Gezurretan?


Txiki-txikitatik erakutsi digute gezurrak esatea ez dela jokabide zuzena. Are gehiago, moralki zigortutako jokabidea dela. Horregatik, helduok, gure haurrei behin eta berriz errepikatzen diegu gezurretan ez ibiltzeko. Hala eta guztiz ere, hori esan arren, helduok behin eta berriz esan eta errepikatzen ditugu gezurrak. Horrek erakusten digu, gezurrak esatea edo egia ez aipatzea, halabeharrez gizakiari lotuta dagoen ezaugarria dela.
David Livingstone Smith filosofo eta zientzialariak egindako ikerketek argitu dutenez, gezurretan ibiltzea ez da gizakion kontua bakarrik, baizik eta animalia-erreinu osoan aurkitu genezakeen zerbait da. Adibidez, animalia batzuek, pozoitsuak izan gabe, arriskutsuak diren animalien koloreak soinean erakusten dituzte, harraparien kontrako babes modura. Ikerlariaren hitzetan, beraz, gizakiok gezurtiak baldin bagara, izaki bizidunen ezaugarria delako besterik ez da; hori bai, hitz egiteko dugun ahalmenaren ondorioz, gezur landuagoak eraikitzen ditugu.
Aldez aurretik, goazen “gezurretan ibiltzea” zer den argitzera. Ez da bakarrik egiak ez esatea; informazioa isilean gordetzea eta egiazkoa den zerbait gezurra dela sinistaraztea ere bada ziria sartzea. Aldi berean, hitzik erabili gabe ere engaina genezake; adibidez, irribarre faltsua botata, orgasmo bat izatearen plantak eginda edo ongi egotearen plantak egiterakoan. Eta zertarako hori guztia?
Orokorrean etekin bat lortzeko xedearekin engainatzen dugu; ziria sartzean, nahi duguna lortzen dugu beste batzuk manipulatuz. Eguneroko adibide batzuk aipatzearren, curriculumetan sartzen ditugunak lanpostu bat lortu nahian, bikotekideari adarrak jartzea edota, politikari batzuen kasuan, boterean mantentzeko aldarrikatzen dituztenak. Askotan, gainera, gezurtiak “bizitza” izeneko jolasean garaile irteten dira. David Livingstonen hitzetan, eboluzioak norbanakoentzat onuragarriak diren ezaugarriak hautatzen ditu, eta gezurtia izatea horietako bat da. Bere aburuz, engainatzea ezinezkoa duen pertsona desabantaila ebolutibo argian dago. Inolako gezurrik esango ez bagenu, bizitza soziala ezinezkoa bihurtuko litzatekeela esaten du. Eta ez al da egia?
Gezurra erabiltzen dugunean jarraian aipatuko ditudan momentuko onurak nabaritzen ditugu: lasaitasuna, bestea konbentzitzearen betetasuna eta besteekiko kontrol eta nagusitasun sentsazioa, beste batzuen artean. Sentsazio horiek asebete egiten gaituzte eta, horregatik, egoera zehatzetan, gezurrak esatera jotzen dugu.
Baina zer gertatzen da gezurrak gure bizitzaren egunerokotasunean, denboran zehar, gailentzen direnean? Konturatzen garenean ezinezkoa zaigula gure arazoei aurre egitea gezurrik esan gabe? Aurretik aipatutako onurak desagertzeaz gain, etengabe tentsioan eta adi izan beharrean egongo gara, esandako gezurra estalita mantentzeko jarduera nekagarrian bahituta, gure zintzotasuna zalantzan jar ez dadin. Era berean, askotan, gure ekintzek bestearengan izango duten erreakzioaren ondorioen beldur garenez, erantzukizunari ihes egiten diogu gezurra erabiliz, eta, horrela, gertatutakoaren egia estaltzen dugu. Azkenean, jokamolde horrek barnean sortuko dizkigun ezinegona eta tentsioa jasanezinak bihurtuko dira gure bizitzan, erru sentimendua, ingude baten pisu guztiarekin, bizkarraren gainean eramanezin bihurtu arte. Gezurretan ibili izanagatik harrapatuak izateko beldurrez, denboraren poderioz mutu bilakatu arte.
Bizitzan zehar, gezurrak esateko milaka aukera agertuko zaizkigu; hortaz, gezurrak zertarako erabili hausnartzea gure esku geratzen da. Gure ardura baita ahotik ateratzen zaizkigun hitz faltsuek non amaituko ote duten pentsatzea. Guztiak, edo ia gehienak, atera izan gara garaile egoera korapilatsu batetik gezurra lagun izan dugulako, baina, bestalde, pentsatzen jarri ote gara, aldi berean, zenbat gezurtiren biktima izan ote garen? •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
