Puntu lila txikiak
Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna deklaratu zuen 1999ko abenduaren 17an Nazio Batuen Biltzar Nagusiak bere 83. osoko bilkuran. Hamabost urte baino gehiago pasa diren honetan, gaiaren inguruan aurrerapen nabariak eman direla aitortu beharra dago. Biolentziaren desagerpenari dagokionez ez, noski, baina bai bederen arazoaren ikusgaitasunari eta gizarteratzeari dagokionez. Hau da, ez da arazoarekin bukatu, baina zeri buruz ari garen ezagutzetik hurbilago gaude orain; eta, publikoki behintzat, politikoki zuzena ez den portaera bezala hartzen da gero eta gehiago indarkeria matxista. Kito. Urrutiago joaten ez naiz ausartzen. Izan ere, goazen gogoratzera (tira, ez gara horren nagusiak, goazen lotsarik gabe pentsamenduotan elkar ezagutzera) hainbat eraso txikiagotu genituenean (jaietan hainbatetan entzuten ziren ahozko erasoetatik bortxaketa kasuetara, non «beno, neska horrek jakin beharko zuen zertara arriskatzen zen horrela jantzita/ horrelako mozkorrarekin/ horrelako konpainiekin» bezalakoak aditzen ziren); erasook ezagutu, eta, hala ere, ezer egin ez genuen.
Gaur egun, eta egindako lanari esker, horrelako salaketen aurrean gure haserrea adierazten dugu, gizarte lez. Izututa irakurtzen ditugu gure gazteei egindako inkestak, non aitortzen duten bortxatu egingo luketela kondena bat jasoko ez dutela ziurtatuko baliete. Izutu? Egin al ziguten guri halako inkestarik? Orain hogei urte mutil gazteak ziren horiei?
Aurten protagonismo berezia hartu du azaroaren 25aren kanpainaren barruan neskatoen aurkako biolentziak. Biolentzia sexuala. Ileak puntan jartzeko moduko egunkari titularrak izan ditugu asteon (Arabako Aldundiko eskandalutik hasi eta neskato batek egindako grabaketara, non aitak lasai aitortzen dituen familiaren aurrean alabaren aurkako sexu abusuak, sistema judizialaren gabeziak argi azalduz), errealitate oraindik mingarriago bat agerian uzten dutenak: zerbait berria da, edota, emakume helduen aurkako biolentziarekin gertatzen den bezala, beti hor egon den baina isilpean mantendu den zerbait da?
Emakumeen aurkako biolentzia salatzeko orduan ezin dugu lotsa sentimendu puntu bat ekidin, erruduntasun sastada bat: hor zegoela jakinda ere, urte luzeak eman ditugu ezertxo egin gabe. Ondoko etxean oihu eta kolpeak, auzoan ezaguna zen beste kasu hori… Baina etxeko giroari zegokion zerbait zen. Familia sekretuen bazterreko zerbait. Bidea luzea izan da erasook gizarte moduan onargarriak ez diren portaera gisa hartzeko, erasook norberaren aurkakoak bailiran hartzeko.
Haurren aurkako eraso sexualen kasuan antzeko zerbait gertatzen dela uste dut. Gaiari buruz hitz egiten hastea baino ez dugu, gure ondoan (edo norberarengan) kasuak ezagutzeko: osaba hura, denok maite zuten familia lagun hori… Lau neskatotik batek pairatu ditu/pairatzen ditu sexu abusuak. Goazen zenbaki hori gure alabatxoen eskolara estrapolatzera, gaiaren dimentsioaz konturatzeko. Eta berriro ere erruduntasun sentimendu hori dator: beti isilpean mantendutako kasuak dira. Biktima bera modu horretan errudun sentiaraziz. Bere garaian emakume helduen aurkako biolentziarekin gertatzen zen bezala.
Baina badira argia ikusi behar duten sekretuak. Salatu beharreko sekretuak. Modu horretan bakarrik hartuko diogu arazoari neurria jendarte moduan, erasook inoiz gehiago onartuko ez direla ziurtatuz. Lau neskatotik bat arazo pertsonal bat izatetik oso urruti dagoelako. Agian, hau guztia argitara eramateak gure gizartearen pitzadurak erakutsiko ditu. Baliteke gizarte gaixo bat agerian gelditzea. Baina existituko ez balira bezala jokatzeak ez gaitu inolaz ere gizarte osasuntsuagoa bihurtzen. •

2025eko telesailik onenak

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian
Noiz hasi ote zen dena?
Kontakizun feministaren botere eraldatzailea
