Xabier Izaga Gonzalez
Entrevista
Ander Solozabal
Ez dok amaituko kidea

«Euskaratik eta herritik, lurretik, gure kosmobisioa sorkuntzan zertu nahi dugu»

Euskal sortzaile berrien babesgune, emakumeen presentziaren aldarrikatzaile, euskal eszenaren eraldatzaile. Ez Dok Amaitu. Hilaren 19an, Gasteiz du bilgune.

Bertsolaria, Arabako eskolarteko txapelketa irabazitakoa. Bertso irakasle eta Hala Bedi irratian bertsolaritzaren gaineko saio batean esatari ibilitakoa. Gaurkoan, ordea, ez dator bertso munduaz hitz egitera, musikaz, arteaz eta gazteriak euskal eszenan dituen arazoez eta kezkez baizik. Musikaria eta gaztea baita Ander Solozabal gasteiztarra. Beste musikari eta hainbat diziplinatako lagun askorekin batera, Ez Dok Amaitu mugimenduko kidea ere bada. Bidelapurrak bere taldearekin jo zuen orain dela urtebete Donostiako Gazteszenan, mugimenduaren aurkezpenean.

Bada, mugimenduaren nondik norakoaren berri eman dio GAUR8ri. Bide batez, datorren 19an Gasteizen egingo duten topaketa ere iragarri du.

Ez Dok Amaitu mugimendua 2015eko azaroan sortu edo behintzat aurkeztu zenuten.

Bai, ideia iaz sortu zen, eta, azaroan, Egiako Gazteszenan egin genuen “Ez Dok Amaitu” izeneko jaialdian aurkeztu genuen. Haren atzean Unai Pelaio Pelax zebilen, eta bera eta beraren inguruko musikariak eta beste batzuk batzen hasi ginen. Jaialdiaren izena baliatuta, kolektibo bat sortu genuen, musika mundutik eta beste arte diziplina batzuetatik hurbildutako jendearekin. Batez ere aldarrikatzeko: «hau ez dok amaitu, ez don amaitu». Euskarazko sorkuntzak gazteongan eragin berezia duen bezala, gazteok biziberritzen gabiltza. Hala, gu guztiok batzea inportantea zela iruditu zitzaigun.

Hortaz, ez da musika mugimendua bakarrik.

Ez, badago beste arte diziplina batzuetan dabilen jendea, edo, ibili gabe, diziplinok gustuko dituen jendea; esate baterako, argazkigintza edo arte plastikoak. Ekimena musikatik sortu bada eta gehienak musikariak bagara ere, arte diziplina guztietara zabalik dagoen kolektiboa gara; eta berarekin identifikatzen den edo berea dela sentitzen duen edonork parte har dezake.

Behin elkartuta, zer egin nahi duzue?

Salatu eta aldarrikatzeaz gain, babesgune bezala ulertzen dugu Ez Dok Amaitu. Lagunarteko mugimendua da, agertokian elkartu eta antzeko gustuak genituenona. Gauzez hitz egitea, kritikatzea gustatzen zaigu, baina besteak beste musikariak gara, baita kontzertu antolatzaileak ere, eta gure herrietako, gure auzoetako parte aktiboa. Gu ere bagaude amaraun kulturalaren barruan, sare horren barruan; beraz, inportantea iruditu zitzaigun ikusten genituen arazoei, ez bakarrik gure kontrakoei, baizik eta baita guk sortzen genituenei ere, buelta bat eman eta euskal eszena eraldatzeko tresna bat sortzea, ahalik eta koherenteenak izanda. Eta hori batuta egin behar genuen, indar gehiago izateko. Eta ideiak sortzen hasi ziren; esate baterako, dekalogo bat egitekoa, antolatzaileei eta musikariei egindako eskaera batzuk bilduko dituen dekalogoa. Adibidez, publikoa zaintzeko zer egin beharko genukeen… Hau da, antolatzaile zein musikari lana modu koherentean egiteko betebeharrak. Zergatik? Askotan kontzertuak edo, hobeto, ekitaldi kulturalak merkantilizatu egiten direlako. Dena kuantitatiboki ikustera ohituta gaude: zenbat jende etorri den. Horrek baditu zenbait argazki; adibidez, sortzaileak ez du inongo diru sarrerarik eta zuzenekoetatik bizi behar du. Horren barruan badaude sinergia ezberdinak, gutxien daukanari ematen zaio gutxien eta gehien duenari gehien. Oreka falta hori, arazo horiek guztiak kolektiboki salatzeaz gain, babesgune bezala ulertzen dugu Ez Dok Amaitu.

Elkarren babesgune, ezta?

