Bortxaketa ez da sexua (2)


Izenburu hori zeraman beste zutabe bat idatzi nuen hemen uztailean, sanferminetako talde-bortxaketak hedabideetan izan zuen isla argitzeko. Orduan, hedabideek bortxaketari «gogoz kontrako harreman sexuala» esan zioten, sexua eta sexu indarkeria berdinduz. Sexua hainbat pertsonaren artean gorputzarekin izandako plazera da. Sexu indarkeria, ordea, norbaiti eraso egitea edo norbait menderatzea da, sexu jokabidea erabilita (hitzezkoa edota fisikoa). Bortxaketa (eta sexu indarkeria, oro har) ez da sexua, ezta erasotzailearentzat ere. Plazera sentitzeak ez dakar sexua izatea. Umiliazioa dakarten txisteak ez dira umorea, nahiz eta kontalariari barregura eragin. Psikopata batek beste norbaiti sufrimendua eragitean plazera sentitzen du, baina hori ez da harremana. Plazera eta indarkeria bereiztea oinarrizkoa da.
Sanferminetako kasuak, hala ere, mediatikoki luze jarraitu du. Asteon, emakume bat bortxatzen ari zirela bost erasotzaileek ipintzen zituzten aurpegierak argitaratu dituzte:
• «Los rostros del Prenda y su ‘Manada’ mientras hacían ‘turno’ en el portal de Pamplona» (“El Español”, 2016/12/04).
Auziak sekretupeko sumarioa zuen, epaileak uste zuelako hedabideak bideoa argitaratzeko prest zeudela. Arrazoia zuen. Zer informazio ematen du guardia zibilak grabatutako bideoak? Emakumearen bertsioa ahultzeko erabiltzen dute:
• «El abogado de uno de los acusados asegura que (…) los vídeos grabados (…) prueban que las relaciones con la chica de 18 años fueron ‘consentidas’». (“Diario de Sevilla”, 2016/09/02).
Sanferminetako guardia zibilaren lagunek, besteak beste, aho bidezko bortxaketa gauzatu zuten. Bideoan, hortaz, emakume bat zakil bat xurgatzen ikusten da:
• «‘Me obligaron a hacer una felación a cada uno y luego me penetraron los cuatro’» (“Diario Vasco”, 2016/11/30).
Hori ez dator bat buruan daukagun bortxaketaren estereotipoarekin, non ezezagun batek edo gehiagok emakume bati indarrez eusten dioten eta, emakumeak defenditzeari etsi barik, zakila sartzen dioten. Sexu indarkeria hori baino gehiago da. Sexu indarkeria da emakume batek nahi ez duenean, sexu jokabideak esatea edo egitea. Ez du axolak berak zer jarrera daukan. Erasoa da batek eraso egiten diolako. Gainera, hedabideek emakumearen hasperenak entzuten direla azpimarratu dute:
• «Lo que sí reflejan los agentes [foruzainak] son gemidos de mujer, no explicitando si son de queja o complacencia». (“El Español”, 2016/12/04).
Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenean ere, kaleko irudiak zabaldu zituzten, bera hilko zuen gizonarekin zer jarrera normalizatua zuen erakusteko, nork hilko gaituen jakiteko betebeharra izango bagenu bezala. Hasieran gura izatea eta, geroago, jarraitu nahi ez izatea (agindutako jokabide sexualagatik, praktikengatik, moduagatik edo gizona biluzik ikustean bere gorputza gustatu ez zaigulako) berdinduz.
Azaroaren erdialdean Hegoafrikan Willem Oosthuizen eta Theo Martins Jackson (bi gizon zuri) atxilotu zituzten, Victor Rethabile Mlotshwa (nekazari beltza) hilkutxa batean sartu zutelako, lurperatuko zutela mehatxatuz. Oosthuizenek eta Jacksonek bideoa grabatu eta sare sozialetan zabaldu zuten:
• «Un hombre negro es obligado a meterse en un ataúd» (“El Mundo”, 2016/11/17).
Sare sozialetan zabaldu zutenean, haien lagunei barregura eragin zien bideoak. Bideoan erasotzaile zurietako batek hilkutxa ixtean Mlotshwak erresistentziarik ipintzen ez duela ikusten da. Bideoak indarkeriarik erakusten ez badu, Mlotshwak gertatutakoa onartu zuela esan nahi al du? Ignacio Ramonetek dioen bezala, «ver no es comprender». Gertatutakoa pairatu duenak gertatutakoa definitzen du: eraso arrazista da, nahiz eta batzuentzat umorea izan.
• «Prisión para dos granjeros sudafricanos por encerrar a un hombre negro en un ataúd» (“Abc”, 2016/11/17).
• «Tensión racial en Sudáfrica al meter un blanco a un negro en un féretro y amenazar con quemarlo» (“La Vanguardia”, 2016/11/17).
Bortxaketa ez da sexua, bortxatzaileentzat ere ez. Sexu indarkeria gorputzaren edozein ataletan gauza daiteke, gorputzaren jabeari gogoz kontra egin diotelako. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
