Laura Mintegi

Urtero al da 20-N?

Memoria ez da transmititzen. Memoria berreskuratu egiten da», adierazi zuen idazle batek “Literatura, memoria eta gatazka” gaiaz berriki osatu genuen mahai inguruan. Bizitza osoan gazteen artean nagoela ohartu naiz nekez transmiti diezazkiegula gure bizipenak, gure eskarmentua, gure irakaspena. Gehienez datuak eman ahal dizkiegu, baina, beraiek “deskubritu” arte, datuen atzean dagoenaz ohartu arte, ez dute bere egiten jasotakoa. Jakingo dute, baina ez dira jabetuko entzundakoaz.

Memoria ez da iraganeko gertaera estatikoa. Memoria sortu egiten da norbaitek iraganekoa orainera dakarren bakoitzean. Kontatzea ez da nahikoa, bizi ezean.

Bihar, beste behin, azaroak 20 beteko ditu. Azaroaren 20 batean, 1936koan, gerra zibila hasi berria zela, Errepublika espainiarrak exekutatu zuen Jose Antonio Primo de Rivera, falangearen sortzailea eta Miguel Primo de Rivera diktadorearen semea, 33 urtekoa. Errepublika indartsu zegoen oraindik, eta uste zuen erraz akabatuko zuela militar kolpisten matxinada. Oker, 1975era arte iraun zuen eta.

1975. urtea amaitu orduko adinez nagusi ginenok pozaren pozez jaso genuen azaroaren 20a. Diktadorea behin betiko hil zen, epe batean noiz hilko ibili ostean, hainbat herritar aiduru gintuela.

Hil egin zen, agidanez, 83 urte betetzeko aste pare bat falta zitzaizkiola. Gutariko asko dezente poztu ginen eta pena izan zen gure arbasoek ez zutela egun hori ikusi, Francoren urte gogorrenak pairatu eta gero.

Bigarren pena izan zen ohean hil zela, ondorengoa «lotuta eta ondo lotuta» utzi ostean, berak esaten ohi zuen moduan.

Hala ere, azaroaren 20a pozerako eguna zen, ezbairik gabe, opresioaren amaieraren hasiera zela uste baikenuen orduko gazteok.

Bederatzi urtez bakarrik gozatu genuen data hori, 1984an bilbotar askoren pediatra izan zen Santi Brouard erail zutelako. 65 urte zituen eta kontsultan zegoen umeak artatzen, ohi bezala. Familia askok pediatra galdu genuen eta Brouard familia ikaragarri kolpatu zuen, Teresa Aldamiz emaztea bereziki.

1984tik aurrera, azaroaren 20ak poz eguna izateari utzi zion. Santi errespetatua izateaz gain, oso maitatua zen Bilbon eta Euskal Herri osoan. Gizon ona, osoa, engaiatua, argia, abegikorra. Ezagutu zuen inork ez zuen hitz erdirik esan Brouarden aurka, ideologia gorabehera.

Urtez urte eraman genuen egun madarikatuaren zama. Bost urte geroago, 1989an hain zuzen, Josu Muguruza Madrileko Alcala hotelean erail izanak betiko goibeldu zuen azaroaren amaierako data. Muguruzak 31 urte zituen, eta hamazazpi egun geroago aita izango zen, lehenengoz. Ezagutu genuenok badakigu zein maitagarria zen eremu pertsonalean eta zein beharrezkoa zen arlo politikoan. Ordutik aurrera, garaikideon memorian azaroaren 20a da agresioaren eguna, inpunitate espainiarraren eguna, eta injustiziaren eguna. Egun tristea, mingarria.

Agrabioak hereda daitezke, baina bizipenak ezin dira txertatu hurkoaren gogoan.

Euskal Herriaren historian, zoritxarrez, belaunaldi bakoitzak ezagutu ditu errepresio egoerak lehen eskutik, arbasoen kontaketa jaso ala ez jaso. Gure gurasoek gerra zibilaren eta lehen frankismoaren krudelkeria bizi izan zuten. Gure belaunaldiari egokitu zitzaion frankismoaren azken garaia eta erregimen berriko estatu terrorismoa bizitzea, eta gure seme-alaben belaunaldiak ezagutu du “demokraziaren” errepresio sotila: gazte mugimenduaren zapalketa basatia, ilegalizazioak –edozein sigla erabilita ere –, herri harresien esperientzia, eta, poliziaren begietara susmagarri izatea, Guardia Zibila izan, Polizia Nazionala ala Ertzaintza, Altsasuko egoera eta Iñigo Cabacas lekuko.

Memoria ez da transmititzen, berreskuratu egiten da. Eta errazago berreskuratzen da oraina bada iraganaren jarraipena. •