Zilborrak


Marraztu euskararen lurraldea». Eta mendi arteko zelai berde bat egingo genuen, erreka batek bustia eta zuhaitzez inguratua. Hori garela sinesten genuen umetan. Eta batzuetan harritu egiten naiz munduak eta giza anatomiak nolako antza daukaten pentsatzen dudanean. Munduak badituelako birikak, erretzaile batenaren gero eta antz handiagoa daukaten arren ba omen da birikarik han, Brasil eta inguruko oihan galduetan; eta ba omen ditu begiak ere, gero eta komunikabide erraldoiagoen betaurrekoek desitxuratzen badituzte ere; eta aho bat ere bai, eta aurrerabidea zer den eta zer ez den markatzen duten oinak ere bai. Eta baita zilborra ere. Beti harritzen gaitu beste norbaiten zilborrak, gurearen modukoa ez den korapilo bat beste norbaiten sabelean aurkitzeak harritu egiten gaitu. Gaizki egina dagoela iruditzen zaigu, edo barruregi dagoela, edo gehiegi nabarmentzen dela. Gure zilborra baita besteenen neurria. Baina, adin batetik aurrera, zalantzan jartzen dugu gure zilborra bera ere. Arrotz sentitzen gara aldatzen ari den gorputz horretan, goizero desberdin sentitzen dugun haragi horrek duda-mudan jartzen ditu gure barruko ziurtasunak. Institutura igaro ginenean gertatu zitzaigun guri. Bat-batean, neurrikoa zena arraro bilakatu zen besteen aldamenean, gure zilborra ez baitzen inguruari neurria ematen ziona: ingurua ari zen gure zilborrari balioa eman eta kentzen. Eta inguru hark, klasetik kanpo, gazteleraz funtzionatzen zuen.
Gizakiok, deseroso gaudenean, bi aukera izaten omen ditugu: desagertzen saiatzea edo ahalik eta gehien nabarmentzea, norbera nabarmentzeak norbere deserosotasuna ezkutatuko duen esperantzan. Nik lehenengoaren alde egin nuen. Mututu egin nintzen klasetik kanpo. Eta hitz egin behar nuenean, euskara desagertzen hasi zen nire ahotik, ez nuelako nabarmendu nahi. Lehenengo aldiz aurkitu nuen nire burua euskaraz bizi ez zen mundu batean eta mundu hura, nire gorputzak, gazteleraz sentitu zuen. Lehenengo zigarroak, lehenengo maldizioak, lehenengo muxuak... gazteleraz probatu genituen; matematika, natur eta gizarte zientziak... horiek zegozkion euskarari 13 urteko gure gorputz aldakorrean. Eta ostiral arratsaldeetan euskaraz bizi zen lagunarte batera itzultzen ginen. Horrela ikasi genuen gure baitako diglosia zer den. Eta ohartzen hasi ginenean iritsi zen erabakiak hartzeko unea: gazteleraz probatutako lehenengo zigarroen, lehenengo madarikazioen eta lehenengo muxuen atzetik etorriko zirenak euskaraz sentituko genituela pentsatu genuen, berriz ere gure zilborrari begiratuko geniola. Euskaraz bizi nahi genuela alegia: lehenengo euskaraz, eta gero bizi. Aurkitu genuelako zilborreste bat elkarri lotzen gintuena, giro bat, literatura bat, lagunarte bat... batek daki zer, baina horri eutsi nahi geniola erabaki genuen, kontzienteki edo inkontzienteki.
Eta hala hasi ziren ugaritzen asteburuetako planak: Kilometroak eta Korrika soilik ezagutzen genituenok Herri Urratsera edo Nafarroa Oinezera joatera ausartu ginen, eta guk hartutako erabakiak hartu zituzten asko ezagutu genituen bidean. Eta oraindik ere, jendetza lokatzetan oinez ikusten dugunean zerbait pizten zaigu barruan. Akaso ez gaudelako ohituta hainbeste izatera. Norbere mundua euskarari ematea eta euskararen munduak norbere sentitzea. Baina hemen ez dago zuhaitzik eta zelai berderik: mahatsez inguratuta daude Viana eta Lodosa, lautada zabalak ikusten dira inguruan eta lehor daude bazterrak. Eta, hala ere, badira inguru hau euskaraz sentitzen duten haurrak. Badelako euskara bat zilborretik kanpo, topikoetatik kanpo, aurreiritzietatik kanpo, umetako marrazki sinpleegietatik kanpo. Gaztetan klasetik kanpo deskubritu genuen haren modukoa. Euskaraz bizitzea bezain garrantzitsua baita batzuetan bizitzea, eta gainera euskaraz egitea. •



