«MATEBETO»-A, DENA EZ DELAKO ARROSA KOLOREKOA
Ezkonbizitza gozoa, gazia, zozoa, zapore gabea, mikatza... izan daiteke. Halaxe irudikatzen dute Zambiako bemba tribukoek «matebeto» deituriko zeremoniaren bidez. Emakumezkoak protagonista dituen festa da eta asko du abestien eta tradizioen transmisiotik.

Zambiako bembek matebeto zeremoniaren bidez ezkonbizitza irudikatzen dute. Dena ez da arrosa kolorekoa izango ezkonbizitzan. Eta ez dela hala izango janari-eskaintza baten bidez irudikatzen dute bemba tribukoek Zambian, matebeto-arekin. 70 tribu baino gehiago daude herrialdean, baina biztanleriaren gehiengoa bemba da.
Berez, ezkondu eta gutxira ospatzen da matebeto-a. Baina, garaiak aldatzen ari direla nabari da Zambian ere, eta tradizioak egokitzen; horrenbestez, bikote askok ezkondu aurretik ospatzen dute zeremonia orain –akaso hobeto delako aldez aurretik prestatzea ondoren datorrenerako–.
Emaztearen familiak senarrarenarentzako banketea prestatzen du: janari tradizionalez betetako eltzeak eta eltzeak (nshima ugari esan nahi du horrek: zambiarrek egunero-egunero bi otordutan jaten duten talo-irin estiloko orea; oilaskoa; berdurak; gozokiak…). Familien ahalmen ekonomikoa neurtzen da matebeto-an eskaintzen diren eltzeetan. Gero eta diru gehiago, orduan eta janari gehiago eskainiko zaio senarraren sendiari.
Emakumezkoak protagonista diren festa da berez: beraiek prestatzen dute otordua eta beraiek eraman senarraren etxera, gidari lanetan aritzen dena emakumezkoa da, musikariak ere bai…
Chitenge –oihal afrikar tipikoak– koloretsuz jantzi, bidea danborra joz eta kantari egin, eta halaxe sartzen dira senarraren etxera ere, eltzeak buruan jarrita. Baina janzteko modak ere aldatzen ari dira. Gero eta gehiago, chitenge-arekin soinekoak josten hasi dira. AEBetako pelikuletako ezkontzetan ikusten diren ohorezko dama horiek bezala, guztiak soineko berdinarekin.
Abesti eta dantza
Matebeto-ko oturuntza prestatzeko lanak pare bat egun lehenago hasten dira emaztearen etxean, festa giroan. Prest daudenean, herrixketan buru gainean eltzeak hartu eta oinez eramaten dituzte senarraren etxera. Lusaka hiriburuan, autoz.
Helmugara ailegatutakoan, prestatutako eltzeak lurrean uzten dituzte, banaka-banaka, senarraren eta haren gurasoen parean. Eta orduan hasten da gidariaren lana –maiz etxeko haurren jaiotzetan emagin lanetan aritu izan dena izan ohi da–: umoretsu, eta aldakak danborren erritmora mugituz, jakiak deskribatzen ditu, eta zergatik izango den ezkonbizitza gozoa, gazia, zozoa, zapore gabea, mikatza…
Abesti bidez transmisio lan handia egiten duen kultura da bemba. «Kantak eta jakiak ikasketa gisako bat dira ezkonberrientzat», dio Elizabeth Ndhlovu Lusakako bembak.
Emazterik gabeko ospakizuna
Pertsona bakarrak ez du parte hartzen matebeto-aren alde dibertigarrienean, alegia, senarraren etxean gertatzen denean. Eta hori emaztea da (edo emazte izango dena). Gurasoen etxean itxaroten du, pazientziaz, janari-eskaintza bukatu arte. Normalean, gurasoek konpainia egiten diote, senarraren etxera joan direnak bueltatu arte.
Bueltatzen direnean, oturuntza txikiago bat izango dute prest senideek eta lagunek. Batez ere, bezperan hartutako lana eskertzeko. Nshima pixka bat, oilaskoarekin eta berdurarekin. Eta, Kabulongako familia gutxi batzuetan (Lusakako auzo honetan bizi da hiriko high society-a), xanpain pixka bat. Eltzeetan entregatutako janari guztia, senarraren familiak eta lagunek dastatuko dute.
Emakumeen arteko konplizitatea
Ezkonbizitza nolakoa den erakusten duen ospakizuna duten bezala, bembek bizitzako aldaketa gehienetarako dute zeremonia: hilerokoa jaisten denerako, lehen harreman sexualak izateko (ezkondu ondorenean izango direla suposatzen dute)…
«Familiako emakumeen artean zeremonia hauek sortzen duten konplizitatea ederra da», nabarmendu du Ndhlovuk. «Gauzak asko ari dira aldatzen, baina emakumeen lana da oraindik neska prestatzea ezkondu aurretik. Etxea eta familia gobernatzen erakusten dute aholku bidez emakume ezkonduek, eta, logela barruko kontuak, hurbilagokoek: amak, amonak, ahizpa helduagoek…».
Hala ere, zeremonia hauek gero eta gehiago dute tradiziotik eta ez hainbeste garai batean, edota nekazaritza guneetan oraindik, zuten funtzio hezitzailetik. Izan ere, Lusakan, gazteen bizitza europarrok ulertzen dugunaren gero eta antzekoagoa da.

