«Gustura egin dudan zerbait izan da. Badaude gauza gogorragoak»

Xabier Izaga Gonzalez
Umetan hasi zen sambo borrokan, Otxandioko ikastolan. «Ondo pasatzeko». Ondoren borroka libreari helduko zion, ibilbide luze eta distiratsua eginez. Gorabeheratsua, baina beti goranzkoa, eta, uste izatekoa denez, sakrifizioz betea; berak, baina, ez du horrela gogoratzen, beti gustuko kirola izan duelako, nahi zuena egiten zuelako. Borroka librea kirol olinpiar gisa onartu izana bizi izan zuen, eta goren mailara iritsi zen. Momentu txarrak ere igaro ditu, lesioak eta bestelako zertzeladak direla eta.
Maider Undaren palmaresa Madrilgo goi errendimenduko zentroa utzi eta bere kabuz entrenatzeari ekin zionean hasi zen benetan loditzen. Hamar aldiz izan da espainiar Estatuko txapelduna; 2007an, Munduko Txapelketan bosgarren izan zen; 2008an, Pekingo Olinpiar Jokoetan ere bosgarren; 2009ko Munduko Txapelketan, brontzezko domina, baita hiru urte geroago Londresko Olinpiar Jokoetan ere… Hamarkada batez munduko onenen artean izan da, aldi berean baserriko zereginak utzi gabe, ordea, tatamia eta gaztagintza aldizkatuz. Hala, entrenamendu fisikoa ganbaran egiten zuen eta korrika ere Oletan bertan aritzen zen, baserri artean. Entrenamendu luze eta gogorrak eta baserriko lan amaigabeak; batzuk eta besteak nekezak, inondik ere, baina Maiderren gustuko zereginak.
Umea zinela hasi zinen borroka librean. Zergatik hautatu zenuen kirol hori?
Bederatzi urterekin ez duzu ezer erabakitzen. Ez dakizu ondo zer nahi duzun. Nik kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera neukan aurrez aurre; niretzat horixe zen.
Lehenengo Otxandion bertan entrenatzen zinen, eta, gero, Gasteizen.
Bai, baina hori urteak igarota.
Etxean zer esaten zizuten, gero eta serioago ari zinela ikusita?
Esan, esan, ezer ez. Ni gustura ikusten ninduten eta eurak ere, horregatik, gustura zeuden. Beraz, euren sostengua ematen zidaten.
Zer giro topatu zenuen profesionaltasunaren bidea hartutakoan?
Apurka-apurka sartzen zara, gero eta gehiago, gero eta gehiago, eta, konturatzen zarenerako, barruan zaude; ez duzu bat-batean dena ikusten. 2000 baino lehenago hasi ziren esaten 2004an emakumeen borroka olinpikoa izango zela, eta orduan konturatu nintzen beharbada… Olinpikoa ez den kirol bat olinpiko bilakatzeak asko aldatzen ditu gauzak.
Behin baino gehiagotan esan izan duzu Madrilen, 2003an eta 2004an, ez zenuela batere ondo pasatu.
Tira, ez zen nire lekua. Gauzak ez ziren gertatu nik uste nuen bezala. Ematen du goi mailako kirolariok horrelako zentro batean egon behar dugula, baina nik hor ez nuen neure burua gustura sentitzen. Gainera, lesioak tokatu zitzaizkidan, eta beste gauza asko.
Diozun bezala, ematen du goi mailako kirolariek horrelako zentro batean egon behar dutela; hala ere…
Bai, hala da idatziz [irribarrez], baina errealitatea beste gauza bat da.
Izan ere, zuk erakutsi zenuen horrelako leku batean izan gabe ere zer-nolako maila hartu zenuen.
Bai, eta txarrena da hori demostratu behar izana. Ematen du etxean ez duzula ezer egiten eta zentro horietan inor baino gehiago entrenatzen zarela, baina nire kasua ez zen horrela izan.
Erakutsi behar izana, diozu. Edozein arlotan, emakumeak gizonak baino gehiago demostratu behar izaten du, lanean, lanpostu berean egonda...
Bai, ematen du balio duzula ere erakutsi behar duzula.
Eta kirolean?
Berdin-berdin.
Madrilen zinela, lesioak eta beste kontu batzuk tarteko, 2004an ez zinen Atenasko Olinpiar Jokoetarako sailkatu. Zeure onenak emanda zeundela pentsatu zenuen orduan?
Ez. Tira, gauza asko gertatu ziren, ni oso desilusionatuta joan nintzen Madriletik. Lesioak-eta direla tarteko, nire burua nire kiroletik kanpo ikusten nuen, batez ere esperientzia txarra izan nuelako. Baina pentsatuta neukan etxera bueltatu eta bertan entrenatzea, nire kontu. Beti bezala jarraitzea nuen buruan, nire kirola nire afizioa eta nire ogibidea izan baita. Orduan, nire afiziora itzuli nintzen, eta borrokan disfrutatzera.
Beraz, jarraituko zenuela argi zenuen.
