Iñaki Altuna

Kalera Kalera eta presoen Kolektiboaren eztabaida

Kalera, kalera” abestiaren bideoklipa zabaldu dute aste honetan, eta izen bereko ekimenaren harira entzun dugu berriro ere. Aspaldiko kanta da. Frankismoaren amaieran, frankismoaren erreformaren hasieran, tarte horretan zabalduz joan zen, herri eta bazter guztietan. Berriki hil den Imanol Urbietak eta Josu Txapartegik egin zuten kanta. Txapartegik berak jo du pieza Usurbilgo Kalera Kalera ekimeneko Base Camp-aren inauguraziorako. Abestia bi lagun horiena izan arren, leku askotan Telesforo Monzonek egindakoa dela azaltzen da. Izan ere, Monzonek argitaratu zuen, beste biek halakorik ezin baitzuten egin beren jaioterrian, Zarautzen, errepresioa pairatu gabe. Egia esan, gerora ere ez dute indar gehiegirik egin abestiaren aitatasuna aldarrikatzeko. Seguru asko, ez Urbietak, ez Txapartegik, ez Monzonek berak ere, ez baitzuten abestia bere egin nahi izan, herriarena baizik.

“Kalera, kalera” berriro entzun dugu egunotan, egia esan behar bada, letra zertxobait aldatuta. Emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatzeko, pertsona guztien izana azalarazteko. 70eko hamarkadan zain genituen ama, aita, andre eta laguna, eta orain, berriz, amarekin, aitarekin eta lagunarekin batera, kidea dugu zain, kartzelatik eta ihesetik etorri behar direnak ez baitira soilik gizonezko heterosexualak. “Diagu” beharrean, “dinagu” entzun dugu orain, «hire indarraren beharrean» gaudela kantatu duenean Txapartegirekin –Txapasekin– batera bideoan agertzen den Montetxio koruak. Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatu duen mugimenduak aurrerabide sozialak txertatzeko izan duen gaitasunaren lekuko-edo. Inor ez du harritu letra aldatu izanak, tradizioa ere hobetu behar baita.

Kalera Kalera ekimenak giroa piztu du. Ikusi besterik ez daude Usurbilen bertan egondako ekitaldiak, bisitak eta bestelakoak. Ikusi besterik ez dago herriz herri egiten ari diren ekimen mordoa. Hedabideek, saiatuko balira ere, osorik jaso ezingo luketen jarioa dago, sare sozialetan azaltzen diren deialdi, argazki eta aipamenak egunero-egunero erakusten dutenez.

Euskal Herrira aldaketa sakonak ekarri nahi dituen sektoreak hilabete askotxo pasa ditu tristurak jota. Zenbaitetan ekitaldi arrakastatsuak eta jendetsuak egin arren, giroa apal ibili da. Hain izaten ari da bortitza estatuen jokabidea, aste honetan bertan Ibon Fernande Iradiri askatasuna ukatuz enegarren aldiz azaldu dutenez. Frustrazioa gogoz elikatzen dute. Eta estatuek badakite, ondo jakin ere, non egiten duten min gehien: kartzeletako giltzarrapoak kateaturik izanik.

Kalera Kalera ekimenak badu, beraz, egoera horri aurre egiteko bokazioa. Kantak berak islatzen duenez, badu iraganeko kutsu bat, Francoren heriotzaren ondotik amnistiaren aldeko mugimendu zabala eta herritarra egituratu zenekoa. Halere, ez da nostalgiarako garaia, aurrera begiratzeko ordua baizik. Eta aurrera begiratzea, gaur-gaurkoz, kartzelak hustuko dituen indar metaketa ahalbidetzea da. Ekimenaren arrakasta, izatekotan, ez da garai bateko irudia birsortzea, etorkizuneko dinamikan eragitea baizik.

Kaleko ekimen hau martxan jartzea eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eztabaida abiaraztea une berean gertatu izana ezin da kasualitatetzat hartu. Beharraren ondorio izango dira biak ere. Kalean gaia pizteko eta agenda politikora eramateko beharra, alde batetik, eta Kolektiboak Euskal Herriko prozesu politikoan eta bere egoera propioari dagokionez izan beharreko jokabidea zehazteko beharra, beste batetik, ageri dira. 2013ko abenduan urrats garrantzitsua egin zuen Kolektiboak, Euskal Herrian saiatzen ari den ziklo aldaketara egokitzen ahalegintzeko. Adierazpen garrantzitsua egin zuen, eta abiapuntua jarri. Estatuak, ordea, kolektiboa isolatzeko ahalegina indartu zuen, hainbat elkarteren, abokatuen eta kolektiboaren bitartekarien kontra joz. Eztabaida honek ordukoari segida eman beharko dio, eta, ahal dela, hain geldialdi luzeak ekiditeko oinarria jarri beharko du. •