Oihane Larretxea de la Granja

RICARDO MARTIN, JENDEAREN ARTEAN NAHASTEN ZEN ARGAZKILARIA

Donostiako kaleak erretratatu zituen Ricardo Martin argazkilariak, baita jai herrikoiak, auto lasterketak edota Rifeko Gerra bera ere besteak beste. Jendearen artean nahastea gustuko zuen, bertatik irudi ikusgarriak lortzeko. Martinen bildumako onena batu du Juantxo Egañak Kubo Kutxak inauguratu berri duen erakusketarako.

Hiriko kaleak zeharkatuz, bereziki Kontxako pasealekua eta Askatasunaren Hiribidea, auzoetako festetara gerturatuz eta jendearen artean nahastuz. Hala lortzen zituen Ricardo Martin (1882-1936) argazkilariak irudi ederrenak, zuri-beltzean. Aristokrazia erretratatzen zuen, baina herritarrak beti izan zituen oso presente, haiek dira bere argazkietako protagonista nagusiak, pertsonak. Jantzi dotoreak eta zapata finak, herri kirolez gozatzen ari diren ikusleak, hipodromoa, Atotxako estadioa, arraunlariak, itsasoan freskatzen ari diren emakumeak… egoera arruntenetan zen perfekzioa ikusteko gai eta hura jasotzen zuen, klik batez.

Donostiako Kubo Kutxak bere lana jasotzen duen erakusketa zabaldu zuen atzo, “Ricardo Martin. Argazkilaria eta ikuslea” izenarekin, horixe egiten zuelako, herritarren artean nahastu, ikusi, begiratu, eta irudia zuenean hura harrapatu. Urtarrilaren 22ra arte egongo da zabalik. Hura bisitatu eta harekin gozatzeko aukera aprobetxatu bitartean, Juantxo Egaña komisarioak eman dizkio GAUR8ri erakusketaren gakoak eta artistari buruzko xehetasunak.

Argazkilaritza dokumentala bezala deskribatzen du Martinena, fotokazetaritzaren antza duena. «Argazki dokumentalak, Ricardok berak planteatu zuen bezala, aurrekaririk ez zuen Donostian. Ideiak oso argi zituen, hasiera-hasieratik badaki zer den egin behar duena. Hiria zeharkatzen du, bere kaleak, jaiak, eta mugitzen den guztia islatzen du, garrantzitsua deritzona. Txapelketak eta lasterketak, baina baita aristokraziaren lekukotzak ere», kontatu du Egañak.

Badajozeko herritxo batean jaioa, gazte etorri zen Gipuzkoako hiriburura. Familiako lagun baten bidez Urquijo banketxean lana lortu zuen, baina ez zuen inoiz argazki kamera askatu. Hala, 1915ean, 33 urte zituela, ireki zuen Hondarribia kaleko 2. zenbakian bere estudioa: Photo Carte. Ordurako, ordea, hamaika lan eginak zituen, besteak beste, Realeko futbol taldearekin. Dendak erakusleihoa zuen, eta bertan jartzen zituen ikusgai egindako argazki guztiak, jendeari saltzeko. Antza denez, denda igande goizetan zabalik izaten zen, eta jendea pilatu egiten zen erakusleiho hartan aurreko egunetan gertatu eta argazkietan jasotako guztia ikusteko. «Berak ondo zekien zer zegoen Donostian. Kontxatik paseatu eta argazkiak ateratzen zituen. Ondoren txarteltxoak banatzen zituen ‘Interesatzen bazaizkizu [irudiak], pasa zaitez dendatik’ leloarekin», azaldu du Egañak.

Argazkien arrakastaz galdetuta, egunerokotasuna jasotzeko moduan egon daitekeela uste du erakusketaren komisarioak. «Ekitaldi batean egon eta ondoren argazkiak ikusi ahal izatea… argazkilaritza existitzen zen, baina hura neurri batean berria zen. Pentsa, oroitzapenak erosteko modu bat zen. Ezagutzera eman zen, eta ezagun egin zen», dio.

