«Que se vayan»-etik polizia eredu berrira, nola?
Gatazkaren ondorio” deitzen den askotariko kaxoi nahasi horretatik bost urteotan gutxien atera den gaia, duda izpirik gabe, desmilitarizaziorena da. Konponbiderik gabe segitzen badu ere, preso eta iheslarien auzia guztiz presente izan da une oro, armagabetzearena ere bai, biktimen alorrean aurrerapauso nabariak eman dira, bai eta epaiketa politikoak behingoz amaitzeko hainbat urrats ere... Aldiz, Aietera heldu artean indarrean zen polizia ereduak lehenengo lepotik du burua gaur egun ere, eta ez da apenas nabarmendu horrek ez bururik ez leporik ez hankarik ez duela. Orain, gainera, era oker eta ankerrean azaleratu da arazoa, Altsasuko liskarraren harira. Kontu hau itxuraz hain premiazkoa ez zen neurrian, alboratuta geratu izana ulergarritzat ere har daiteke. Baina bost urteotan izan diren zenbait gertaerari begiratuta, ez dirudi inondik bigarren mailako gaia denik. Iñigo Cabacas hil zuen pilotakada, esaterako, ez zen eskopetatik aterako gaztea herriko taberna baten aldamenean izan ez balitz, Ugarteko beraren hitzek argi erakutsi zigutenez. Gernikan herri harresia altxatzeko beharrik izan ez balitz, 94 urteko Julia Lanas ez zuten ertzainek kolpatuko. Altsasukoa ordu txikietako errieta arrunta baino ez zen izango. Eta Elhadji Ndiaye senegaldarraren heriotza ere beste modu batera aztertuko zuten askok eta askok, Polizia espainolaren bertsio sinestezinaren atzean lerrokatu beharrean. Eta abar...
Honen guztiaren atzean dauden jokamoldeak amaitzeko trabak eta ezintasunak begi bistan direlarik, polizia eta soldadu kopuruari eusteaz gain, bere posizio politikoa indartuz joan da Estatua arlo zehatz honetan. Ikus ditzagun, esaterako, Nafarroan gertatzen denaren inguruko hainbat detaile: kuartelik itxi ez eta Fiteron berri bat ere ireki dute inolako beharrik gabe; eskandalu eta erantzunik gabeko parada militarra ospatu berri da Iruñeko Antoniutti parkean (zalaparta handia sortu zen toki bertsuan 1996an PSNko Javier Otano gobernuburu zela egindakoan); nafar eskoletan polizia erakustaldiak gero eta ohikoagoak dira; Bardeako tiro eremua 2028ra arte luzatzeko hitzarmena indarrean da (eta 2001ean eta, apalxeago, 2008an hitzarmen horiek berritzearen aurka izandako herri mobilizazioen arrastorik ez dugu ikusi)... Desmilitarizazioari, Estatuko segurtasun indarren Espainiaratzeari, polizia eredu berriari... nola ekin oraindik definitu gabe dago Euskal Herrian, baina Estatuak argi duela ezin uka. Bere jarrera trinkotu eta gogortu du, eta ez da maila bereko indar metaketarik izan beste aldean.
Txaranga doinuz lagunduriko ‘‘Que se vayan, se vayan, se vayan...’’ kantuak biltzen zuen herri aldarria 70eko hamarkadan. ‘‘Perros guardianes del orden y la ley’’,&flexSpace;abestu zitzaien geroago, punk-rock estiloan. Pankartari eutsita ‘‘Alde hemendik!’’ leloa nagusituko zen 90eko hamarkadan. Baina ez da aparteko berritasunik gertatu 2011tik hona. Eta hala ere, auziari heldu beharko zaio goiz ala berandu, eta bere osotasunean hartuta: Cabacas edota Angel Berrueta gogoan izanda, baina baita Elhadji Ndiaye ere, ‘‘Alde hemendik!’’ hori osatuz, egokituz, gaurkotuz. Izan ere, polizia eredu berri batez hitz egitea arrotza irudi liteke Sakana aldean, baina ez da ‘‘Alde hemendik!’’ Fiteron oihukatzea baino arrotzagoa...
Gatazkak utzitako ondorioak gainditzeko orduan, ezer ez da gertatzen ari aurreikusi bezala. Aieteko egunetan inork ez zuen uste ETAren armagabetzeak Euskal Herrian zuela grabitate zentroa, presoen auzia Estrasburgotik arin zitekeela eta auzia betiko konpontzeko espetxe arloko eskuduntzak hartzea erabakigarria zela, epaiketa politikoek Auzitegi Nazionalean akordio bidez izango zutela bukaera, bi aldeetako biktimek ordezkari politikoek baino ausartago jokatuko zutela elkarbizitzaren alde... Desmilitarizaziora iristeko ere, bide zuzena baino, zeharkako hurbilketak jorratzeko ordua da, egungo egoera ez baita ulergarria inongo ikuspuntutik: ez politikoki, ez ekonomikoki, ez administrazioen eskumenen ikuspegitik, ez segurtasun arloko benetako beharrei dagokionez.... •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
