Soberako pisua


Askorentzat lehenengo eguna da. Baionako trenetik jaisten dira Donibane Garaziko geltokian, beste dozenaka ibiltarirekin batera, motxila, bota eta makilekin, mapak zabaltzen dituzte, hizketan pozik eta urduri aritzen dira. Badira autobusez edo kotxez etorritakoak ere. Gutxi batzuk Frantziako eta Europako bideetatik oinez datoz; eta hauek harridura pixka batekin so egiten diote Donibane Garazin topatzen duten iskanbila jendetsuari.
Urtean berrogeita hamar mila erromes baino gehiagok zeharkatzen dute Errobi ibaiaren gaineko zubia, Lepoederko igoerari ekiteko. Askorentzat, Santiago Bidearen lehen etapa: askorentzat, damuen eguna.
«Garaziko portuen eskualdean, Izura eta Donibane Garaziko herrietan, jendea pikutara bidaltzeko modukoa da. Erromesarengana hurbiltzen dira bi edo hiru makilekin, zerga zentzugabe bat kobratzeko. Eta erromesen batek ez badie dirurik ematen, makilaka astintzen dute eta galtzamotzak ere arakatzen dizkiote». Aymeric Picaud erretxinaren hitzak dira, XII. mendean idatzi zuen Santiago Bideko gidakoak. Baina lasai: duela bederatziehun urteko ohar hori zahartuta dago, eta egun, kafetegi turistiko bat edo beste kenduta, Garazin ez dituzte kanpotarrak makilaka hartzen. Abegikorrak dira erromesekin.
Eta aholkuak ematen dizkiete: aholkuz beteta dago Donibane Garazi. Erne, eguraldi txarrarekin! Oso txarra bada, Luzaideko errepidetik igo zaitezte. Adi, aurrean daukazuen aldaparekin!
Bat-batean, hogei kilometroko igoera eta 1.200 metroko desnibela topatzen dute erromes hasiberriek. Asko eta asko ahituta gelditzen dira aldapan: gorputza ez daukate prest, motxila zamatuegi daramate, goiko zelai soiletan beroak kiskali, hotzak izoztu, euriak blaitu edo lainoak bilduko ditu agian. Santiago Bide osoan erreskate gehien egiten diren tartea da.
Motxila erraldoien azpian makurtuta zihoazen erromesak ikusi izan ditut Lepoederko igoeran; litro eta erdiko bi botila aldakaren alde banatan lotuta eta zintzilik zeramatzaten korearrak; neska alemaniar bat, txakur ñimiño bat lotuta zeramala, eta txakurrak txaleko bat, bere ur botila txikia belkroz lotuta. Ez nituen zenbait bikote frantses ikusi, zama titanikoaren azpian hondoratuta zihoazelako, baina euren bastoiak ikusi nituen haztamuka mugitzen, urrats bakoitza ondo tinkatzen, une oro Lurraren muineraino hondoratzeko beldurrez edo.
Motxilatik gauzak ateratzen eta abandonatzen hasten dira zenbaitzuk. Aldapa gogorrenetako batean, alemanez idatzitako liburu tantriko mardul bat aurkitu nuen, zutoin baten gainean utzita. Eta plastikozko poltsa batean bildutako otoitz liburu bat, alemanez baita ere. Nonbait irakurri nuen pelegrinazioa gorputzarekin egindako otoitz bat dela. Zertarako, orduan, otoitz liburu bat motxilan.
Gorago, harri baten gainean, Paulo Coelhoren liburukote bat ikusi nuen. Eta Orreagako aterpetxean –lehen gaua askorentzat–, Coelho eta Bucay eta Chopra eta hutsean ontziratutako hitzen maisuen liburu abandonatuak pilatzen ziren, energiaz, autolaguntzaz eta zoriontasunez gainezka. Pisu gehiegizkoa erromesentzat: han zeuden, liburu literalki astunak, apaletan pilatuta, benetako erabakien garaia heltzen denean abandonatuta. Ibiltariek, beti, soberako pisua baztertzen dutelako. •
www.anderiza.com

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian
Noiz hasi ote zen dena?
Kontakizun feministaren botere eraldatzailea