Photo Carte estudioaren ospea

Ricardo Martinen ospea Gipuzkoatik harago joan zen. 1914a zen, eta Sociedad de Prensa Gráfica elkartea sortu zen, hainbat aldizkari grafikoren argitaletxea izan zena. Nicolas Maria de Urgoiti enpresaburua izan zen bultzatzailea, eta hark beti izan zuen Martin alboan, irudiak behar zituen neurrian. Hala, bere izena momentuko albisteei lotuta agertu zen. Testuinguru horretan, ulertzekoa da Photo Carte estudio-denda hiriko argazkigintza dokumentalaren erreferente bihurtu izana. Belle époque garaia puri-purian zela, joera ideologiko ezberdina zuten egunkariekin kolaboratzen hasi zen. Ezberdintasunak ezberdintasun, bere irudiak nahi zituzten paperezko hedabideek.

Europa une latzak igarotzen ari zen Lehen Mundu Gerra dela-eta. Kontinenteko aberatsek Monte-Carlo, Venezia eta Niza bezalako hirietatik ihes egin beharra izan zuten, eta bazuten nora joan: Donostiara. Bertako Kasinoaren garai oparoenak izan ziren, eta, Estatu frantseseko eta Belgikako hipodromoek gerraren ondorioz ateak itxi behar izan zituztenez, Donostiak berea irekitzea erabaki zuen 1916an, egun ezagutzen dugun berbera. Lehen zaldi lasterketon lekuko izan zen Martin. Hala, bere artxiboan arratsalde jendetsuon hamaika irudi topa daitezke.

Egañak erakusketarako prestatu duen liburuxkan azaldu duenez, hipodromoko argazkiok «abentura berrietara» eraman zuten artista. 1923tik aurrera Lasarte, Hernani eta Andoainetik igarotzen zen automobilentzako nazioarteko lasterketa Europako garrantzitsuena bilakatu zen, Lyongoarekin batera. Bugatti, Delage eta Mercedes bezalako garaiko auto etxerik garrantzitsuenek ez zuten hitzorduarekin hutsik egiten. Eta, hurrengo orrialdean ikus daitekeenez, Martinek orduan ere jaso zuen historikoa zena: lasterketa autoak gidatu zituzten lehen emakumeen lekukotza utzi zuen.

Garai hartan oso zaila zena ere lortu zuen argazkilariak. Izan ere, Egañak nabarmendu duenez, mugimendua izoztea oso zen zaila, auto batzuk 145 kilometro orduko abiadura hartzera ere ailegatzen baitziren. Martinek, baina, autoen bizkortasuna bikain jasotzen zuen Henri Lartigue argazkilariaren beraren estiloa gogoraraztea ere lortu zuen.

Gerraren lekuko, Afrikan

«Ricardo Martinek gertutik jarraitu zuen Rifeko Gerra, baina gerraren garapena ez zitzaion bereziki interesatzen; gertaera belikoak kontatzeak baino, bertan zegoen jendeak arduratzen zuen, pertsona haien bizitzak, sufrimenduak, gatazkaren alde humanoak», baieztatu du Egañak. Afrikarako bidea hartu zuenean, Gabonak gerrara bidalitako gipuzkoarren artean igarotzea erabaki zuen. Ordurako, urteak zeramatzan Atotxako geltokian edo Pasaiako portuan senideen arteko azken agurrak eta besarkadak jasotzen. Alde batean gerrara zihoazenak; bestean etxean zain gelditzen zirenak. Une horretan ematen ziren sentimenduak jasotzea interesatzen zitzaion. Rifeko Gerran egindako argazkiak, besteak beste, “Mundo Gráfico” eta “La Estampa” aldizkarietan argitaratu zituen, Photo Carte izenaz. “ABC” egunkariak, ordea, autorearen izen-abizenekin kaleratu zituen. Ez zen lehen aldia egunkari madrildarrak bere argazkiak erabiltzen zituela, eta lehen orria ere eman zioten, nahiz eta ebaki eta ukituekin izan.

Gerratik bueltan, eta erakusketan ikus daitekeenez, zaurituak tren geltokira ailegatzen diren unea jaso zuen kameraz. Gertukoen sufrimendua erretratatzen saiatu zen, Egañak uste duenez. Kasino zaharrean edo Miramar jauregian atondu ziren ospitaleetako zauritu eta erizainak ikus daitezke irudietan. Gerraren aurka egon ziren manifestazioek ere bere arreta bereganatu zuten.

Pertsonaia ospetsuen argazkiak

Biarritzen gertutasunak zerikusia zuen Donostiara etortzen zen jendearekin. Horri monarkia espainolaren eta Gobernu ordezkarien udako egonaldiak, belle époque garaia… erantsi behar zaizkio. Hala, Azorin, Sorolla, Pio Baroja eta Miguel Unamuno pasa ziren, besteak beste, Martinen kameraren aurretik. Orduan osperik ez zuen baina gerora famatu egin zen Josephine Baker charleston dantzaria ere erretratatu zuen. Bigarren Mundu Gerraren aurka gogor agertu zen Baker 1934an egin zen ospetsu “Zouzou” filmagatik.

