Maistra baten hitzak pumaren aurrean


Herri fantasma bat da –esan dit Salvador Galindok. Eta herri horretan bere ama bizi dela. Bost ordu behar izan ditugu, Oaxacatik autoz abiatu eta Sierra Juarezeko errepide sigi-sagatsuetan aurrera, atzera, gora, atzera, gora, aurrera, gora eta behera, herrira iristeko. Mexiko hegoaldeko mendikate amaigabe hauen tolestura baten tolesturaren tolesturan ezkutatzen da Yatzatchi herrixka, magal batean zintzilik, arratsaldeko lauretan ilunpetan dagoen ibar oso sakon baten gainean. Ibarraren beste aldean, pinuek estaltzen dituzten mendi bertikaletan, herri txiki batzuk ageri dira terraza sinestezinetan eraikita: norbaitek eztula eginez gero, etxeak ibai beltzeraino amilduko direla ematen du.
–Beste aldeko herri horiek mixeak dira. Honaino, zapotekoak gara –dio Salvadorrek, Oaxacako Hizkuntza Indigenen Garapenerako Erakundeko adituak.
Eta gazteek hizkuntza zapotekoa ia erabat ahaztu dutela.
Gizon zahar bat ikusi dugu Yatzachiko bideetan. Beste inor ez. 180 biztanle inguru omen daude orain, gehienek emigratu egin zutelako: Oaxacara batzuek, Kaliforniara gehienek. Yatzachiko jende gehiago bizi da Los Angelesko (Ameriketako Estatu Batuak) auzo batean, Yatzachin bertan baino.
Herrian porlanezko eta adreiluzko etxe itsusi samarrak dira nagusi. Sakabanatuta daude, ez da erdigunerik antzematen, ez bada harrizko horma erraldoiak eta kupula gorri deigarriak dituen eliza neurriz kanpokoa.
–Apaizik ere ez da etortzen. Nik eliza liburutegi bihurtu nahiko nuke –Salvadorrek.
Zutik dirauten adobezko etxe bakarretako batean bizi da Salvadorren ama: Rebeca Llaguno, 60 urteko maistra erretiratua, emakume txikia, oso bizia, ile urdin luzea motots batean lotuta daramana.
–Kalean norbait ikusten dudanean, asko pozten naiz –dio-. Oraindik badago jenderik herrian!
Sukaldean eseri gaitu Salvador eta biok, marakuia-ura eman digu, arto tortillak, babarrunak eta gazta prestatzen hasi da.
–Gazte asko Oaxacara joan dira bizitzera, hirira. Herrira etortzen direnean, guraso zaharrak eramateko izaten da. Nik ez dut hemendik joan nahi! Hirian jendea elkarren ondotik pasatzen da ezer esan gabe, animaliak bezala.
–Zertan ematen dituzu egunak?
–Oilo pare bat dauzkat, belar txarrak ateratzen ditut, kalera irten ezin duten auzotarrak bisitatzera joaten naiz. Erosketak egiten dizkiet. Asteartero saltzaile bat etortzen da herrira, fruta, barazkiak, kafea eta horrelakoak ekartzen dizkigu.
Oso jende gutxik egingo zituen Rebecak baino kilometro gehiago Oaxacako mendialdean: herri indigena txikienetan maistra izan zen, erretiratu arte. Errepiderik, argindarrik eta urik gabeko eskualdeetan, umeak eskolara biluzik joaten zireneko garaiak ditu gogoan, ustez idatzi ezin zen hizkuntzan eskolak ematen zituenekoak.
Tortillak mahaira ekarri dizkigu eta logelara sartu da azkar. Opari bat ekarri dit: 1985eko liburutxo horizta bat. Beste lau irakasle eta hizkuntzalarirekin batera, Rebecak egindako alfabeto zapotekoa da, idazketa bateratuaren oinarria izan zena.
Menditik pumak eta jaguarrak jaisten hasi direla kontatu digu Rebecak. Herrian gero eta jende gutxiago bizi denez, piztiak lasai ibiltzen dira gauez kaleetan. Artegi txikietan gordetzen dituzten hamar edo hamabost ardiak akabatzen dituzte.
–Pumak ardi pare bat jaten ditu, baina denak hil.
Rebeca umea zenean, maisuek zigorrak ezartzen zizkieten zapotekoz hitz egiten zuten ikasleei.
–Berrogeita hamar zentaboko isuna ordaindu behar genuen: gure aitak egunean irabazten zuen jornala. Kalean maisuren bat ikusten bagenuen, korrika ihes egiten genion, badaezpada. Espainolez egiten zigutenean, umeak ikaratuta gelditzen ginen, mutu. Eta horrelaxe joan ginen denok mutu gelditzen.
Ez ziren denak mutu gelditu. Agur esatean, alfabetoa eramateko eta jendeari erakusteko eskatu dit. •
www.anderiza.com

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
