Indarrak askatu
Aste honetan izan dugu EAJ eta PSEren arteko gobernu akordioaren berri. Ez dugu espero ez genuenik entzun, baina errealitate gordinaren aurrean jarri gaitu. Urkulluk gidatuko duen koalizio gobernuak Gernikako Estatutua berritzeko konpromisoa hartu du, lege aukeren barruan eta Espainiaren bedeinkazioa jasoz betiere. EAJk hauteskunde programan aurretiaz kontsulta loteslea egiteko hartu zuen konpromisoaz ez dio deus gobernu akordioak, nahiz Ortuzarrek autogobernu ponentzian EAJk kontsulta hori egiteko proposamena egingo duela adierazi duen.
Uste dut garai erabakigarriak datozkigula. Burujabetzan aurrera egiteko garai aproposak izan daitezke, baina baita herri honen aukerak osinean itotzeko ere. Eta badugu kezkatzeko motiborik. Segidan gobernu berriaren pilotuak, Iñigo Urkulluk alegia, buruan izan dezakeen bide orria asmatzen saiatuko naiz: Kataluniak datorren urteko irailerako iragarri du erreferenduma. Prest izango dituzte ordurako deskonexiorako legeak eta erreferenduma egiteko saiakera egingo dute. Jakina denez, Espainiak ez du Katalunia subjektu politiko gisa errekonozituko duen proposamenik inolaz ere onartuko, eta, ondorioz, hurrengo urtearen lehen erdian maila gorenera iritsiko da Kataluniaren eta Espainiaren arteko talka. Azken urteetan aipatu izan dugun trenen arteko talka gertatuko dela iragar genezake.
Nago Urkulluk espero duela momentu hori iristen denean azken urteetan Espainian izan ez duen interlokutorea izan dezakeela. Eta Madrilgo atea joko duela bere burua Espainiaren batasunaren bermatzaile gisa aurkeztuz. Hau da, gutxi-asko honako zerbait eskain diezaiokeela Rajoiri: egin dezagun akordio bat Euskadirekin, Euskal Herria nazio kultural gisa onartuz, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa blindatuz, eta orain arte eskualdatu ez diren Gernikako Estatutuaren konpetentziak eskualdatuz. Akordioa erreferendum bidez onartuko genuke Euskadin. Horrela aukera paregabea izango duzu, betiere “arrazoimena” nagusituz gero, Espainiako Estatuaren barneko nazioei konponbide demokratikoak eskaintzeko gai zarela adierazteko katalanei zein nazioarteari.
Estatu operazio bat alegia. Kataluniako prozesuari kontentzio harresi bat jarriko liokeena eta Euskal Herriak burujabetzan aurrera egiteko aukerak zakarretara botako lituzkeena. PSOEk gogo biziz helduko lioke aukera horri, eta momentua iritsita uste dut Podemosek ere hartuko lukeela. EAJk euskal gizarteari esango lioke Kataluniako konfrontazio antzuaren aldean errealismoa behar dugula, eta Estatutu (zahar)berriarekin aurrera urratsak emango ditugula, nahiko genituzkeenak izango ez badira ere. Komunikabide nagusiek gogotsu lagunduko lukete produktua saltzen, eta erabakitzeko eskubidearen afera… ba aizu, jarri ditugu hautetsontziak eta bozka bidez onartu dugu gure Estatutu berria! Zenbaketa gauean, baiezkoak irabazi duela jakitean, «Independentzia!» oihukatuko lukete jeltzale militanteek ahots ozenez. Biribila!
Hortxe Urkulluk egin dezakeen saiakera. Noski, ziur nago EAJk ez dituela datozen hilabeteak nik hemen egin dudan bezain modu lineal eta errazean irudikatzen. Baina uste dut agertoki hori bilatuko duela, eta baldintza horiei ahal beste zuku ateratzen saiatuko dela.
Martxan jartzeko ordua beraz. Epe laburrean, Euskal Herriak bere behar sozial, ekonomiko, kultural eta instituzionalen araberako estatus politikoak izango dituen, edo estatusok Espainia dekadente, neoliberal eta ultranazionalistarekin erdietsi daitezkeen akordioen araberakoak izango diren da jokoan dagoena. Gure izatearen onarpena eta erabakitzeko eskubidearen errespetua ala aurrerabideak urte luzeetarako zapuztea. Eta gakoa ez dago –eta ez da egongo– autogobernu ponentzian, hortik kanpo baizik. Ixteke dauden eztabaidak itxi eta burujabetzaren aldeko prozesu sozial bat artikulatzeko ordua da, indarrak askatzekoa.
Xabier Landabidea adiskideari irakurri nion orain gutxi susmoa duela gure aukeren azpitik jokatzen ari garela, herri bezala eta norbanako bezala. Bat nator berarekin. Energia eta talentua sumatzen ditut nik bederen, bideari ekiteko irrika, nor izateko nahia. Indarrak askatzeko ordua da! •

2025eko telesailik onenak

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian
Noiz hasi ote zen dena?
Kontakizun feministaren botere eraldatzailea