Jende piloa dago Euskal Herrian gauzak egiten, artea sortzen, eta, diziplina guztietan, dirua behar duzu. Esate baterako, arte plastikoetan, margo eta materialetan gastatzeko; musikan, zuzeneko bat egin nahi baduzu, badituzu desplazamendu eta material gastuak, eta bestela ere talde batek anplifikadoreak eta tresnak behar ditu, entsegu lokala, mantentze gastuak… Hori guztia oso garestia da eta jendeak erreta bukatzen du. Ez Dok Amaitu jende horri laguntzeko sortu dugu, talde ezezagunei, hasiberriei. Kritikatzen dugun horrek sortzen dituen zailtasun horietatik ateratzeko, eta guk kultura herriarentzat izatea nahi dugun heinean, ikusten dugu esandako oreka falta horri aurre egin behar diogula. Ez dugu honetatik aberastu nahi, ez dugu inongo ekoiztetxetan egon nahi; autoekoizpenak bultzatu nahi ditugu, eta, nolabait esateko, herriarentzako juglare izan nahi dugu. Baina musikaren industria kritikatzen dugun aldi berean –hor daude kanonak eta beste hainbat interes, guztia kontrolatzen duten magnateak…– behar ekonomiko horiei erantzuteko premia ikusi genuen.

Merkatuaren zurrunbilo kapitalista horretatik aldendu nahi duzue?

Iruditzen zaigu euskal eszenan alde batetik azken hamarkadetako erreferente batzuk daudela, beti berberak, eta bestetik talde sortzaile pila bat, kontzertu pila bat ematen dituztenak, baina beren lana ezagutaraztea lortzen ez dutenak. Horregatik uste dugu gauza berriak programatzeko ausardia falta dela. Eta kontua da zurrunbilo horretatik aldendu nahian, guk geuk erreproduzitu egin dezakegula. Horregatik egiten ari gara dekalogo bat musikari eta antolatzaile bezala, zenbait betebehar jasotzen dituen dekalogo bat. Aurreratuta samar dago, eta azaroaren 19an, Gasteizen, eztabaidatuko dugu goizean izango diren tailerretan, forma emateko eta borobiltzeko. Esan bezala, gauza berriak programatzeko ausardia behar da, baina beti merkantilizazio horren menpe gaude.

Instituzioei ezer eskatzen al diezue?

Instituzioei eskatzen diegu kulturari behar duen prestigioa eman diezaiotela. Sortzaile bezala hainbat kezka genituen, eta horregatik elkartu gara, arazo horientzat konponbide bat bilatzeko. Eta instituzioei ez ezik, herritarrei ere eskatzen diegu esate baterako kontzertu bat antolatzen dugunean, dekalogoan azalduko diren eskaera edo betebehar horiek guztiak kontuan hartzeko.

Faktore ekonomikoa hor dagoen arren, ez da nagusia, beraz.

Ez, guk eskatzen dugu kultura behar bezala zaintzeko, eta ez merkantilizatzeko; hau da, kualitatiboki zaintzeko, ez bakarrik kontzertuei dagokienez, baizik eta arteari eta diziplina guztien ikaskuntzari dagokionez, jende guztiak eskura izan dezala kultura. Hori eskatzen diegu instituzioei, baina instituzioek ezer egiten ez dutenez, herriari ere eskatzen diogu hori guztia kontuan hartzeko.

Kulturaren mundu ofizial edo ezarritakoaz gain badela beste bat ikusarazi nahi duzue?

Bai, bai, batez ere publikoari gu ezagutzeko aukera eman, gazteek egun euskaraz sortzen dutena ezagut dezaten. Jakina, atzetik mamu asko dauzkagu, batez ere, esate baterako, kontsumitzeko modua. Musikarekin zorteko gara, jende guztiak kontsumitzen duelako musika, beste gauza batzuk ez bezala. Baliteke eskultura bakar baten izena ez dakien eta bizitza osoan obra bakar bat ukitu ez duen jendea egotea, baina musika egunero entzuten dugu; hori bai, gertatzen da irrati formulek musika alienagarria dakartela, horregatik ikusten dugu beharrezko herriari erremintak ematea, horri guztiari erreparatzeko. Eta zirkuitu komertzialetik kanpo, underground, lur azpian edo nahi duzun bezala bizi direnei, guk sinesten dugun balioei bultzada bat ematea. Horrek kulturaren kontsumo ohituren aldaketa bat ekarriko luke.

Emakumeen presentzia ere kontuan hartu duzue.