Jarraitu bai, baina nire kabuz. Eta gogor saiatuta, lan eginez, esfortzuz, gauzak ondo ateratzen hasi zitzaizkidan.
Kirolaz gainera, baserriko lanak ere egiten zenituen. Nekeza izango zen.
Kirolaz gain beste zerbait ere egin behar nuela uste nuen. Gustura egiten nuen lan, gustura egiten dut. Eta gustura egiten nuen kirola ere. Madrilen oso desberdina zen, ez nuen disfrutatzen. Ez du zentzurik oso gustuko duzun zerbait eginez ez gozatzeak. Han ez nuen ilusiorik, gero eta okerrago sentitzen nintzen nire buruarekin; horregatik erabaki nuen etxera itzuli eta baserriko lanetan jardutea.

2012an, Londresko Olinpiar Jokoetara joan baino lehen oso seguru agertu zinen, GAUR8rekin solasean, domina lortuko zenuela. Eta horrela izan zen.
Bueno, zure burua behintzat, ez dakit engainatu egin behar duzun, baina zuk asmoa, jomuga izan behar duzu; bestela, zeuk ere ez baduzu sinesten hori lortzeko gai zarenik ez duzu lortuko. Bai, oso konbentzituta joan nintzen Londresera.
Ordurako Olinpiar Joko batzuetan diploma lortuta zeunden, bosgarren postua eskuratuta.
Oso ezberdinak dira diploma eta domina. Pekineko Jokoen ostean, nire irudia aldatu egin zela uste dut, olinpikoa izateak halako irudi bat ematen du eta. Eta jendearen errekonozimendua. Edonola ere, ospea dominak ematen du.
Hango esperientzia baliagarria izango zitzaizun.
Bai. Pekinen esperientzia horren falta izan nuen, baina hangoa Londresen baliatu nuen, gorputza eta burua hobeto kontrolatuz, indarrak hobeto neurtuz...
30 urte eman dituzu borrokan. Atzera begira, eta noraino iritsi zaren ikusita, gogobeteta zaude? Bestetik, baina, sakrifizio handia izango zen.
Gustura egin dudan zerbait izan da eta niretzat ez da sakrifizio handia izan. Badaude gauza gogorragoak eta disfrutatzen ez dituzunak. Nik suertea izan dut. Domina olinpiko bat daukat poltsikoan. Urte asko izan dira, baina ni gustura egon naiz, eta emaitza onak lortu ditut, batez ere.
Merezi izan du, beraz.
Bai, bai. Emaitza onak lortzen direnean askoz hobeto, baina garrantzitsuena izaten da zeure burua gustura izatea, eta nire kasuan horrela izan da.
Lau eta Erdiko pilota finalean omenaldia egin zizuten; aurreraxeago, Baskoniaren partidu batean, Eli Pinedorekin batera. Orain emakume kirolariekiko aitorpen handiagoa dagoela uste duzu?
Uste dut errekonozimendua dagoela atzean lan handia dagoelako, eta emaitzak ere bai. Kirolari batek goi mailara iristean aitorpena merezi duela uste dut.
Eta hala ez denean?
Zorionez, azkenerako errekonozimenduak heldu egiten dira. Ez dira bat-batean heltzen, baina jarraitzen baduzu, lana eta esfortzua badago, heldu egiten dira.
Gizonezkoei zalantzarik gabe egiten zaizkie. Zuk ez duzu sekula entzun honelako komentarioren bat: «emakumea izanda, ez dago txarto»...
Nik uste dut zorionez gauzak aldatzen ari direla. Lehen ematen zuen emakumeak gauza gutxi egiteko gai ginela eta erakusten joan gara gizonak bezalakoak garela, lan egiteko gaitasun bera dugula.
Dopinaren mundua ezagutu duzu zeure inguruan?
Zoritxarrez, goi mailan zabiltzanean, ikusi egiten da.
Nahi ez duena ez da dopatzen?
Nik, zorionez, nire inguru hurbilean ez dut horrelakorik izan; orduan, pauso batera ikusi izan dut. Argi dago zure inguru guztia hor badago, zailagoa dela hortik ihes egitea, baina nire inguru hurbila ez da izan horretan sartuta. Orduan, nik jakin badakit gauzak esfortzuz lortzen direla, eta esfortzuarekin geratzen naiz.
Emakume gazteen artean borrokarako afiziorik ikusten duzu?
Arazoa da oso zaila dela goi mailara iristea. Txikitan hastea erraza da, baina, nerabezaroa iritsita, oso zaila da jarraitzea.
Zure alabak borroka librea egin nahi duela esango balizu…
Bada, egin dezala, ez? Gure seme-alaben aukerek aurrera egin dezaten nahi izaten dugu gurasook. Berak kirolaria izatea aukeratzen baldin badu, nik lagundu egingo diot.
Solasa amaitzean, atseginez agurtu eta lanera itzuli beharra daukala dio Maiderrek. «Gainera, egunotan alabatxoak ikastolan jaia duenez, hementxe dut», agurtu da ama baserritarra eta aurten arte eliteko kirolaria izan den Maider.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
