Nerea Goti
MATERIAL BERRIEN BILBO

Micol Costi, material berritzaileak bilatzeko «radar» baten buruan

Bilbon egoitza duen Material Connexion enpresako kidea den Micol Costik munduan dauden material berritzaile eta jasangarrien kutxa zabaldu du orain gutxi hiriburu bizkaitarrean. «Radar» moduko bat da, zer material mota eta zer ezaugarrirekin esan, eta bilaketa martxan jartzen du. Artxiboan, 7.000 material baino gehiago dituzte.

Fash Tech Conference izan zuen izenburu eta Bilbon ospatu zen aurreko astean. Jardunaldi berezia izan zen, industriako, bereziki moda arloko, teknologia berrien azken tendentziak, ekonomia digitala eta Internet bidezko erosketak jorratu zituena. Gaiok hizpide, mundu mailako adituak gonbidatu zituzten Azkuna Zentrora, besteak beste Micol Costi Bilbon bertan egoitza duen Material Connexion nazioarteko enpresako kidea.

Adigital elkarteak antolatutako hitzorduan, industriaren arlo guztietan dauden transformazio beharrak aztertu zituzten, bereziki moda munduan iraultza teknologikoak izandako inpaktua aztertuz. Arlo horretan, materialek eskaintzen dituzten aukera anitzak jarri zituen mahai gainean Costi italiarrak. Izan ere, Material Connexionen material berritzaile eta jasangarrien bilaketan aritzen da aditua. Enpresak materialak bilatu eta identifikatzen ditu eta horien erabileraren gaineko aholkularitza lanak ere eskaintzen ditu.

Bilbon bertan, 500 material ezberdin biltzen dituen «materioteka» bat dauka enpresak. «Material guztiak artxibatuta eta sailkatuta daude. Biltegia on line ere badago, baina Bilbon ehunka material horiek ikusi eta ukitu egin daitezke, Unai Etxebarria Material Connexioneko Bilboko bulegoaren zuzendariak argitu zuenez. Laguntza eskaintzen dute ez bakarrik enpresa munduan, unibertsitateekin ere lan egiten baitute. Etxebarriak nabarmendu zuenez, «alde akademikoa» funtsezkoa da, jakintza hurbiltzea helburu baitute, «eta unibertsitateak hartzaile onak izaten dira».

«Materioteken sare batean gaude. Gurekin zazpi dira mundu osoan: Tokio, Bangkok, Milan, Suedia, Daewo eta New York», aipatu zuen. Zehaztu zuenez, ez dira fabrikatzaileak, baizik eta «radar moduko bat». «Adi gaude sortzen den guztiari, egiten duguna da sailkatu, ordenatu eta gure erabiltzaileei eskaini», esan zuen.

Kontsulta asko eta oso anitzak

Diseinatzaileak, arkitektoak, ingeniariak, berrikuntza eta garapen departamentuak... dira Material Connexion enpresako bezero nagusiak. Adibide praktiko bat jarrita, aipatu zuen edozein fabrikazio motarako egin daitezkeela kontsultak. Beraiek baldintza zehatz batzuk bete behar dituen material bat edo batzuk jartzen dituzte bezeroen esku. Aipatutako prozesu horietan, Micol Costi adituari bilaketan parte hartu eta bezeroari eskaintzen zaizkion materialak zergatik aukeratu diren azaltzea dagokio.

Micol Costik (Milan, 1977) materialen teknologiara bideratutako produktuen gaineko zein moda diseinuko ikasketak ditu. «Materialen ikertzailea naiz eta aholkularitzan lan egiten dut», azaldu zion GAUR8ri. Oso anitzak diren profesionalekin eta enpresekin egiten du lan eta betebehar nagusi bat dauka: «bezeroak zehaztutako proiektua gauzatzeko egokien den materiala identifikatzea».

Bilbon egin zuen agerraldian material jasangarri eta berritzaileez hitz egin zuen Costik, bereziki modaren industrian arreta jarrita. Azaldu zuenez, jantzi zehatz bat erabiltzera eramaten gaituen bultzada identifikatu behar da. «Ez da dirudien bezain azalekoa, askoz ere konplexuagoa da. Izan ere, janzten dugun horrek zelakoak garen adierazten du eta erabiltzen ditugun jantziek eroso sentiarazten gaituzte», adierazi zuen.

