Juantxo EGAÑA

Jose Antonio Agirreren «zin dagit», Gernikan, gerra betean

1936ko urriaren 7an lehen euskal gobernua aldarrikatu zen Gernikako Batzarretxean. Biharamunean, “La Gaceta del Norte” egunkariak hauxe zioen ekitaldiaz: «Gernika euskal lurraren burua eta bihotza izan da berriro ere. Gure askatasunen arbola sakratuaren inguruan benetako euskal herria bildu da, hunkituta eta sutsu. Kanoikada urrunen burrunba motela Gernikaraino heltzen zela, herria agintarien ondoan bildu da, borrokarako prest eta garaipenaz zalantzarik egin gabe». 1936ko urriaren 9an, Bizkaiko prentsak ikono bihurtu den irudia jaso zuen lehen orrialdean: Jose Antonio Agirre Gernikako arbolaren aurrean lehendakari kargua zin egiten, sortu berri zen euskal gobernuko kontseilariek lagunduta. Irudian, halaber, Bizkaiko gobernadore zibil Jose Etxeberria Novoa ageri da. Egile ezezaguneko argazkia gobernu hartako Herrizaintzako kontseilari izan zen Telesforo Monzonen funtsekoa da.