Niraultza
Ez da behar hainbeste urte, egun hauxe dago bizitzeko», dio Goseren “Eguna” kantuak. Joseba Sarrionandiak idatzitako hitzek eta Ines Osinagaren ahotsak gogorarazi didate abenduan urteak betetzen ditudala. 30 urte aurten, eta ez, ez dut zahartzen ari naizelako inolako lotsarik edo konplexurik.
Anariren “Agur Jesusen Ama” abestiaren bertsio instrumentala entzuteak gogorarazi dit bizirik nagoela. Elizako abesti ezaguna, azken zortzi urteetan bi aldiz entzun dut eta hirugarrenez entzuteak gogorarazi dit ze min sentitu nuen bi lehengusuen hiletetan. 30 urte egin baino lehenago hil ziren, eta, nik, eurak ez bezala, bizitzeko zortea dudala pentsatzen dut maiz. Horrelako kolpeetan ikasten dugu egunean egunekoa bizi behar dugula, baina errutinak ahaztarazi egiten digu. Dena biharko, dena etziko eta, askotan, dena beranduegi denerako uzten dugu.
30 urte bete ditut eta oraindik jakinarazpenik jaso ez dudan arren, badakit gazte txartela kenduko didatela. Baina nigan bada haur bat, Mirari txiki handi bat, gaixo dagoenean amaren magala eta mimoak eskatzen dituena, eta, sendatzen hasitakoan, manta lepoan lotu eta super heroiarena egiten ibili berri dena etxeko pasilloan. Inolako lotsarik sentitu gabe, zahartuz goazen heinean ahazten dugun haurrari lekua egin diot eta aske sentitu naiz. Iraultza txiki bat egin dut nire barruan: niraultza.
Oiartzungo elizako kanpaiak jotzen ikasten ari naiz (ez da txantxa). Erritmo batek “hor konpon” esaten du, eta, kanpaien bidez jotzen ikasi dudan arren, “hor konpon” hori barneratu nahian nabil. Barneratu, sentitu eta egunerokoan garrantzitsuak ez diren gauzei argi esan. Umetan egingo nukeen bezala.
“Oroitu, itzartzean eguna bakarra dela eta ez dela halakorik sekula errepikatuko” jarraitu du Goseren abestiak.
Déjàvu-ak izango ditugu, baina egunak errepikaezinak dira eta gure esku dago lotan dugun haurra itzartu eta niraultza txikiak egitea.
Ez al litzateke polita urtean behin beharrean, egunero bizi eta “zorionak guri” abestea? •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
