GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

BELEN NEVADO

Gaztetan ia ezinezkotzat zuen bere sekretupeko nahia gauzatzea; halaber, uste zuen ezin zela feminista izan, prestakuntza falta tarteko. Zer diren gauzak, ordea, aktore gasteiztarrak hogeitaka urte eman ditu antzerki feminista egiten, antzezte eskolak ematen eta emakumeen gaineko tabuak nabarmen uzten.


Antzezlekuetara itzultzeko gogo ikaragarria duela dio Belen Nevado aktore gasteiztarrak. Emanaldi batean, kable bat zapaldu eta belauneko lotailua hautsi zuen, spagat delakoa eginez. Hori bai, spagat-a oso ondo egin omen zuen. Hala ere, “Ovarios verdes fritos” bere azken obra antzezten jarraitu zuen hurrengo hilabeteetan, arrakasta itzela lortuta, bai publiko aldetik bai kritika aldetik. Madrilera ere eraman zuen obra, eta han zela belauna huts egiten hasi zitzaiola nabarituta, ebakuntza egitea erabaki zuen azkenean.

Antzezlekura itzultzeko gogoa du, baina ez geldirik egotekoa. Film labur baterako gidoi bat idatzi berri du, Ruben Sanchezek eta beste zinemazale amorratu batzuek proposatuta, sexua gai eta behin-behinean “Sua bai” titulua duena. Belenek dioenez, ordea, «sexua baino zientzia-fikzioa da!».

Ez da zinemarako idatzi duen lehen gidoia. Zenbait film laburretan lan egin izan du, eta halako batean emakumezko zinema zuzendari eta gidoilari gutxi daudela pentsatu zuen, eta emakumezko aktoreen paperak oso estereotipatuta daudela, kanon edo patroi batek oso mugatuta; hartara, gidoiak idaztea erabaki zuen.

GAUR8rekin bildu baino lehen errehabilitazio saioa egin du, eta ondoren «erloju kontra» idatzi eta zuzentzen ari den umeentzako ikuskizunerako entseguan izan da. Eneko Etxebarrieta eta Bingen Mendizabalekin batera abiatu duen proiektu horrek “Musikaberintoa” du izenburu, eta antzerkia eta musika uztartzen ditu.

Antzerki feminista egiten du, argi eta garbi, «erabat feminista». Dioenez, ezin du ikusmolde feminista saihestu. 20 urte zituela, antzerkian hasi zenean, uste zuen ezin zela feminista izan, ikasketarik ez zuelako. Baina, jakin gabe ere, oraingo ikusmolde feminista bera zuen. Antzerki Eskolan hasi eta Hala Bedi eta gaztetxeko giroan sartu zenean, gauzak «mendekuz» egiten omen zituen, eta emakume askok, feminista askok, esaten zioten bere lanak «oso feministak» zirela. «Egia esan, nik ez nuen zerbait feminista egin nahi nuela pentsatzen, baina barrenak eskatzen zidan hori egitea». Ondoren, alderdi teorikoa gehixeago lantzen hasi zen. Erraietatik sortzen zitzaiona oztopatu gabe, ordea, adierazpen askatasunari inola ere uko egin gabe. Horrela sortu ziren, besteak beste, “Las punkis también lloran” edo, berrikiago, “Ovarios verdes fritos”, emakumeen sexualitatearen aurkako erasoen aurka, emakumeen sexualitateari buruzko tabuen aurka, horiek sortu dituen eredu heteropatriarkalaren aurka.

Betidanik egin nahi omen zuen antzerkia, baina hasiera batean sekretupeko nahia zela dio, «ia ezinezkoa» zuela uste baitzuen. Eta egun batean Gasteizko Antzerki Eskolara sartu eta izena eman zuen. Horrek bizitza aldatu zion. Lau urteko ikasketak bukatu baino lehen, Elena Armengod zenaren eskutik Bekereke taldearekin lanean hasi zen. Orduan konfiantza handia hartu zuen bururatzen zitzaiona gauzatzeko. «Eskola handia izan zen Elenarekin lan egitea», dio esker onez. Eta antzerkia, afizio ez ezik, ofizio ere bihurtu zitzaion.

1994an, egungo Bosnia eta Herzegovinan esperientzia ahantzezina bizi izan zuen Sebastopoleko titiriteroekin, Mugarik Gabeko Pailazoak gobernuz kanpoko erakundearen eskutik herrialdea bisitatu baitzuen bertan gerra bizi-bizi zela: «Esperientzia ederra izan zen, han izan ginenok betiko lagun bihurtu ginen. Baina mingarria, basatia, ikaragarria izan zen».

