein den txarra eta zein okerra. Baina, imajinatzen hasita, imajinatzen dut Trump bezalako pertsonaia bat munduko agintari boteretsuena legez, eraso nuklear bat abiatzeko kodeak eskutan. Imajinatu, imajinatzen dut heldu den udaberrian Marine Le Pen Frantziako presidentea dela. Izan ere, hainbeste azkartu da denbora historikoa! Hain gaitu aztoraturik! Hain dira gure ziurtasun eta benetako egia asko itsasoak hondarreratzen dituen hondoratutako ontzi naufragoen ohol-puskak bezalakoak, non ez dakigun goazen ala gatozen!
Faktore askok dute eragina honetan guztian. Luze joko luke horiek aletzeak eta, bestela ere, ez da hori letron funtsa. Minkidearen aitonak esango lukeen bezala, ez dagoen tokitik ateratzerik ez dagoenez, dagoenari oratu eta dagoenarekin aurrera egiteko unea da. Den bezalako errealitatetik abiatuta, ez komenientziazko lau esloganekin gustatuko litzaigukeena pintatu eta bertan gozo egotekoa. Besotik heldu eta ez dakit errealitatearekin tango bat dantzatzea dagokigun ala ez. Konformatuko nintzake zalantza-dantza xume batekin. Sikiera batzuen aspermena borrokatu, eta, denontzat beste maila politiko bat xede, nagikeria intelektuala ekuaziotik ateratzeko.
Zalantza-dantzarako deia, egia borobilen aurrean zalantzaren aldarrikapena, ez da gezurraren bertuteak goratzea, honek politikan dituen ondorioak eta eraginkortasuna ondo ezagunak diren arren. Zalantza behar da, eszeptizismo sano bat, beti-beti delako posible erori den zubia berreraikitzea. Nor egongo da hor, baina, kolapsatutako (euskal) gizarte bat, mundu bat berreraikitzeko? •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
