Hirietako ziklo ekonomikoei buruz


David Harvey geografo britainiarraren izena Karl Marx alemaniarrarenarekin alderatzen da. Seguruenik, Harveyk ez luke alderaketa gaizki hartuko, naiz eta noizbait adierazi izan duen Marx, eta bereziki «Kapitala» obra, ez dela beretzat errealitatea aztertzeko erreminta bat baizik. Klase sozialak bukatuta daudela sinetsarazi nahi diguten garai honetan, hirigintza eta arkitekturaren azterketa erreminta horren bitartez egiteak ondorio esanguratsuak azal ditzake.
Funtsean, kapitalaren metaketak aurrera jo behar du, eta etengabe hazi. Hazkunde hori eteten denean, krisia dator. Ekonomizisten eskola marxistaren arabera, kapitalismoaren barru-barruan datza aldiro, akaso hamarkada batzuen aldeaz, krisian erortzea.
Historiari so egitea besterik ez dugu, errepaso txikia joz, ekonomizistok arrazoiz jantzita daudela ikusteko: 1847ko Europako krisia, 1929ko burtsaren kraka, 90eko hamarkadako Japoniako higiezinen krisia, .com enpresen burbuila, Txinako finantza krisia eta, azkenik, 2007ko hipoteken krisia (akaso hurrengoa zor krisia izango da?).
2012an argitaratutako «Hiri errebeldeak» edo «Hiri matxinoak» obran (boluntariorik euskaratzeko?), Harveyk hirigintzaren azterketa sektorialaren aldarrikapena egiten du, higiezinen espekulazioa, gehiegizko eraikuntza eta urbanizazioa krisialdi ekonomikoen sortzaile, eta ez ondorio, direla adieraziz. Ortodoxian, gehiegizko prozesu urbanizatzaileak kapital metaketa horren ondorio zirela onartua dago, baina Harveyk bestela pentsatzen du.
Argudioan, AEBetako National Bureau of Economic Research ikerketa taldeko grafiko bat aztertzen du geografo britainiarrak: grafikoan, New Yorken 1890etik 2010era bitartean eraikitako etxe orratz kopurua marrazten da. II. Mundu Gerraren parentesia salbu, gora eta behera egiten du grafikoak. Punturik altuenek, hau da, eraikin kopuru handienak eraiki diren urteak adierazten dituztenak, aipatutako krisiak hainbat urtez aurreratzen dituzte.
Zikloen teoriak, hots, kapitalismoaren naturan hazkunde zein atzeraldi zikloak daudela pentsatzeak, baditu aldekoak eta kontrakoak. Nork daki, are gutxiago guk, euskaldun xume eta sinpleok, makroekonomiari buruz. Alta, eraikuntzaren sektoreak, EAEn, %65eko jaitsiera jasan du azkeneko sei urteotan. Horri, depresioa edo atzeraldia deituko nioke. Era berean, 2016ko azkeneko hiru hiruhilabetekoetan, 2010etik lehenengo aldiz, eraikuntzaren sektoreak hiru balio positibo jarraian azaldu ditu. Arkitektoen Elkargoko bisatuak gora doaz, obra berrienak barne, aspaldi geldi zeuden plangintza urbanistikoak aktibatu dira, kredituen jarioa piztu egin da...
Hori gutxi balitz bezala, hiriaren subjektu politikoaren ideia erabiltzen ari da, etengabe, hamaika meeting, kongresu, topaketa eta abarretarako: Cities & Economy, Cities & Design, Urban Regeneration Forum, City Branding & Marketing… Diru publikoz sustatutako ekimenak dira, hiriak modu erakargarrian eta salmentarako «bero» aurkezteko pentsatuak.
Tira, bagoazela berriro, aldapan gora, (ia) ezer ikasi gabe. •