Hori gure puntu nagusietakoa da. Emakumeen presentzia, baina ez agertoki gainean bakarrik. Argi dago akademikoki, kontserbatorioetan edo musika eskoletan, portzentajeak berdintsuak direla, edo are, neskak mutilak baino gehixeago direla, baina gero, handik irteteko unea iritsita, sortzeko orduan, akademiako moldeak apurtu behar dituzu, jendearekin bat egin behar duzu, jendea ezinbestekoa baita prozesu horretan, eta emakumeek emakume gisa egin behar diote aurre horri. Lehenik agertokira igotzeko gogoa izan behar dute, hain gizonezkoena den mundu batean, eta ez bakarrik agertoki gainean, e? Izan ere, berdin gertatzen da teknikari lanetan, kartelgintzan edota antolakuntzan ere. Orduan, beharrezko ikusten dugu hori orekatzea eta gizonezkoek ere lauzpabost pauso atzera ematea eta beren ingurura begiratzea. Eta ez emakumeei dagokienez bakarrik. Agertokian, entsegu lokalean edo musikaren munduan giroa den modukoa izanda, besteei ez zaie bidea hain argi uzten. Beraz, horretan ere badihardugu, ez baitugu hori erreproduzitu nahi.

Kulturatik, bereziki musikatik, sortutako mugimendua zarete. Baina gizarte kontzientzia nabarmena duzue, ezta?

Hori da. Mundua nola dagoen ikusita, eta artearen mundua horretatik kanpo ez dagoenez, euskaratik eta herritik, lurretik, gure kosmobisioa sorkuntzan zertu nahi dugu. Sortzaile bezala ari zara zure sinismenez, zure balioez, munduari begiratzeko zure modu horretaz hitz egiten, eta gero zure praktika guztiz kontrakoa dela ikusten baduzu... Oso hipokrita litzateke industriaren barruan sartu nahi izatea horretan sinesten ez dugula.

Horrek baditu bere arriskuak.

Jakina. Izan ere, badirudi jendea eklektikoagoa dela, musika askoz ere biziagoa, askoz ere sinpleagoa kontsumitzen duela, ez diola garrantzirik ematen arriskuari, abangoardiari.

Lehengora garamatza horrek, sistemak horretara bideratzen duelako.

Sistemak irentsi egiten gaitu. Gu hizkuntza oso txiki baten, hizkuntza minorizatu baten parte gara, hizkuntza horretan sortzen dugu, eta, zorionez, Euskal Herrian bizi gara, non kultura maila, artea, nahiko zaintzen den, herriak behintzat hala egiten du; orduan, zorioneko gara, egon badagoelako eskaintza, eta eskaera. Aldiz, guk nahiko genituzkeen bezalako eremu utopiko asko falta dira, edo, egonez gero, badituzte euren akatsak. Euskal Herrian bizitzeaz harro egonda, euskal kulturari hauspoa eman nahi diogu eta nolabait ere eztanda egin dezala leku guztietatik, hainbat diziplina batuta. Bidean elkar ezagutzen goaz, apurka-apurka, Ez Dok Amaitu ez baita epe motzera begirako proiektua. Epe laburrera, esan bezala, babesgune izan nahi dugu, Euskal Herri osoko sortzaileak batzeko, beste nazio batzuetako sortzaileekin batu eta trukeak egiteko… bide. Eta sortzen dugunak irudikatzen duen hori ere ikusarazi nahi dugu.

Orain zertan diharduzue, zer proiektu konkretu dituzue?

Kontuan izan batez ere erreminta bat izan nahi dugula, gure premiak eta kezkak kanalizatzeko. Baina bai, badugu proiekturik; esate baterako, rock udalekuak sortzea. Kontuan izan, halaber, maila lokalean badaudela batez ere musikari lotutako kolektiboak; adibidez, Gasteizen Musik Gerrilla, edo Hala Bedi… Baina guk nahi duguna maila lokalean dihardugunok elkartu eta guztiok batera euskaraz sortzen den musika ez komertziala landu eta autoekoizpenak bultzatzea da. Egun erraza da disko bat grabatzea, ez da duela 50 urte bezala, diru pila bat balio zuenean. Horregatik nahi ditugu autoekoizpenak sustatu, jendeari grabatzen lagunduz eta aldi berean lanok promozionatuz. Beste ideia bat da herriz herri joan eta Ez Dok Amaitu festibalak iragartzea, jendea talde berriak ezagutzera bultzatzeko. Hau da, inongo talderen izenik aipatu gabe kontzertuak iragartzea. Baliteke talde berri bat joatea, edo oso talde ezaguna agertzea, baina betiere iragarri gabe. Ahaleginduko gara ikuskizun horiek berezi egiten, diziplina desberdinetako jendea batuta.

Esan duzunez, euskarazko sorkuntza aintzat hartzen duzue.

