joseangel.oria@gaur8.info
IKUSMIRA

MUNDUAREN AMAIERA AL DATORKIGU?

Ez nuen horrelako hauteskunde kanpainarik inoiz ezagutu. Ezta bazter guztietako hedabideen arreta horrenbeste erakartzeko gaitasunik ere. Azkenean, azken bolada honetan gehiegitan gertatzen ari zaigun moduan, bozketa egin aurretik ia ezinezkotzat jotzen genuen aukerak irabazi du: Brexita, Kolonbiako herritarren ezetza, Estatu espainoleko Rajoy ustelaren garaipena… Ezusteko horiek gutxi izango balira bezala, San Sebastian egunetik aurrera Donald Trump edukiko dugu Etxe Zurian, bere eskuetan egongo da arma atomikoak jaurtitzeko botoia…

Agindu duenaren erdiaren erdia egingo balu, hondamendia eragingo luke leku eta erakunde askotan, Nazio Batuetatik bertatik hasita, AEBek nazioarteko erakunde hori ordaintzeari uzten badiote, agentzia ezberdinetan lan egiten dutenek beste lanposturen baten bila hasi beharko dute-eta.

Baina ezin izango du agindutakoa bete, orain zortzi urte Obamari berari gertatu zitzaion moduan. Chicagoko politikari beltzak AEBetako tropak Afganistandik aterako zituela agindu zuen 2008an (Guantanamoko kartzela itxiko zuela esan zuen moduan), baina gero berak ez zuen erabaki Defentsa Saila nork gidatu, erabaki hori ezarri egin baitzioten. Obamak Asiako herrialdera tropa gehiago bidaltzeko erabakia onartu behar izan zuen, boto-emaile asko haserretu bazitzaizkion ere.

Orain tankerako zerbait gertatuko da, armagintzaren lobby indartsua ez baitago bere kontuak dirudun ahobero baten kapritxoen arabera uzteko prest. Edonola ere, Trumpen garaipenaren letra txikiagoak oso kezkatuta egoteko arrazoi ugari ematen die AEBetan bizi diren askori, batez ere eskuin muturreko milizia armatu horietakoren bat (dirudunaren alde zeuden, nahiz eta hedabideek ia ez duten aipatu) ondoan edo gertuegi duten gutxiengoetako kideei.

joseangel.oria@gaur8.info