Josi eta josi, zauriaz ahantzi gabe
Bati baino gehiagori aditu diot Franco orain irabazten ari dela gerra Euskal Herrian. Beldur naiz hala ote den. Erdara makilakadaka barneratu zutenek ikastolara eraman gintuzten seme-alabok, euskal hezkuntza ziurtatua izan genezan, ez hizkuntzarena soilik, baita kultura osoarena ere. Bertze batzuek, hainbertze sufritu zuten “aldeano atzeratuak” izateagatik, erdaraz hezi zituztela umeak, lasai bizi zitezen. Baina haztean hauek ere berriro hurbildu dira euskarara, ahalegin handiz, eta hizkuntza honetan eskolaratu dituzte txikiak. Bertze aunitzek ez dute oraindik euskaraz matrikulatzeko aukerarik, edo kilometro aunitz egin behar dituzte, horrek dakarren arrisku eta gastuarekin. Mapa puskatu ziguten, hizkuntza ere bai, eta odolez, izerdiz eta malkoz goaz josten.
Baina joste horretan, ustezko “normaltasunera” ailegatu garen tokietan ez dakit ez al garen abiapuntuaz, zauriaz ahanzten ari. Aitzineko belaunaldiek kontatzen dute eurentzat ekintza transgresorea euskaraz egitea zela eta lagunekin eta etxean hala aritzen zirela. Orain, ohartu gabe, buelta eman du egoerak eta gune euskaldunetan erdaraz egitea da guay dagoena. Euskara eskolako hizkuntza izatera pasa da.
Eta kulturarekin gauza bera. Durangoko Azoka bisitariz beteko da aurten ere, baina kontsumitzaileak falta ditu bertako kulturak. Ze liburu irakurtzen ditugu? Ze telesail ikusi? Ze musikarekin dantzatu? Ze eduki dituzte gure hedabideek? Ez al dira gehiegitan erdaldunen kopia txarrak?
Jasotzen dugun bonbardaketa izugarria da eta uste dut gure burua zigortzea baino hobea dela kritika eraikitzaile bat egitea eta bakoitzak beretik pauso bat aitzinera ematea. Zauriaz oroitzea, kontzientzia berreskuratzea, jostea eta jostea... Horretan irakasle apartak ditugu gurea baino egoera zailagoa bizi duten indigenak, asteotan Garabiderekin bisitari ditugunak, edo Euskal Herrian bertan euskaraz egiteko arazo gehien dituztenak. •

Primi Erostarbe, panderojole-irrintzilari aparta gizonezkoek okupatutako plazan

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»
Lotura zuzena
Argitalpen akademikoen mafiari erresistentzia
