Gorka Elejabarrieta

Erreferenteak

Fidel Castroren izarra amatatu da, Nelson Mandela ere duela ez asko joan zitzaigun, eta badirudi haien joanarekin belaunaldi eta garai oso bati amaiera eman zaiola. Kuba eta Hegoafrikak erakutsi ziguten borroka dela injustizia garaitu eta askatasuna lortzeko bide bakarra. Beraiekin ikasi dugu ez dagoela “E egunik” eta iraultza edo aldaketa sozialak egunero, etengabe irabazi eta eraiki behar direla. Borroka, beraz, ez da amaitzen Batista edo apartheid-a garaitzearekin batera, ez du etenik eta ez du amaierarik, eta bidea ez da zuzena, bihurgune, kontraesan eta oztopoz beteta dago, nahiz eta norbera gobernuan egon, edo bereziki norbera gobernuan dagoenean.

Bobby Sands ere Irlandaren askatasunaren alde borrokan joan zitzaigun, eta gogoan dugu errepublikano irlandarrek prozesuaz eta bideaz erakutsi diguten guztia ere; tartean prozesuan aurrerapausoak ematen ditugunean beti daudela atzerapausoak ere, eta, ondorioz, ezinbestekoa dela iparrorratza etengabe neurtzea eta gertakari konkretuen baloraziotik haratago prozesuaren ikuspegi orokorra lantzea.

Raul Sendic uruguaitarra tupamaroen sortzaileetako bat izan zen, borroka, kartzela eta erbestea ezagutu zituen; 1989an hil zen Parisen, 63 urte zituela. Jakin bazekien mugimendu politiko askatzaileentzat helburu, balore eta printzipioak direla ezinbestekoa, eta ez norberak erabakitzen dituen taktika eta estrategia politikoak. Azken horiek egoera eta aukeretara moldatu beharra dagoela ondo zekien, kameleoiak bere azal koloreekin egiten duen bezala.

Erakutsi zigun irabazteko modu eta bide ezberdinak daudela, eta nazio askapen mugimenduen lehen betebeharra hori dela, helburuak lortzea, norbere herria aldatu mundua ere aldatu ahal izateko. Borroka armatua amaitu eta ezberdinekin lan egiteko pausua eman zuen, tupamaroak Fronte Zabalera eramanez. Finean, edozein aldaketa gauzatu ahal izateko herriaren gehiengoaren babesa behar delako, etengabe gainera, babes hori ez baita egun edo momentu batean lortu behar, hartzen dituzun erabaki guztietan baizik. Gaixotasunak ez zion bide eta erabaki horrek gero ekarriko zituenak ezagutzeko aukerarik eman, tartean ez zuen Pepe Mujica, bere arma eta kartzela kidea, Uruguaiko presidente bilakatuko zen unea ikusterik izan. Eta hala ere, Pepe Mujica berak hainbestetan oroitarazten digun bezala, nahi eta amesten dugun gizarte justuago hori eraikitzeko bidea luzea da eta gobernu edo instituzioetatik bakarrik ezin da lortu.

Angela Davis Euskal Herrira etorri zen duela ez asko, eta herri zein mundu justuago hori imajinatu eta marraztu behar dugula esan zigun, militantzia eta aktibismo politikoaren apologia egin zigun, hori baita gauzak aldatzeko bide bakarra. Konpromiso indibiduala eta kolektiboa, eta kolektiboarekiko leialtasuna. Ezkerrak izan duen eta duen zatiketarako joera historiko larria gaindituz, batzen gaituenaren inguruan gehiengoak eskuratzea ezinbestekoa baita.

Eta urrutira joan gabe, badira Euskal Herrian ere, hamarkada luzeotan joan zaizkigun kide eta lagunak. Erreferente eta konpromiso adibide izan direnak. Pertsona, erreferente asko joan zaizkigu, baina mugimendu politikoek jarraitzen dute, eta hori da ezinbestean ziurtatu beharrekoa. Belaunaldi berriak, gazteak, borrokara lotu behar dira, beraiek baitira Kuban, Hegoafrikan, Irlandan, Uruguain, Euskal Herrian eta munduko edozein txokotan egun zahartuta edo hilda dauden horiek hasitako bidea jarraitu behar dutenak.

Egindakoa ahaztu gabe, esperientzia kolektibo eta norbanako horiek guztiak ezinbestekoak baitira aurrera begirako erabaki egokiak hartzeko. Eta badira munduan adibide eta esperientzia iturri oparoak. Ezkerreko balore eta borroken globalizazioa da bidea, norbere herriak aldatuz mundua aldatu ahal izateko. •