Joxean Agirre

Xostakovitx

Batzuetan txikiek beren buruaz barre egiteko erabiltzen dute umorea. Augusto Monterroso idazleak 1,60 neurtzen zuen eta hamaika txiste egin zuen horren kontura. Lazkao Txiki bertsolariak ere etekin ederra atera zion bere txikitasunari. Marttin Trekuk ere bozkario puntu batekin eraman zuen bere txikitasuna. Horrek ez du esan nahi, ordea, pertsona laburrak zoriontsuago direnik, umore mingotseko txikien zerrenda izugarria baita.

Umoreak, dena den, txikiak handiari aurre egiteko ere balio dezake. Jose Mari Esparzak jotari buruzko bere liburuan Chacoli izeneko Tafallako jotero bat aipatzen du. 80ko hamarkadaren hasieran herriko taberna batean ardo bat edaten ari zela PSOEko buruzagi garrantzitsu batzuk sartu omen ziren eta jota bat kantatzeko eskatu zioten. «Navarros y vascongados/ tenemos algo pendiente/ hacer una patria unida/ euskaldun e independiente», kantatu omen zuen. Ez zioten bigarrenik eskatu.

Askoz ere bihurriagoa da, beste adibide bat aipatzearren, Rolling Stones taldeak erregina britainiarraren aurrean lehen aldiz jo zuenean Mick Jaggerrek aurkezpenean egin zuen txistea: «Atzeko lerroetakoek txalo jo dezakezue. Lehen lerroetakook nahikoa duzue besoetako bitxiak astintzearekin». Badago agintearen aurrean kolektiboki defendatzen gaituen umore bat ere. Egunkari honetan bertan Tasioren tira horrelakoa da. Zaldieroarena “Berria”-n ere hortik doa, nahiz eta geure buruari barre egiteko ere balio izaten duen.

Agintea erabat krudela eta totalitarioa denean, ordea, umorearentzat apenas gelditzen den lekurik. Egunotan irakurri dut, Xostakovitx musikariaren kasua gaitzat hartuta, Julian Barnes idazleak udaberrian atera eta berriki gaztelerara itzuli duten “El ruido del tiempo” eleberri ederra. Stalinen garaia da eta Siberiara deportatu edo heriotzara kondenatuko duten beldurrarekin idatziko ditu bere lanak, tarteka estetika ofizialari men eginez. Drama hori irakurtzen ari nintzen bitartean gurean eman diren kasu batzuekin gogoratzen nintzen, Julio Beobide eskultorearekin esate baterako, abertzalea izanik, frankismoak emandako enkargu zenbait egin behar izan baitzituen, horien artean Francok El Pardon zuen kaperarako Kristo bat, gero Valle de los Caidos delakoaren aldare nagusian jarri zutena, edo Azpeitiko sarreran eraiki zuten frankisten monumentuko eskultura nagusia. •