Isidro Esnaola

Txina eta Mendebaldeko gobernu ereduak

Pasa den igandean hamabost urte bete ziren Txina Munduko Merkataritza Erakundeko kide bilakatu zenetik. Epe horretan munduko merkataritzan Txinak duen pisua bikoiztu egin da: munduko esportazioetan Txinaren zatia %5,9 izatetik %13 izatera igo da; inportazioei dagokionez, %5,4tik %11ra hazi da Txinaren puska. Denbora horretan, beraz, Txinaren pisua etengabe handitu da. Munduko merkataritzako joko arauak, alabaina, ez ditu alde izan. Gainerako kideek baldintza bat jarri zioten: hamabost urteko epea zuen merkatuko ekonomia estatusa lortzeko. Teorian, ekonomia zentralizatu batetik merkatuko ekonomia batera igarotzeko denbora ematen zioten. Edozein kasutan, epea beteta, Txinak bere burua merkatu ekonomiatzat jotzen du eta horren araberako urratsak egiten hasi da. Astelehenean, AEBetako eta Europar Batasuneko dumping azterketetan erabiltzen dituzten metodologiak berrikusteko eskaera bana egin zuen.

Merkatu ekonomia estatusa lortu bitartean, beste estatuek abantaila nabarmenak izan dituzte. Esaterako, dumping azterketetan, Txinako prezioak erabili ordez, hirugarren estatu batekoak erabiltzeko aukera zuten, kasu askotan adibide nahiko bidegabeak erabiliz gainera. Horrela, bai Europar Batasunak altzairuaren kasuan bai AEBek beste hainbat kasutan dumping egoerak eman direla ondorioztatu izan dute, Txinako hainbat produkturen salmenta garestitzeko muga-zergak ezarriz. Edozein kasutan, kanpo merkataritzan, estatu denek zikin jokatzen dutela kontuan hartu behar da. Hori dela eta, kanpoko merkataritza harremanak elkarren arteko harrapaketa prozesu gisa definitu izan ditu batek baino gehiagok. Merkataritza librearen aldeko erretolika gauza bat da, eta, zarata handirik gabe bertako produkzioak babesteko neurriak hartzea, beste bat. Protekzionismoa beti egon da presente; Trumpek erretolika besterik ez du aldatu.

Aldaketak beste esparru batzuetan ere sumatzen dira. Txina merkatu ekonomia den ala ez eztabaida teoriko interesgarria izan daiteke, baina argi dagoena honako hau da: bertako gobernu eredua nabarmen aldentzen da AEBetako edo Europar Batasuneko ereduetatik. Txinan irizpide ekonomikoen gainetik irizpide politikoak lehenesten dira. Ekonomia beti helburu politikoetara egokitzen da, ez alderantziz. Txinako buruek eskarmentu luzea dute herrialde jendetsu eta nahiko txiro baten kudeaketan, eta esperientziak erakutsi die muga oso estuetan mugitzen direla. Hori dela eta, baliabide ekonomikoak helburu politikoen arabera erabili behar diren uste sendoa dute.

AEBetan eta Europar Batasunean beste eredu bat nagusitu da: irizpide ekonomikoak irizpide politikoen gainetik jarri dira etengabe. Salbuespena Alemaniaren batze prozesua izan zen. Garaian kantziler zenak, Helmut Kohlek, markoen trukean Alemaniako Errepublika Demokratikoko eta Alemaniako Errepublika Federaleko markoak parekatzea erabaki zuen –bat baten truke –, ekonomialari guztien iritziaren aurka. Ekonomialariek uste zuten, arrazoiz gainera, Alemaniako Errepublika Demokratikoko markoak ez zuela hainbeste balio. Azkenean, irizpide politikoa gailendu zen eta egoera hori helburu politikoak lehenestearen adibide bakartzat gelditu da. Egun, aldiz, krisiaren gestioa nola egiten den ikustea besterik ez dugu botere ekonomikoak agintzen duela eta bere interesak eta ikuspuntuak beti gailentzen direlako ikusteko.

Botere ekonomikoaren eta politikoaren arteko harremanen Mendebaldeko ereduan funtsezko aldaketa sumatzen da: botere ekonomikoaren ordezkariak jada ez dira konformatzen kanpotik eragitearekin, gero eta gehiago politikarien lekua hartzen ari dira. Hori nabarmena da hurrengo AEBetako presidentea, Donald Trump, osatzen ari den gobernuan. Hala ere, joera orokorragoa da: beste estatuetako gobernuetan ere nabaria da. Diruaren aginte ezkutu batetik ageriko gobernu batera igarotzen ari da eredugarritzat jotzen den Mendebaldeko demokrazia. Krisi gero eta sakonago baten zantzuak erakusten ari da. Demokrazia berreskuratzeak politika ekonomiaren gainetik jartzea eskatzen du. •