Ba al dago ezkerrik?
Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi berri dituen honetan, eskuina mundu mailan indartzen ari ote den eztabaida, kezka eta beldurra hedatu dira hedabideetan eta iritzi publikoan. Izan ere, muturreko eskuinak eskuin moderatua on bihurtzen du, Hillary Clintonekin gertatu den moduan. Eskuinaren eta ezkerraren arteko eztabaida eta konfrontazio klasikoa ezabatu du bien arteko lehiak Ameriketako Estatu Batuetan, eskuinaren eta are eskuinagoaren arteko eztabaida eta lehia politikoa plazaratuz, fenomeno hori mundu mailako bihurtzeko helburuaz, belaunaldi berrien begiradetan betikotzeko arriskuarekin. Ondoren gauza bera gerta liteke, gertatzen ari da, Europan ere, Frantzian, Alemanian, Espainian...
Epe ertaineko eta hurbileko etorkizunari begira, eskuinaren gailentzeak, ondorio larriak eragiten dizkio ezkerrari: ia desagertzera edota eragin eskaseko posizioetara eramaten ez duen kasuetan, ezkerra agintera iristen denean, bere ohiko posizio ideologikoak eta praktikak aldarazten dizkio eta eskuinarenak izan diren neurriak hartzera eramaten du. Hori gertatzen ari da, esate baterako, Frantzian agintean den alderdi sozialistarekin, mundu sindikalarekin eta langile interesekin erabat oldartuta dagoena. Edo Espainian alderdi sozialistan gertatzen ari dena ez al da eskuinaren lorpena?
Ikusiak ikusita, galdetu beharko dugu, non da ezkerra? Edo, ba al dago ezkerrik? Posible al du ezkerrak boterera iristea? Edo, iritsiz gero, posible al du ezkerreko politikak gauzatzea?
Txikira jokatuz, geurera etorriaz, posible al da aldaketak ezkerreko norabidean jartzea?
Nafarroan aldaketaren gehiengoa dago agintean. Euskal Autonomia Elkargoan ezkerreko alderdiek gehiengoak osatzeko aukerak eraiki dituzte.
Baina irakurri berri dugu Euskal Herrian indar handia duen sindikatu bateko ordezkari nagusiaren iritzia zein den: alderdi guztiak, ezkerrekoak barne, eta haien diskurtsoak eta erabakiak, neoliberalismoaren zakuan sartzen ditu. Ezker politikoa eta sindikalgintza aurrez aurre jarri nahi izateak, ez ote dio mesede egiten eskuinari? Eztabaidak espazio komunak behar dituen honetan, ez al dago lekurik elkarlanerako? Sindikalismoak, kasu guztietan, konfrontazio esparru izan behar ote du? Alderdiek, sindikatuek, beste eragile sozialek osaturiko euskal ezkerrak badu eraikuntza prozesuan akordioetara iristeko premia, baina mesianismorik gabe. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
