Iñaki Soto

AEBei buruzko nire ezezagutza ozeanikoa da

Globalizazioaren ondorioz gure aroan eta testuinguru geopolitikoan AEBetako inperialismoak izandako eragin soziopolitiko eta kultural itzela dela medio, hara nola antiinperialismoak gure hezkuntza politikoan duen indarragatik, orokorrean AEBei buruz dakiguna baino askoz ere gehiago dakigula uste izateko joera dugu.

Egia da gure eguneroko bizitzaren dekoratua Hollywoodeko film batetik hartua dela, gure marko kulturalaren parte handi bat AEBetako telebista eta unibertsitateetako joeren bertsio pobrea dela, gure printzipio geopolitiko orokorrak harekiko erreakzioan eraiki ditugula, gure erreferentzia ugari handik datozela, zuzenean edo zeharka. Fikzio horrek are zailagoa egiten du benetako ezagutza. Izan ere, ezagutzen ez ditugunetatik hobekien ezagutzen dugun herrialdea AEBak direla egia bada ere, beraiengatik kolonizatuta gaudela egia bada ere –era batean edo bestean, batzuk gutxiago eta beste batzuk gehiago–, ezagutza horren hein handi bat fikziozkoa da, bere adierarik zorrotzenean.

Egitate hori are argiagoa izan da AEBetako hauteskundeei buruz hausnartzen hasi garenean. Niri behintzat hala gertatu zait. Hauteskundeei begira AEBetako ezkerraren erreferentziak bilatzen hasi naizenean ezagutzen ez nuen aniztasunarekin egin dut topo. Autore, aktibista eta kazetari gehienak aurretik ezagutzen nituen, beren liburuak edo artikuluak irakurriak nituen, beren pentsamendua ezagutzen nuen, gutxiago edo gehiago. Hori, jakina, ez da orain aldatu. Interesgarriena, ordea, eztabaida taktiko-estrategikoa izan da. Bai demokraten primarioetan, Sanders-Clinton lehian, bai hauteskunde orokorretan, Clinton-Trump lehian. Adibidez, demokraten barruko lehian feminismoari buruzko eztabaida oso interesgarria izan zen. “The Nation”-en adibidez bi jarrerak azaldu ziren. Clintonen alde, lehendabizikoz emakume bat lehendakaria izateak ekarriko lukeen guztiagatik, eta Sandersen alde, gizona izan arren bere posizio eta jokabideak bere arerioarenak baino feministagoak direlakoan [hemen adibide bat: goo.gl/rS7ssG]. Berdin gertatu zen beltzen eta bestelako gutxiengoen edo zapaldutako komunitateen inguruan [goo.gl/r0foch]. Auziok eta boto taktikoa mintzagai hartuta, duela gutxi hil den Tom Haydenen jarrerak harritu ninduen, primarioetan Clintonen alde egingo zuela azaltzen baitzuen bere azken artikuluetako batean [goo.gl/OaeJba]. Hayden ezker estatubatuarraren sinboloetako bat da, kazetaria eta aktibista, irlandar errepublikanoen laguntzailea luzaroan. Azken horren harira, azalpenak eman behar izan zituen kanpainan. Zergatik eta 1995ean Gerry Adamsen aldeko afari batean Trump bertan zegoelako! [Bere azalpena hemen: goo.gl/yRZMKU].

Trumpek irabazteko aukeraren aurrean, Noam Chomskyk Lesser Evil Voting-ari buruz idatzi du, John Hallerekin batera [goo.gl/deQLGn], Clinton bozkatzea nolabait justifikatuz. Besteak beste, “Counterpunch”-en aurre egin diete. Obama kritikoki bada ere babestu zutenean ez bezala, Clintonen aurka gupidagabe ari dira, zentzuz gainera [hona adibide bat: goo.gl/cKtsgO].

Angela Davisek ez du Hillary babestu nahi izan, baina Trumpen aurka egitea lehentasuna dela esanez Clintonen alde bozkatuko duela iradoki du, birritan azken asteotan [goo.gl/lS05Ly]. Horrek eztabaida piztu du AEBetako ezkertiar eta beltz komunitateetan. “The Root” aldizkarian bertan Kirsten West Savalik honela biltzen zuen iskanbila eta bere iritzia, iraultzaile horri zor zaion errespetua eskatuz [goo.gl/WR5axI]. Halere, West Savalik «nartzisista» hitza erabiltzeagatik Davis kritikatzen du. Niri, ordea, hitz egokia iruditzen zait. Izan ere, bera parafraseatuz, «ni ez naiz hangoa banintz zer egingo nukeen jakiteko bezain nartzisista», ez behintzat zalantzak azaldu gabe, han bizi direnen argudioak eta iritziak kontuan hartu gabe eta urrutitik jendearen aukerak errazkeriaz epaituz. Nire ezezagutza hain da eta ozeanikoa, uste dudanaren kontra, agian, Trumpek irabaz dezakeela.•