Bai, lehentasuna ematen diogu euskarari. Datorren 19an Gasteizko Gaztetxean izango diren talde guztiek euskaraz kantatuko dute, eta iaz Gazteszenan ere hala egin genuen. Tira, azkenean, polifonia gauza ona da, eta badira talde batzuk beste hizkuntza batean kantatzen dutenak, baina kontu horri erreparatzea ere nahi dugu. Badago ingelesez kantatzeko moda, eta hemengoek ez dute ulertzen zuk kantatzen duzuna, baina ezta ingeles hiztunek ere, ez baitute zure ingelesa ulertzen! Prestigio kontua dago horretan, euskararen prestigioa, alegia.

Zuen erreferentzia Ez Dok Amairu 60ko hamarkadako mugimendua da?

Tira, guk erreferentzia egiten diogu mugimendu hari, ez dugu hura izan nahi, baina orduan bezala egun ere gazteok bizi garen garaian bizi izanda, gure kezkez kantatu nahi dugu, bat egin eta sortu ahal izango den espazio bat lortu. Proiektu honek ezer berezia badu, elkartasuna sustatzen duen taldea izatea izango da.

Aurrekoa entzun baino lehen, Ez Dok Amairurekiko konparaketa gehiegizkoa ez ote den galdetu behar nizun.

Guk ulertzen dugu euskal musikagintzak eboluzio bat izan duela: nova cançó eta protesta abestitik etorritako eragina, Ez Dok Amairu, rocka eta Errobi, punka eta rebel sound delakoa... Egun joera intimistagoa nagusitu dela ematen du, eta eboluzionatzen jarraitzen dugu, egiten jarraitzen dugu. Inoiz baino talde gehiago daude: horregatik esaten dugu Ez Dok Amaitu.

Izan ere, kultur eta gizarte kezka batzuetatik sortutako mugimendua da, hura bezala.

Jakina. Ez gara Ez Dok Amairu, baina gure proiektua aldarri bat da, hura bezala. Ez dela amaitu aldarrikatzen dugu, alienazioaren aurka, kultura kontsumitzeko ezarritako modu errazaren aurka, hemengoa sortzearen alde. Esan bezala, apurka-apurka egiten ari den egitasmoa da, ez sei hilabete barru gauzatuko den zerbait, baizik eta egosten ari den zerbait. Bestetik, transmisioari ere garrantzia ematen diogu. Gazteak gara, hasiberriak, baina musikan, artean, kulturan bizitza osoa daramatenekin esperientziak partekatu nahi genituzke. Guztiz irekita dagoen proiektua da, guztiz horizontala, eta jaialdiak egiteko bezala beste edozein proposamen aintzat hartzeko prest gaude.

Urtebeteko ibiliaren balantzerik egin al duzue?

Hilaren 19an egingo dugu, baina, esan bezala, ez dugu presarik. Gainera, ez da erraza, Euskal Herri osoko proiektua izanda. Baina bai, larunbatean egingo dugu balantzea eta zehaztuko ditugu aurrera begirako pausoak, horrexen gainekoa izango da tailerretako bat. Edonola ere, oraindik barrura begirago ari gara kanpora begira baino.

Balantzea eta aurrera begirako hausnarketa

Duela urtebete Donostiako Gazteszenan izan zen jaialdian Physis versus Nomos Band, Eraul, Pelax eta Cowboy's Orchestra, Bidelapurrak, Humus eta Liher talde eta bakarlariek abestu zuten. Ez dira irratian edo telebistan gehien entzuten diren taldeak, baina kontzertua arrakastatsua izan zen. Edonola ere, kontzertu bat baino askoz gehiago izan zen Gazteszenako hura: Ez Dok Amaitu mugimenduaren aurkezpena izan zen.

Urtebete igarota, Ander Solozabalek, mugimendu horren izaeraren eta proiektuen berri eman dio GAUR8ri. Baita hilaren 19an Gasteizko Gaztetxean duten topaketarako prestatu dituzten jardueren berri ere. Egun osoko programazioa prestatu dute, goizeko hamarretan hasita. Lehenengo tailerrak, nork bere gustukoa hauta dezan: letragintzakoa, Ez Dok Amaituren dekalogoaren ingurukoa, egiletza eskubideen gainekoa eta aurrera begirako pausoen ingurukoa. 11:30ean mahai-inguru bat izango da. Ondoren, musika tresnak hartu eta kantu-poteoa izango da Aiztogile (Kutxi) kalean zehar, «baina ez da talde batuketa izango, baizik eta musikariak, hainbat taldetakoak edo inongo taldetakoak ez direnak elkartuko gara abesti ezagunak jotzeko», dio Anderrek. Jarraian, bazkari herrikoia. Azkenik, 18:00etan, jaialdia izango da honako bakarlari eta taldeekin: Olatz Salvador, Bob Xatar, Mikel Uraken, Eratu, Mor-More eta Telmo Trenor.