Iñaki Soto

Ezkerra, antibiotikoak eta politika publikoak

Antibiotikoen krisia» deitzen dutena bi aldiz azaldu da nire radarrean oso tarte laburrean. Lehendabiziko aldian lagun baten bitartez izan da. Bere senide batek duen gaitzerako tratamenduan arazoak izan dituzte antibiotikoekin, horiek ez baitute dagoeneko beren funtzioa espero bezala betetzen, eta horrek medikuak esperimentatzera behartzen ditu, formula egokia topatu arte. Zorionez, nire lagunaren kasuan asmatu dute eta horrek bere senideari tratamenduarekin jarraitzeko aukera emango dio.

Baneukan arazoaren berri, baina gertuko pertsona baten esperientziak nire alarma piztu du, arazoa uste baino gertuago dagoela ikustearen ondorioz. Berarekin hitz egiten amaitu bezain laster, kasualitatez, “The Guardian Weekly” astekaria ireki dut, Mendebaldean eta, batez ere, mundu anglosaxoian dauden joeren berri jakiteko bitarteko ezin hobea baita. Nabarmentzen zuen auzietako bat «Antibiotic Resistance» zen, hain zuzen [goo.gl/siAc1C]. European Centre for Disease Prevention and Control delakoak egindako azken txostenak argi erakusten du 2012 eta 2015 artean erresistentzia hori areagotu egin dela, alegia, antibiotikoen tratamenduei erantzuten ez dieten bakterioak areagotu edo indartu egin direla epe honetan. Arazoa larriagoa da «last line antibiotics» deitzen dituzten horien kasuan erresistentzia gertatzen denean –eta txostenak zenbait kasutan gertatzen ari dela frogatu du–; izan ere, beste guztiak kale egin duenerako erabiltzen dituzten medikamentuez ari gara. Horrek ebakuntza sinpleenak ere zailtzen ditu eta organoen transplantea edota kimioterapia bideraezin bihur ditzake. Askok pandemia gisa ikusten dute, munduan zehar urtero 700.000 pertsona hiltzen baitira antibiotikoen aurrean erresistenteak diren bakterioen ondorioz. Aipatutako txostenaren helburua politika publikoak egiten dituzten pertsonak eta egiturak arazoaz jabetzea eta honi aurre egiten hastea da [goo.gl/EWKU63]. Jakina, ikuspuntu zientifikotik ere ari dira, ospitaleetan egunero ari baitira egoera honekin topo egiten, nire lagunaren kasuak erakusten duenez. Hemen, nola ez, estrategia desberdinak ere atzematen dira [goo.gl/ivpBOM].

Ezkerra, erreferentziak eta politika publikoak

Irakurleak iragarriko zuenez, zientzia ez da nire esparru naturala eta gai honi buruz esan dezakedana oso mugatua da. Apenas erreferentzia orokor batzuk. Horregatik zalantza egin dut gai hau hautatzeko garaian. Nolanahi ere, atal honen zentzua, besteak beste, nazioarteko joerak aztertzea da eta bere horretan auzi hau oso garrantzitsua iruditzen zait. Era berean, bakterioez eta antibiotikoez harago, joera honetan beste ikuspuntu batek du interesa niretzat; alegia, politika publikoen ikuspuntuak. Eta, gaiari bueltaka nenbilela, hau idaztera bultzatu nauen gertakari bat izan da, orrialde hauetarako ohikoagoa den gertakari horietako bat: Fidel Castroren heriotza, hain zuzen ere.

Zer zerikusi du, ordea, batak eta besteak? Tira, Fideli eta bere handitasunari buruzko gainontzeko ikuspuntuak ederki landu ditugu egunotan egunkarian. Mertxe Aizpurua bertatik ari zaigu kontatzen egunotan Kuban bizi den giro berezia, ez galdu bere kronikak. Logikoa denez, ordea, bere erraldoi izaera horrek, bere izate epikoak, bazterrean utzi du iraultzaren lorpenen atzean dauden erabaki politikoak. Politika publikoak, hain zuzen ere. Aipatu da horiei esker hezkuntzan eta osasungintzan Kuba mundu mailako indarra dela. 1992an, «periodo berezian», bertako laborategiak ezagutzeko aukera izan genuen bertara joan ginen brigadakideok. Gorriak ikusten ari ziren garai hartan, beren inbertsio handienak txertoak eta medikamentuak ikertzeko laborategi haietan jarri zituzten, baita horiek hornitzeko behar zituzten ikertzaileengan ere. Aurreko astean, Gasteizko Legebiltzarrean, Urkulluk «politics and policy» uztartzeko beharraz aritu zen. Fidelek hori aspaldi asmatu zuen, ez dezagun ahaztu ezkertiarrok. •