80 urte eta gero, telebista
Garai modernoko bakea eragotziko duen eragozpen berri eta jasanezina izango da. Edo, bestela, zeruko distira bat». Lehengo aldiz telebista asmatzeko esperimentuetan ibili zen ingeniari baten hitzak dira horiek. Gaur gauean, Londresen, telebistaren 80. urteurrena ospatzeko egin diren jardunaldietan egoteko aukera izan dut. Hain zuzen, gaurko egunez, 1936. urteko azaroaren 2an, BBC etxeak lehenengo aldiz definizio handiko irudiak transmititu zituen Londres iparraldeko Alexandra Palace eraikin ikonikotik. Alemaniako eta Ameriketako Estatu Batuetako telebista etxeak egiten ari ziren ikerketa lanak aurreratuago zihoazela eta haien atzetik gelditzeko beldurrez, Ingalaterrako Gobernuak BBCri diru laguntza bat eman zion telebista proiektuari bultzada bat emateko. Baldintza bakarra jarri zuten: irudien kalitatea ona izan behar zen, beste lurraldeetakoa baino hobea. Ordurako, hainbat irrati entzuleren eskutitzak ere jasotzen hasia zen BBC, irratia nahikoa ez zela eta telebistaren inguruan egiten ari ziren esperimentuari buruz galdezka eta lana oso astiro zihoala leporatuz.
1936ko azaroaren 2an, John Loige Bird ekintzaileak diseinatutako ekipamendu bat erabiliz, BBCko orkestraren eta Adele Dixon abeslariaren zuzeneko emanaldiekin hasi zen munduko lehenengo telebista proiektua. Ordu bat iraun zuen transmisioak; hain zuzen, orduan BBCko zuzendari zena arduratuta zegoen egunean denbora luzez telebistari begira egoteak begietan nekea eragingo zuela iradokiz. Londresko bostehun etxetan zeukaten telebista; agidanez, gaurko dirutan hamabost mila libera inguru balio zuen orduan telebista bakoitzak. Transmisioa bideratu zuen lantaldeko inor ez dago gaur egun bizirik; baina BBCn lanean ari zen telebista produktore batekin, egun 104 urte dituena, hitz egiteko aukera izan du kazetari batek. Hunkigarria izan da haren hitzak entzutea. Pozgarria izan behar du telebistaren sorreratik orain arte dagoen ibilbidea osorik ikusi ahal izatea.
Telebista emanaldiak sortzen ari ziren oihartzuna eta edukitzen ari ziren arrakastaren ondoren, lantalde berriak osatzen hasi ziren eta, denbora gutxiren ondoren, eguneko ordu gehienak beteko zituen programazioa edukitzera iritsi zen BBC.
Garai hartako martini koktelak eta kanapeak eskainiz harrera egin digute Alexandra Palaceko sarreran, benetan denboran atzera egin zuela zirudien gela ilun eta dekadente hartan. Leihorik gabeko leku itxian, 30eko hamarkadan zeuzkaten telebista estudioetara eraman nahi izan gaituzte, zuri-beltzean grabatutako irudiak erakusten dituzten pantailen artean. Gelaren alde batean, 1936. urteko telebista bat dago, balio handiko altxor baten moduan kontu handiz zaintzen ari den gizonaren begirada mesfidatipean. Cambridge Unibertsitateko ikasle talde batek garai hartako ekipamendua eta telebista egiteko modua birsortu ditu, eta irakasleak azaldu digu lehenengo emisio haien atzetik zegoen konplexutasun guztia.
Nork pentsatuko ote zuen orduan, laurogei urteren ostean herritarren gehiengoa lau orduz egongo zela egunero telebistaren aurrean. Zuzeneko saioak bakarrik ez, azken hamabost egunetan erakutsitako edozein eduki ikusi ahal izango genuela edozein unetan, telebistan edo telefonoan bertan, edozein lekutan eskuragarri; edo trenean ikusten hasitako zuzeneko saio bat etxera iristean eten eta afalostean ikusten jarraitu ahal izango genuela. Edo, gutako bakoitzak adierazitako gomendio eta lehentasun batzuetan oinarrituz, bakoitzari neurrira egindako edukiak jasotzeko aukera izango zela.
Ez dakit garai modernoko eragozpen bat den telebista; baina, zalantzarik gabe, 1936. urtean aurreikusten zutena baino eragin handiagoa izan du gure bizitzetan. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
