Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Hiriburuetako arnasguneak

Udalerri euskaldunenak biztanle gutxikoak dira oro har, salbuespen interesgarri batzuk alde batera utzita: Bergara, Bermeo, Arrasate, Azpeitia, Gernika, Hondarribia, Tolosa, Zarautz. Euskaldun-dentsitate baxuagokoak izan arren, ordea, Euskal Herriko hiriburuak ere funtsezkoak dira geure hizkuntzaren biziberritze-prozesuan, hiztun gehienak bertan bizi direlako, garelako: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean euskaldunok arnasgune geografikoetan baino sakabanatuago bizi arren, kopuruari dagokionez askoz gehiago gara. Horregatik da hain garrantzitsu hiriburuetako euskaldunen sakabanaketa espazial horren aurka lan egitea, baita hirigintzaren alorretik ere.

Testuinguru horretan ageri zaigu arnasgune soziofuntzionalen kontzeptua, besteak beste Kontseiluak landutakoa. Euskara nagusi diren espazioak ditugu arnasgune soziofuntzionalak, gizartearen funtzio jakin batekin lotura zuzena dutenak (hezkuntza, aisia, kirola…), non euskaldunen dentsitatea altua den, eta, ondorioz, euskaraz naturaltasunez egin daitekeen. Esan izan da ideia hori ez dela nahasi behar arnasgune geografikoen kontzeptuarekin, baina, egia esan, arnasgune soziofuntzionalek ere euskarri fisiko bat behar dute, leku zehatz batean garatu behar direnez. Eta, horren ondorioz, hirigintza-antolakuntzaren xede ere badira euskararen arnasgune soziofuntzionalok. Haientzako espazio fisikoak babestu, kudeatu eta antolatu behar direlako.

UEMAren definizioari jarraituz udalerri euskalduna izatera ailegatzen ez den Andoainen, kasu, ideia horren adibide bikain bat dago: Martin Ugalde parkea, euskalgintzako enpresa garrantzitsu askoren egoitza; alegia, euskararen I+G+B delakoaren «bikaintasun-polo» argi bat.

Hala izanda, zergatik ez da aintzat hartu, adibidez, Donostialdeko Lurralde Plan Partzialean? Beste sektore batzuekin (ohiko industria produktiboa, logistika, teknologia) egin egiten da, haien sustapen aktiboa eraginez. Tokiko hizkuntzaren industria ere urbanistikoki indartu beharko litzateke.

 

Dezente erdalduna den Gasteiz batean, hiriburu handiago bat hartzearren, badago adiera geografiko zehatza duen arnasgune soziofuntzional bat, egituraketa urbanistiko handiagoa beharko lukeena. Aiztogile kalea, Aihotz plaza, Oihaneder Euskararen Etxea, «Alea» astekariaren egoitza, gaztetxea, Auzolana pilotalekua eta Hala Bedi irratiaren egoitza, Gasteizko euskara-humusaren osagai funtsezkoak dira.

Hirigintza-ordenantzetatik erabilera batzuk mugatzen dira, eta beste batzuk sustatu, beraz, zergatik ez da euskara normalizatzeko ekimen urbanistikorik aurrera eramaten? Esandako arnasgune soziofuntzionala leku egokia litzateke, esaterako, Bai Euskarari ziurtagiria ateratzeko konpromisoa hartzen duten komertzioen ezartzeari lehentasuna emateko; edota Kafe Antzoki berria kokatzeko.

Hirigintza berrikuntza soziala eta lurralde-garapena bultzatzen saiatzen da. Euskararena ere esparru estrategikotzat jo beharko litzateke asmo horretan. Baita hiriburuetan ere. •