Ion Salgado
KUNARTE PROIEKTUA

Pantzart taldeak gaur aurkeztuko du «Kolorez kolore» ikuskizuna

KunArte berrikuntza artistikorako zentroa Teatro Paraiso konpainiak Gasteizko Abetxuko auzoan sortutako proiektua da, 1 eta 6 urte arteko haurrei bereziki zuzenduta dagoena. Gaur Partzart taldeko kideek «Kolorez kolore» ikuskizuna estreinatuko dute bertan. Amaitzerakoan, haurrek artistekin batera tailer batean parte hartzeko aukera izango dute.

Koloreak dira Pantzart antzerki konpainiak gaur aurkeztuko duen lanaren protagonistak. “Kolorez kolore” du izena eta 3 eta 6 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Kveta Pacovska ilustratzailearen lan plastikoan oinarrituta, koloreen gaia jorratzen du. David Larrinagaren musika lagun, kolorezko etxe bat sortuko dute artistek, eta kolorezko etxe hori sortzeko txotxongiloak, itzalak, leihoak, kolorezko gurpilak eta Juan Kruz Igerabideren poesia erabiliko dituzte.

Horrez gain, Pantzart taldeak bere webgunean azaldu bezala, ilargia, barraskiloak, igelak eta hipopotamo bat ere agertuko dira gaur arratsaldean agertokian. Bi aktore arituko dira agertokian, poligonoak, koloreak, irudiak, pertsonaiak, abestiak, nahasketak baliatuz. Kolorezko ikuskizuna sortzeaz gain, testurak, formak, historiak eta soinuak eramango dituzte agertoki gainera. Eta haurrak ikuskizunaren parte izango dira: eraikitako etxean sartu ahal izango dira eta bertan antzezlanean ikusitakoa ukitu ahal izango dute. Pantzart konpainiako kideek sortutako mundu magikoan jolastu ahal izango dute.

Gaurko emanaldia Abetxukon izango da, Teatro Paraiso konpainiaren egoitzan. Izan ere, egunotan Pantzarteko kideak betan ari dira lanean KunArte proiektuari esker. KunArte Teatro Paraisok bultzatutako berrikuntza artistikorako zentroa da, 1 eta 6 urte arteko haurrei eta beren inguruko helduei zuzenduta dagoena. Eta proiektuan parte hartzen duten sortzaileek egonaldi artistikoetan parte hartzen dute. Egonaldi artistiko horien bitartez, KunArteko arduradunek artistei laguntza eskaintzen diete, beraiek egindako proiektuak bultzatuz zuzendaritzan sartu barik. «Beren jatorrizko proiektuetan laguntza eta babesa ematen diegu, beren zalantzak arretaz entzuten ditugu eta zalantza horiei forma artistikoa ematen saiatzen gara. Publikoarekin topaketak ahalbidetzeko tresna berritzaileak proposatzen dizkiegu, besteari entzuten laguntzen diegu elkarrekin sortzeko xedearekin», diote proiektuaren arduradunek euren egitasmoaren berri ematen duen dosierrean.

Aurten, Pantzart konpainiaz gain, Ipar Euskal Herriko Kiribil antzerki taldeak eta Asier Kidam mago gasteiztarrak ere parte hartuko dute egonaldi artistikoetan. «Artistok gurekin partekatuko dituzte beren hausnarketa gai, proiektu eta sorkuntzak. Ordainetan, erabiltzaileok begiradak, jakin-mina, momentu gogoangarriak oparituko dizkiegu, beraientzat inspirazio iturri izango direlakoan», nabarmendu dute. Egonaldietan parte hartzen duten artistentzat «KunArteren ekosistema gune egokia» dela ere azaldu dute, «egoiliarrek aukera baitute beren lanak TallerArteko publikoaren aurrean testatzeko». Hain zuzen ere, TallerArtek 3 eta 6 urte arteko haurren estimulazio artistikoa sustatzea du helburu. Laborategi artistikoa da eta bertan parte hartzen duten haurrek arteen aniztasuna bizitzeko esperientzia globala izaten dute. Ingelesa, euskara eta gaztelania erabiltzen dira aipatutako tailerretan eta KunArte proiektuan parte hartzen duten artistek tailerretan klaseak ematen dituzte, irakasle-tutorearekin batera.

