Garazi Goia

Sedukzioa eta fama

Ezohiko emakumeei buruz idatzi izan dut inoiz. Aste honetan beste bat ezagutu dut, Londresko Greenwich auzoan dagoen museo bateko erakusketa batean, hain zuzen. Emma Hamilton du izena, askorentzat Lord Nelson almirante britainiarraren amorante gisa ezaguna izango dena. Hain zuzen, deskribapen horrekin aurkezten zaigu-eta hainbat testutan bere irudia, Ingalaterrako historiako heroi baten itzalean. Are, XIX. mende hasieran Ingalaterrako gizartean eragin zuen iskanbilaren eta izen txarraren etiketa gainean duela.

Errementari baten alaba zen Emma. Bere amonak hazi zuen Galesko etxe eta inguru txiro batean. 12 urte besterik ez zituela Londresera joan zen, bera bakarrik, konpositore baten etxean haur zaintzaile lanetara. 15 urterekin, burdel baten jabearen etxera joan zen bizitzera. Hurrena ezaguna zaigun bere bizitzako pasartea garai hartako Sir Harry Fetherstonhaugh playboyarentzat zerbitzari lanetan ibili zenekoa da. Testuinguru horretan, klase sozial altuko zirkuluetan ezaguna egiten hasi zen. Gainera, haurdun gelditu zen eta Fetherstonhaughen alaba bat izan zuen. Aitak abandonatu egin zituen bai alaba bai Hamilton; eta, haurra, bere amonaren etxera eraman zuten, Galesera.

Edertasun handiko emakumea zen Emma Hamilton. George Romney pintorea haren erretratuak egiten hasi zen, proiektuaren atzean diru asko zegoela pentsatuz. Garai horretakoak dira, hain zuzen, erakusketan bertan zeuden eta beste hainbat enkantetan saldu diren koadroak. Erretratu haiek emakume haren izena eta fama leku askotara zabaldu zuten, bai Ingalaterran, baita nazioartean ere, moda neoklasikoaren irudi gisa. Hala ere, Romney aspertu zenean, beste emakume bat ezagutu ostean, bere osabari konpainia egitera bidali zuen; William Hamilton zen hura, britainiar gobernuko ordezkari bat, handik denbora gutxira Emmarekin ezkonduko zena.

Kasualitatez, bere senarraren bitartez ezagutu zuen Nelson. Eta orduan hasi zen horien bien arteko afera sutsua. 28 urte zituen Hamiltonek eta sei urtean zehar izan zuten harremana, eta alaba bat ere izan zuten. Elkarren artean partekatu zituzten ehunka eskutitzek harremanari buruzko testigantza bikaina utzi zuten. Hamiltonekin egon ahal izateko, Nelsonek bere emaztea utzi izana eskandalu publiko bihurtu zen eta izen handiko zirkuluetan zuten irudia aldarazi zuen. Hamiltonek aurretik egina zuen ibilbidea eta izen ona sakrifikatu zituela leku gutxitan aipatzen da, ordea.

Nelson Trafalgarreko gerran hil zen. Hamiltoni ez zioten utzi haren hiletara joaten. Heriotzaren ostean, Hamiltonek eta alabak ez zuten inongo diru laguntzarik jaso, nahiz eta haiek babesteko ordena gobernuari emana zion Nelsonek.

Nelsonek Hamiltoni idatzi zizkion eskutitzak ostu zizkioten eta 1814. urtean argitaratu zituzten. Gertakari horren ostean, gobernuaren diru laguntza lortzeko itxaropen guztiak galdu zituen. Zorrez beteta eta hartzekodunak atzetik zituela, handik gutxira kartzelatu zuten Hamilton.

Hilabete batzuk eman zituen kartzelan, baina handik atera ostean, alaba hartu eta Calaisera alde egin zuen, ezkutuan, deserrira. Ordurako ahulduta eta osasun arazoekin zegoen Hamilton, ordea, eta hilabete gutxiren buruan, 1815. urteko urtarrilean hil zen.

Sedukzioa eta fama. Hori da erakusketaren izenburua. Berrehun objekturen bidez Emma Hamiltonen bizitzan zehar bidaia interesgarri bat egiteko aukera ematen du.

Behartsua, zerbitzaria, musa, borrokalaria eta garai hartako mugak hautsi zituen emakume ezohikoa izan zen. Baina bere bizitza txundigarria eta izen ona gizonezko baten itzalean gelditu ziren, ahaztuta. Gizon entzutetsu baten atzean dagoen beste emakume aparteko bat. Beste bat. •