Pornoa eskolan
Ez nau bereziki erakartzen LOMCEri buruz aritzeak. Mamu handi horrek besteen artean sexu-heziketa demonizatu egin du eta. Eskerrak azkenean atzera botako dutela inkisiziora itzularazi nahi gaituen lege organikoa, ilunpez, giltzarrapoz eta prejuizioz beteriko gazteak hezteko prestatutako munstroa.
Arrazoiak anitzak eta gurutzatuak izanik ere, etenik ez duen sexu jazarpenari aurre egiteko gakoetariko bat heziketa dela bat gatoz. Agerikoa da orain arte dosi ñimiñoetan eta zurikeriatan oinarritutako sexu heziketa ereduak ez direla eraginkorrak izan ez izango, ez bada ministro edo kontseilarien kontsolamendurako. Mugimendu feministak aspaldi aktibatu ditu mezu eta erantzun zuzeneko antolatuetan oinarritutako dinamikak. Ez ei dira guztien gustuko. Baina genero maila guztietan berdintasuna bada helburu benetakoa, nekez lor daiteke egoera ezin larriagoa iraultzea guztiontzat erosoak diren eta inor molestatuko ez duten neurriekin.
Ez gaitezen engaina. Gure amona-aitonen garaitik, “sexua” hitza bera tabu zenekoa, uste baino gutxiago aurreratu da sexu heziketan. Geure esku egon arren, arduragabekeriaz jarraitzen dugu jokatzen: sexu harreman gogoak gazterik pizten direla jakin arren, eskolan zein etxean anatomiaz eta antisorgailuez harago apenas irakasten diegu ezer.
Burutazio bi hauek nebilzkiela aurkitu nuen astelehenean proposamen benetan eraginkorra @mikelgi-ren “Argia”-ko blogean, Jenni Murray kazetariaren eskutik: eskolatan pornoa aztertzea. «Ohiko pornoak emakumeak objektu eta gizonentzako plazer-iturri huts bihurtzen ditu», eta nerabeek sexu praktika balore horietan barneratzeko arriskua dute kontuan hartzen badugu %60rentzat pornoa dela sexu-heziketaren iturri nagusia.
Pornografia ikasgelan sartu, irakaslearen laguntzaz eztabaidatu eta mezuak iraultzea proposatzen du, eta berdin etxean gurasoekin. Ziur nago gazteek gezurrak eta beldurrak uxatzea lortuko lituzketela eta sexualitatea naturaldu eta sendotu, baita sexu harreman egiazkoago eta bihurriagoak izan… nola gurasoek zein irakasleek. •