Gaitasun berezidun materialak

Modan izaten ari den garapenean paper izugarri garrantzitsua jokatzen dute materialek, gaitasun bereziak dituztelako. Costik sentitu baina ikusi ezin ditugun nanomaterialak aipatu zituen jardunaldian, horiek «potentzialtasun ugariko soluzioak» eskaintzen dituztelako. «Soluzio horiek material zehatzak sortzeko erabiltzen dira, adibidez segurtasunaren inguruko diseinuak egiteko, edota lortu nahi den ukimen berezi bat lortzeko. Nanomaterialek badituzte material arruntek ez dituzten propietateak», aipatu zuen aditu italiarrak.

Nola diseinatzen dira materialok? «Ikerketa proiektuaren eta garapenaren araberakoa» da diseinu zehatz bat, azaldu zuenez, eta adibide bat jarri zuen: «Une honetan enpresa pilo batekin ditugu proiektuak barruko soluzioei begira, gainazaletan ari dira lanean, eta badaude enpresa zehatz batzuk isolamendu berezia duten ehunekin lan egiten ari direnak». Ospitaletan segurtasun arloan ikerketa ugari egiten ari dira nanomaterialekin, eta eraikuntzan, autogintzan edota garraioan ere azterketa asko daude egun martxan.

Zazpi mila material baino gehiago pilatu ditu Materal Connexionek. «Mundu osoan zehar jasotzen ditugu material ezberdinak eta irizpide ezberdinen arabera sailkatzen ditugu». Materialon konposizio kimikoa ere erabiltzen duten irizpideetako bat da eta polimeroak kategori horietako beste atal bat dira. Costik zehazten duenez, badituzte material naturalak, kristalak, metalak, zeramika edo ikatza oinarri dutenak...

Material Connexioneko arduradunek azaldutakoaren arabera, jasangarritasunarekin lotutako alderdi asko daude materialen munduan. «Ezinezkoa da material jasangarriena zein den zehaztea, baina era inteligente eta jasangarri asko daude materialak erabiltzeko. Batzuetan tokian tokiko materialak erabil ditzakegu, baita birziklatutakoak ere», nabarmendu zuen.

Kasu batzuetan birziklapen prozesuak ur edota energia kontsumo handia suposatzen badu, prozesu horrek ez du balio berdina. Beste hausnarketa bat ere plazaratu zuen: egun ezin da material berriak sortzen dituen zentro bakar bat nabarmendu. Agerikoa da Europan eta AEBetan aurreratuago izan daitezkeela ikerketak, baina «nanosoluzio ugari daude munduan».

Kostu ekonomikoa da beste aldagai garrantzitsu bat. «Ezinezkoa da erantzun orokor bat ematea, kasu bakoitzean erabiliko den material zehatzaren eta horren kantitatearen araberakoa da prezioa», esan zuen Costik, baina aipatu zuen enpresa asko material berriak garatzen hasi direla. «Lehenengo pausua grafenoa da, eta, bigarrena, prozesuak hobetzea eta merkatzea, kosteak txikitzea», esan zuen.

Modaren argazkian, berrikuntza lehen planoan

Modaren industriaren argazkian lehen planoan dago teknologia, eta gero eta ikusgarriagoa da hartzen ari den garrantzia. Horregatik, moda markak, diseinatzaileak eta teknologia firmetako ordezkariak bildu eta entzule izan zituen Bilboko hitzorduak, errealitate hori baieztatu eta dauden erronkak aztertzeko asmoz. Hala, hiru dimentsioko inprimagailuen erabilera, «omnikanalitatea» edo hazteari uzten ez dioten Internet bidezko erosketak aztertu ziren jardunaldian. Horrez gain, baina, Micol Costiren agerraldiak material berritzaileen erabileraren garrantzian sakondu zuen, propietate morfologiko oso txikiak dituzten nanomaterialek eskaintzen dituzten aukerak jorratuz.

Goi teknologiak kirol arroparen diseinuan gero eta paper handiagoa jokatzen du, eta, eredu hori jarraituz, italiarrak nabarmendu zuen ikerketa prozesu ugari daudela mundu osoan abian jantzien errendimendua hobetzeko. Arlo horretan lantzen ari den ataletako bat lan berezietarako erabili beharreko jantziak garatzen datza. Esan zuenez, arropen isolamendua bermatzen duten ehunak ikertzen ari dira bereziki, eta horrek erabilgarritasun handia izango omen du osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Jasangarritasuna bermatzea etorkizuneko beste erronketako bat da moda munduarentzat, oro har industria guztientzat den bezala. Bada, horretan ere ikerketa arloan «urrats handiak» egiten ari direla baieztatu zuen italiarrak.