Pisu astunen kategorian hiru aldiz Europako txapelduna izandako Paulino Uzkudun Errezilgo boxeolaria eta Charles Chaplin ere badira bildumaren parte. Argazki batek aktorea Txofreko zezen plazan erakusten du. «Adi eta erne egon zen Martin», Egañak kontatzen duenez, Donostiako ikusleak agurtu zituen unea harrapatu eta argazkiak munduari bira eman baitzion. Lalana toreatzaileak antza, artistaren bisitarekin harrituta, belarria eman zion eta Chaplinek, esker ona agertzeko, zilarrezko zigarreta kutxatila bat oparitu zion.

Martinen ondarea, Kutxaren Fototekan

Garaiak eta teknikak aldatuz zihoazen, baita argazkigintza ere. Horrekin guztiarekin batera, baita Martin bera ere. Argazki kamera arinagoak atera ziren merkatura eta berrikuntzekin bat egin zuen berak. Kazetaritza grafikoarekin interesatuta, Alemaniara jo zuen 1932an, telemetroa txertatuta zuen Leica II kamera erosteko. Urte hartan bertan, “AS” kirol egunkariarekin hasi zen kolaboratzen.

Talentu eta gaitasun bereziaren jabe, asko zuen eskaintzeko oraindik, baina, tamalez, bi urte ondoren gaixotu eta esofago minbiziak jota zendu zen 1936ko maiatzean, gerra hasi baino bi hilabete lehenago. Negozioaren ardura Agustina Zugasti alargunak hartu zuen, Vicente semeak lekukoa hartu zion arte.

Zuten balioaz ohartuta, 1973an garaiko Aurrezki Kutxak bi funts erosi zituen: Ricardo Martinena eta Pascual Marinena. Egun, guztion gozamenerako, Kutxaren Fototekan milaka argazki kontsulta eta ikus daitezke. Orotara 40 funts eta 800 argazkilari inguru biltzen ditu.

Erakusketaren helburuaz, alegia, Ricardo Martinen lana erakustearen zergatiaz galdetuta, Egañak ez du zalantzarik: argazkilariaren izena berreskuratzea. Argazkilari modernoa izan zen, aitzindaria, ikuspuntu aurrerakoia izan zuena zentzu guztietan, bai negozioari zegokionez, baita artistikoki ere.

Erakusketa egiteko asmoa duela hiru urte piztu zitzaion. Geroztik lan eta lan aritu da. «Vicente semea ezagutzen nuen, baina bere oroitzapenak ez ziren oso argiak, txikia zela galdu zuelako aita. Baina bere lana oso gertutik jarraitu dut, ikertu dut aldizkari eta egunkarietan, artxiboetan…».

Kubo Kutxan 110 argazki inguru ikus daitezke, eta oso zaila izan da, hain justu, agertuko zirenak hautatzea, 200.000 negatibo ikusi behar izan dituela kontuan hartuta. «Irudiak aukeratzeko garaian bere bizitza ehuntzen saiatu naiz. Argazkiak ikusiz eta ikusiz ezagutzen amaitzen duzu pertsonaia, ulertzera heltzen zara nolakoa zen, nola eta zergatik egiten zituen irudiak –kontatu du Egañak–. Eta azkenean, gertuko sentitzen duzu. Deskribatu beharko banu esango nuke oso humanoa zela, sentibera, bere inguruko jendeagatik kezkatzen zela».

Prozesua oso aberasgarria izan da, baina ez da Juantxo Egaña Kutxaren Fototekan barneratu den lehen aldia, 2012an “Focus” erakusketa egiteko beste hainbeste egin baitzuen. Gauza askok harritu dute komisarioa. Horien artean aipagarriena erakusketa iragartzeko hautatu duen argazkia. Bertan emakume bat ikusten da, itsasotik atera nahian, gabarroi batera igotzeko. «Ez nuen irudia ezagutzen eta lehen aldiz ikusi nuenean kolpatu egin ninduen. Indarra du, konposizioa izugarria da». Argazkien aukeraketa ez da mekanikoa, «sentsazioen bidez» egiten den prozesua baizik. Eta ikusleak, ziur, horietako asko sentituko ditu.

.