Uberka Bravo
Entrevista
AlvaroJavier Riascos
bakegintza aholkularia

«Gobernuak eta baiezkoaren aldekoek ez zuten ‘B planik’ plebiszitua galtzekotan»

Alvaro Javier Riascos aholkulariak gertutik ezagutzen du Kolonbiako bake prozesua. Urriaren 2ko plebiszituak bai prozesua bai Habanako Akordioa bera ere linbo batean utzi dituela uste du.

Aste honetan, Kolonbiako Gobernuak plebiszituan ezetzaren alde bozkatu zutenen argudioak jaso ditu. Orain, negoziatzaileek Habanara eramango dituzte FARCek balora ditzan. Alvaro Javier Riascos aholkulariaren hitzetan, urriaren 2ko plebiszituak mahai gainean hiru Kolonbia agerian utzi ditu, baiezkoarena, ezezkoarena eta gerrillarena. Egungo ziurgabetasun egoeraren arriskuaz ohartarazi du.

Urriaren 2an egindako plebiszituan ezezkoak irabazi zuen oso boto gutxiko aldearekin. Emaitza horrek zer-nolako egoeran utzi du bake prozesua?

Erabateko ziurgabetasun egoera batean gaude. Gobernuak eta baiezkoaren alde egin zutenek ez zuten “B planik”. Eta ezezkoa eskatu zutenek ez zuten inolaz ere espero irabaziko zutenik. FARCekoak linbo batean gelditu dira, izan ere, gerrillaren hamargarren konferentzian aho batez onartu zituzten Habanako akordioak eta alderdi edo mugimendu politiko bilakatzeko hautua egin zuten. Plebiszituak horren bideragarritasuna zalantzan jarri du.

Zerk eragin du ezezkoaren garaipena?

Hiriguneetan bizi diren kolonbiarrek ez dute gerra zuzenean pairatu eta, beraz, behin betiko su-etenarekin ez dute inolako aldaketarik nabaritu. Ez dira jabetu su-etenak ekarri dituen onurez. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar gerra propagandak duen eragina. Bost hamarkada luzeetan, FARC-EP egoeraren arduradun bakarra dela besterik ez dute entzun herritarrek hedabideetan eta agintarien ahotan. Gerrillariek eta horien buruzagiek zigorra eta gorrotoa besterik ez dituztela merezi etengabe botatako mezua izan da. Hainbeste urtetan gerrillariei buruz gauza txarrak besterik entzun ez dituztenean, ez da erraza orain herritarrei eskuzabaltasuna eskatzea. Horrez gain, gezurretan oinarrituta abiarazi zuten kanpainak gizartearen hainbat sektoretan oihartzun zabala izan zuen. Esaterako, gerrillarien birgizarteratzerako Gobernuak zergak igoko zituela esan zuten ezezkoaren aldekoek. Habanako Akordioarekin Kolonbia Venezuelaren pareko herrialdea izango zela ere esan zuten. Argudio horiek aintzat hartzen baditugu, ulergarria da zergatik eman zuten ezezkoaren aldeko botoa 6,3 milioi kolonbiarrek.

Kolonbiarren %62k ez zuten bozkatu. Zergatik?

Batetik, herritarrak ez dira lider politikoez zein gobernuaz fio. Bestetik, prozesu politikoek ez dute herritarren gehiengoaren interesa pizten, inoiz ez baitute sakoneko eraldaketarik eragiten eguneroko bizitzari dagokionez. Eta gerra pairatu ez dutenei ez zaizkie axola bake prozesuak. Arrazoi horiek daude ezezkoak irabazi izanaren oinarrian.

Alvaro Uribe presidente ohiak FARCekin sinatutako akordioa gerrillariekin, batik bat justiziaren arloan, eskuzabalegia dela adierazi du. Zer deritzozu?

Zentro Demokratikoak ez du inoiz negoziazio politikoa gatazka armatuaren konponbide gisa ikusi. FARC garaitzea besterik ez dute nahi, gerrillaren errendizioa alegia. Zentzu horretan, edozein kontzesio amore ematea bezala ikusten dute.

FARCeko negoziazio arduradun Ivan Marquezek Uribe «diskordiaren buruzagia» dela eta berak akordioetan esku hartzea kezkagarria dela ohartarazi du. Presidente ohiak nolabaiteko protagonismoa izan behar al du momentu honetan?

Noski baietz, Uribek gizartearen zati handi bat ordezkatzen baitu. Uriberen ideologiarekin eta gatazkaren konponketaren inguruan duen jarrerarekin bat egiten du jende batek. Uriberik gabe ezinezkoa izango da bake iraunkor bat lortzea.

Juan Manuel Santos presidenteak bi aldeetako su-etena abenduaren 31ra bitarte luzatu du. Bake prozesuaren etorkizunarekin kezkatuta egoteko arrazoiak ba al daude zure ustez?

Egon badaude. Habanako Akordioak Kolonbiak dituen arazo larrienak jasotzen ditu: lurraren jabetza, landa guneetan bizi den egoera latza, parte hartze politikoa, legez kanpoko laborantza, biolentziaren iturburua… Ez hori bakarrik, arazo horiekin amaitzeko neurriak ere proposatzen ditu. Inozoa da pentsatzea krisialdi egoera honetatik ateratzeko nahikoa izango dela han eta hemen aldaketa txiki batzuk egitearekin. Jada ez da nahikoa Santosek ordezkatzen duen Kolonbia FARCek ordezkatzen duenarekin ados jartzea. Mahai gainean hiru Kolonbia ditugu orain gutxienez eta horrek elkarrizketek porrot egiteko arriskua biderkatu egiten du.

Su-etena eta armagabetze prozesua egiaztatzeko batzordea lanean ari zen dagoeneko plebiszituaren aurretik. FARCeko, Gobernuko eta Nazio Batuetako begiraleek prestaketa lanak hasita zituzten. Zer egoeratan geratu da uneotan Nazio Batuek hartutako konpromisoa?

Bada, linbo batean. Ban Ki-moon Nazio Batuetako idazkari nagusiak egiaztapen batzordea mantenduko dutela plazaratu du, baina kronograma zehatz bat eskatu du. Begiraleak ez direla denbora mugagabean geldituko ohartarazi du.