Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

TELEFONOA ETA ARGAZKIA, BERE GARAIKOAK

Jaizki Fontaneda| Argazki Press
Jaizki Fontaneda| Argazki Press

Harrituta geratu da mutikoa garai bateko telefonoari begira. Ez die antzik ematen botoiei. Ez du asmatzen nola markatzen diren zenbakiak, nondik entzuten den telefonoaren bestaldean dagoen ahotsa. «Garai batekoa» da, ez da bere garaikoa. Beste batzuen garaikoa behar duela izan pentsatu du. Eta lasaiago geratu da bere hatzak ukipen-pantailetan aritzeko sortu zaizkiola pentsatuta.

Burua jiratu du neskatoak kalean moja parea gurutzatu duenean. Mozorrotuta ote dauden galdetu die aitari. Aita saiatu da esplikatzen, baina ez du askorik ulertu. Bere garaitik kanpokoak iruditu zaizkio zuri-beltzez jantzitako emakume horiek. Eta pentsatu du urruti, oso urruti, bizi den pinguino herri batekoak izango direla. Pentsatu du ez direla bere garaikoak.

Auzoan protesta egin dute eta izebaren eskutik joan da. Han denak zeuden serio eta haserre. Eta gogaitu egin da isiltasuna ozenegia zelako. Izebari telefonoa kendu eta argazkia atera du. Bere garaikoa. Asterokoa eta egunerokoa. Akaso argazkia atera du noizbait, handiagoa denean, orduan haurra izango denari azaltzeko garai batean eraso sexistak izaten zirela egunero.

Primerakoa, sekulakoa, izugarria litzateke etorkizuneko haur horri eraso sexistak eta horien aurkako protestak «garai batekoak» direla esan ahal izatea. Soldaduska izan zen bezala. Horretarako, baina, lan handia dago egiteko.

Eta egunero konturatzen gara horrekin.