Nabarmena da umorea Belen Nevadoren antzezpen guztietan. «Ezinbestekoa dut, nire lanabes nagusia da, mezua helaraztea errazten du», dio. Bereziki gustuko du mezu hori gizonengana iristea, «ondo goazen seinale». Emakumezko publikoak oso ondo erantzun ohi du ikuskizunetan, askotan emakume kolektiboek antolatutakoak izaten baitira; horregatik, gizonak ere hurbildu eta obra gustura ikusi dutela jakitean, egiten dutena baliagarria dela pentsatzen du.

Bizitza aldatu ez ezik, agenda bete ere egin zion antzerkiak. Bekerekeko etaparen ondoren, Pikor eta La Tirili taldeekin lan egin zuen, besteak beste hain gustukoa duen kale antzerkia eginez. Gaur egun, ordea, belaunak «zartatuta dituela», barneko guneak nahiago ditu.

1997an antzerkia beste jarduera kutun batekin lotu zuen, punk-rockarekin, hain zuzen, La Seta Pasote taldean, Marta Aldama, La Tirili antzerki taldeko Catherin Marchand Plum eta Vulpes musika talde ospetsuko Mamen Rodrigorekin batera. «Ordain gisa», Carrocerías Betoño taldean ere abestu zuen zenbait urtez, bera taldeko emakume bakarra zela. Beste kideak ere sobera ezagunak ziren: RIPeko Jul eta Txerra Bolinaga anaiak, Santi Salvate Si Puedes taldeko kide ohia, Egun Off-eko Iñaki Garcia eta Iker Zubia, Belenek bezala ahotsa jartzen zuena.

Belenen hurrengo «mendekua» Detritus Teatrus taldea sortzea izan zen, 1999an, La Tirili eta Pikor taldeetako zenbait lagunekin. Beraiek sortutako obrak antzezten zituzten, hala nola “Detritus corazón”, “Rompamos el hielo” edo arestian aipatutako “Orgasmos verdes fritos”, aurtengo uztaila arte Javi Hueteren laguntza teknikoarekin ikusgai izan dena.

Antzezte irakasle gisa ere jardun izan du, eta dihardu, baina ez du lan finkoa izaterik nahi, gustura egiten duela aitortzen badu ere. Eskuarki bakarrik lan egiten du, eta, ikastaro edo tailerren bat ematen duenean, elkarreginerako eta ideiak partekatzeko aukera du. Bekereken zegoenean hasi zen institutuetan antzerki eskolak ematen, eta inoiz ez du antzerki irakaskuntza utzi. Azken urteetan, besteak beste, Arrasateko Jabetze Eskolan, Emakume Txokoan, antzezte eskolak ematen ditu. Gasteizen ere antzeko tailerrak eman zituen Udaleko Berdintasun Zerbitzuak, emakumeen jabetze programaren barruan. Tailer horiek “Zapalduaren antzerkia” izenburua dute, edo, Belenek dioenez, «Askapen antzerkia». Bizitzarako entsegu gisa ulertzen ditu tailerrok, eta gatazkak konpontzeko baliagarri direla uste du. Pertsonaletik sozialera doan jarduna, hitz egin eta antzezteko gunea da, egokia bestearen lekuan jartzeko, bestelako ikuspuntuak ezagutzeko, nork bere burua kanpotik ikusteko.

Belen Nevadok, lanean bezala, arlo pertsonalean ere erakusten du kezka sozial eta politikoa. Immigranteen edo presoen aldeko jardunetan aritu ohi da. Sare plataformaren aurkezpenerako antzezpen bat ere prestatu zuen. «Nire ekarpena da, neure esparrutik ahal dudan guztia egiten dut, eta oso gustura, jakina».

Oholtzara igo ezinean baina geldirik ez, eta burua beti bor-bor. Dagoeneko hitzartua du 2016ko urrian Tolosan «zerbait» estreinatzea, beharbada menopausiaren gaineko obra bat, horren inguruko tabua ere nabarmena omen da-eta; «ematen du nolabait emakume batek menopausia duenean ez duela ezertarako balio», dio. Bada, gaiaz ikertzen ari da, hurrengo obra idazteko. Zergatik Tolosan? Urtero-urtero urriko hitzordu saihetsezina duelako.

Eta, beste alde batetik, zerbait pertsonalagoa idatzi nahi du, halako fusioa egin, antzerki klasikoa, punk-rocka, Extremadurako sustraiak, Euskal Herrian bizitzea... nahastuta.

Denbora aurrera doa eta Carlos Gilen hitzetan «miretsita uzten gaituen adorea duen antzezle» honekiko solasak luze jo du, baina guri labur gertatu zaigu. •