Pilar Lopez Teatro Paraisoren koordinatzaile nagusiak tailerren garrantzia nabarmentzen du. Lopezen ustez, antzezlanak ikusten dituzten haurrek parte hartu behar dute ikuskizunetan. Esperimentazioa sustatu behar da, bizi izandakoa gogora dezaten. «Etorkizunean gogoratuko dituzten momentuak sortu nahi ditugu, itzala utziko dituzten momentuak», adierazi du, eta KunArtek proiektu berritzaileak sustatzeko balio duela azaltzen du. «Artistak zaintzen ditugu ondo egon daitezen, beraien sorkuntzetan lan egiteko aukera izan dezaten». Zentzu horretan, Teatro Paraisok KunArte proiektuan parte hartzen duten konpainiei etxebizitza bat uzten diela gogoratu behar da. «Egoera onean bizi behar dute», gaineratu du KunArteri esker konpainiek beraien mugak gaindi ditzaketela azaldu ostean. «Gure lana garrantzitsua dela uste dugu: artistak zaindu behar ditugu beraien proiektuek aurrera egiteko. Mezu hori helarazi behar diogu gizarteari», gaineratu du.

Laguntza eskertzen dute

Elena Bezanilla Pantzart konpainiako kideak biziki eskertzen du Teatro Paraisok egiten duen lana. «Laguntza handia eskaintzen digute, tartean lan egiteko oso ondo prestatutako leku bat. Baliabide gehiago ditugu gure lana egiteko», nabarmendu du.

Konpainiari dagokionez, Pantzart umeen arloan antzerki ekintzak garatzen dituen konpainia da, 2012an sortu zena arte eszenikoak berritzeko asmoz. «Arte plastikoak, txotxongiloak, musika eta literatura uztartzen ditugu, eta bizirik diren autoreekin lankidetzan aritzea dugu helburu», azaltzen dute konpainiako kideek. Orain arte hiru ikuskizun egin dituzte, hirurak Juan Kruz Igerabide eta Mariasun Landaren testuetan oinarritutakoak. Bihar Txotxongilo Taldearekin elkarlanean lan egiten dute eta etorkizunean beste artista batzuekin kolaboratzeko gogoa eta asmoa dute.

Baina hori etorkizunean izango da, gaur “Kolorez kolore” antzezlana aurkeztu behar dute-eta Gasteizen, Abetxuko auzoan zehazki. Eta bertan topatuko duten publikoa oso zorrotza da: umeek ez dakite noiz jo behar dituzten txaloak, haurrek ikusten dutena interesgarria edo aspergarria den dakite bakarrik. Eta ikusten duten ikuskizuna ez bazaie gustatzen, ez dute arretaz jarraituko. Orain arte behintzat, Pantzarteren antzezlanek txikien oniritzia lortu dute. «Gustatu zaizkie egin ditugun lanak», dio Bezanillak pozik.

Gaurko antzezlana amaitu ostean, tailer bat egingo dute. Dosierrean azaldu dutenez, «kolore eta materialek ilustrazio itsaso bat osatzen dute, eta, ilustrazio horiekin jolastuz, irudi poetikoak sortzen dira». Datorren astean Kiribil antzerki taldeko kideak helduko dira Gasteizera, “Iz” ikuskizuna aurkezteko. Hilaren amaieran Sara Iglesias artistak haurrei zuzendutako tailer bat eskainiko du, eta, abenduan, Date Danza, Teatro de la Caixeta eta Tyl Tyl Teatroren ordua helduko da. Amaitzeko, “Cia. No somos monstruos” tailerra egingo dute Arabako hiriburuan.

Pantzart, Asier Kidam magoa eta Kiribil taldea

Egunotan Partzart konpainiako kideak ari dira buru-belarri lanean Abetxukon Teatro Paraisok duen egoitzan. Baina Pantzart konpainia ez da KunArte proiektuaren egonaldi artistikoetan parte hartuko duen bakarra.

Urrian Asiar Kidam mago gasteiztarra egon zen Abetxukon, eta berak eman zion hasiera denboraldi berriari. «Kidamek magiaren mundua hurbildu zigun sormenezko magia tailer eta ikuskizun baten bitartez, ‘Jostailu magikoak’ deitzen dena», nabarmentzen dute KunArteko arduradunek kaleratu duten dosierrean. Kidamek egindako ikuskizuna Ikusi Makusi zikloaren barruan eskaini zuten.

Datorren astean helduko dira Gasteizera Kiribil antzerki taldeko kideak, Ipar Euskal Herritik datozenak. Hauek “Iz” ikuskizuna eskainiko dute. Dosierrean azaltzen den bezala, «‘Iz’ ikuskizunak bizitzaren jatorria gogora ekartzen digu, euskal mitologiaren eskutik. ‘Iz’ da argia, hitza, ura, mugimendua». Lau elementuok izango dira ondoren egingo duten tailerreko protagonistak.

Egonaldi artistikoetan parte hartzen duten artistak ez dira KunArte proiektuan zuzenean parte hartzen duten bakarrak. «Beste artista batzuk ere gonbidatu ditugu euren proiektuak etxe honetan sor ditzaten», azaldu dute proiektuaren arduradunek, «erresidentzia irekiak» ere antolatu dituztela gaineratuz. «KunArteko ateak beti daude zabalik lehen haurtzaroan inspiratutako sormen proiektuentzat».