«SNPrik gabe ez da bigarren independentzia erreferendumik izango, baina ezta eurekin soilik ere»
Radical Independence Campaign mugimendu ezkertiar erradikaleko kidea da Jonathon Shafi. Eskozian zabaldu den agertokiaz hitz egin du GAUR8rekin.

Ikasturtea serio, motxila etxeko lanez lepo, hasi behar izan du Eskoziako mugimendu independentistak, Brexitaren lurrikarak hala eragina. Eremu horretan aktore garrantzitsua da Radical Independence Campaign (RIC aurrerantzean) mugimendua, eta bere sortzaileetako bat da Jonathon Shafi (Glasgow, 30 urte). Iragan larunbatean egin zuen mugimenduak bere ikasturte hasierako konferentzia nazionala Glasgown, eta horren aitzakian hartu du tarte bat Shafik GAUR8ren galderei erantzuteko.
Pasa den larunbatean egin zenuten mugimenduaren konferentzia nazionala. Laburrean, azal ezazu nola joan zen berau, zer-nolako sentsazioekin amaitu zenuten...
Etorkizunak ekarriko dizkigun erronka berrien aurrean Eskoziako ezker independentistak bere posizioa berrartzeko ariketa izan zen larunbatekoa. Herrialdetik zein atzerritik etorritako ehunka lagun elkartu ginen; Estatu britainiarraren krisia aztertu eta berau testuinguruan jartzen ahalegindu ginen. Beraz, ez zen soilik independentzia zaleen elkartze bat izan; Eskoziako ezker independentistak aurrera begira garatu beharko lukeen estrategia marrazten hasteko eztabaida espazio bat zabaldu genuen.
Baiezkoaren aldeko aktore garrantzitsua izan zen RIC mugimendua 2014ko independentzia erreferendumean. Zertan geratu zen mugimendua aipatu erreferenduma galdu ostean? Zertan ibili da gaur arte?
Guztiok gogoratzen ditugu erreferendumaren aurreko egun zirraragarri haiek. Gutako askorentzat inoiz bizi izan dugun une politiko interesgarriena izan zen, aukerez lepo zabaltzen zen garaia. Eta hori guztia nabaria zen kalean, jendearen artean. Emaitza edozein izanda ere, erreferendumaren ostean mugimenduko kideak biltzeko asmoa geneukan. Bada, ezezkoak irabazi izanagatik ere, txiki geratu zitzaigun prestatua geneukan azpiegitura guztia! RIC inspirazio iturri izan da askorentzat, eta sentsazio horiek mantentzen ahalegintzea izan da gure lana ordutik gaur arte. Baina erronka handiena politikoa izan da: zein norabide hartu? Zein izan daiteke bide baliagarriena mugimenduarentzat? Zeintzuk dira gure lehentasunak? Ez da izan erantzun errazik galderontzat.
2016ko maiatzean, berriz, Holyroodeko hauteskundeak izan ziren. RISE koalizioa eratu zenuten hauteskunde erronkari aurre egiteko. Emaitzak emaitza, nolako esperientzia izan zen eta zer irakaspen jaso zenituzten?
Hauteskundeak erronka zaila izan ohi dira ezker erradikalarentzako, eta are zailago bihurtu zituen independentzia erreferendumaren ostean egin izanak; ezkerreko independentisten botoak SNPra eta Alderdi Berdera bideratu dira. Guk, nagusiki, hiru kalkulu-akats egin genituen. Batetik, gero izan zuena baino potentzial handiagoa lukeen eragile ezkertiar eta independentista bat irudikatu genuen; erreferendumaren ostean, SNPk kanalizatu zuen geureganatu nahi genuen oinarri hori. Bestetik, uste izan genuen bazela Holyrooden ezker erradikalarentzako espaziorik, baina ikusi genuen SNP, Alderdi Laborista eta Alderdi Berdearen kontua zela ezkerreko botoaren lehia. Eta, azkenik, zentzu ideologikoan borrokatu genituen hauteskundeak, hauteskundeak lehia taktikoak direla ahaztuta.
Hauteskundeetako biharamunarekin oraindik, Brexitaren erreferendumari egin behar izan zenioten aurre. Zein da RIC mugimenduak Brexitaren inguruan egiten duen irakurketa politikoa?
Iritzi ezberdinak zeuden mugimenduan Brexita zela-eta. Ondorioz, ez genuen kanpainarik egin. Shock orokorra izan zen emaitzak ezagutu osteko aroa. Baina egin dezagun azterketa sakonago bat. Europar Batasuna uztearen aldeko botoa immigrazioaren aurkako boto bezala saldu zaigu, eta ez da arrazoi faltarik horretan. Baina, era berean, establishment-aren aurkako botoa ere izan da. Immigrazioak kanalizatu du herritarrek politika neoliberalekin duten haserrea. Etxebizitza duinak falta direla? Etorkinen errua. Eskolak ikaslez lepo daudela? Etorkinen errua. Soldatak murrizten ari direla? Etorkinen errua. Horren guztiaren aurrean, arrazismoaren aurkako politikak behar ditugula aldarrikatzen dugu guk.
Uste duzu Brexitak bigarren independentzia erreferendum batera gerturatzen duela Eskozia?
Eskozia eta Ingalaterraren arteko bereizketa gero eta nabariagoa da. Gobernu tory-a, baina, bigarren independentzia erreferendumaren aukera oztopatzen ahaleginduko da. Aldiz,, Brexitaren ostean, berau deitzeko mandatu demokratikoa dauka SNPk. Brexitaren krisiak ez du herrialdea kolpatu oraino; egiten duenean, bigarren independentzia erreferendumera begirako mugimenduak emango direla espero dugu. Prest egongo gara egoera horri aurre egiteko.
Etxeko lanak egiten hasiak zarete. Talde lokalei martxa berrartzeko deia luzatu diezue. Zergatik? Zer erantzun izan du deialdiak?
Egoera politikoa errotik aldatu da Eskozian eta horretarako beharra genuela ulertu genuen. Afera independentista agertoki politikoaren erdigunean kokatu da berriro; prest egon behar dugu erronka berriari aurre egiteko, eta gure oinarriek zutik egon behar dute borrokarako. Eskozia osoan antolatzen hasiak gara.
Iragan larunbateko konferentzian sakonduz, zeintzuk izan ziren eztabaidagai nagusiak? Eta zeintzuk dira uneotan mugimenduak aurretik dituen erronka nagusiak?
Batetik, Britainia Handiaren eta Eskoziaren arteko ezberdintasunetan sakondu genuen. Ulertzen dugu Eskozian badela nahikoa osasun, ideia eta talentu Britainia Handitik irteteko. Ekonomikoki, sozialki eta politikoki egun Erresuma Batua bezala ezagutzen dugun Estatutik bereizten den alternatiba bat landu genuen. Baina agian garrantzitsuena zera da, mugimenduko kideen artean azken denboran galdu den gogo bizi hori berreskuratzeko egin genuen ahalegina. Argi daukagu SNPrik gabe ez dela bigarren independentzia erreferendumik izango, baina ardura guztia alderdi bakar baten bizkar jartzen badugu ere ez da erreferendumik izango. Berreraiki eta zabaldu egin behar dugu mugimendu independentista, eta horretan paper garrantzitsua jokatuko du Eskoziako ezker erradikalak. Gaztetze sentsazio batekin utzi zuen jendeak konferentzia; urgentziaz behar dugu 2014ko gar hori bueltan. Jakin badakigu, baina, zaila izango dela bigarren erreferendum batek argia ikusi arte masak mobilizatzea. Hori bai, bada horra bitarteko denboran egitekorik, eta horretan zentratzea dagokigu orain.
Nazioarteko parte hartzea ere izan zenuten konferentzian. Zein izan zen nazioarteko kideek eginiko ekarpena?
Zorteko izan ginen Katalunia, Frantzia, Irlanda eta Ingalaterrako parte hartzea izateaz. Gainera, Quebec, Portugal, Alemania, India eta AEBetako mugimendu ezkertiarrekin ere baditugu hartu-emanak. Krisi existentzialean dago sartua Britainia Handia eta gainbehera doan herrialdea dela nabaria da. Horrek, baina, izango ditu bere albo-kalteak ere; honek esan nahi du primerako abagunea daukagula bestelako harreman internazionalak eraikitzeko, bakean, elkarrekintzan eta elkartasunean oinarritutako harremanak. Ez gara gauza abstraktuez hitz egiten ari; mugimenduak elkar elikatzen dira, elkarrengandik ikasten dute. Mugimendu internazionalista bat behar dugu eraldaketa erradikala nahi baldin badugu, eta RIC aktore garrantzitsua izango da bide horretan.
Oro har hitz eginda, zeintzuk dira mugimendu erradikalek dituzten erronka globalak?
2008ko hondamendi ekonomikoaren ostean, badirudi ekonomia globalaren loraldia amaitu dela. Horrek esan nahi du egungo abaguneak ezkerrari aukera berriak zabaltzen dizkiola, baldin eta honek abagune berrira egokitzea lortzen badu. Horretan huts egiten badugu, aurrean daukagun erronka historikoaren tamaina ulertzen ez badugu, eskuineko populismoak guztia eramango du aurretik gure begien aurrean, horrek zibilizazioarentzat izan ditzakeen ondorio kaltegarri guztiekin.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
