25/03/2017

Rosa Arruabarrena Santos
Donostiako EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria
Youtuberrez eta bloggerrez baina haratagoko lan merkatua

Duela hilabete 2017ko Mobile World Congress kongresua ospatu da Bartzelonan. 108.000 partaide igaro dira kongresu erraldoitik eta 2.200 enpresek azaldu dituzte euren produktu teknologikoak eta garapenak. Egia esan, mugikorren inguruko azken berriak baino, teknologian egun edota etorkizun oso hurbilean emango diren berriak entzuteko aukera bikaina izan da. Beste maila apalago batean, Gipuzkoa Encounterra ospatu da duela egun gutxi. Honetan, bisitari eta partaide aktibo artean ia 3.000 pertsona bertaratu dira, baina, aipagarriena, partaideen sarrerak 15 segundotan agortu zirela izan da. Zer gertatzen ari da? Zergatik lehiatzen dira enpresak euren standak horrelako topaketetan egoteko? Erantzuna da, laburki esanda, iraultza digital-teknologikoaren ondorioz, enpresek adituen premia dutela.

Bai enpresen eraldaketa digitalak, bai ezagutza –eta trebetasun– teknikoen areagotzearen garrantziak, bai gizartearen behar berriek ere, denek, lan merkatuaren itxura erabat aldatu dute. Eta egoera berriko beharrak asetzeko profil berritzaileak dituzten profesional oso gaituak behar dira, hainbat arlotako ezagutzak menperatzen dituztenak eta mundu digitalean ezin hobeki nabigatzen dakitenak. Gaur egun, adibidez, arkeologo digitalak –erabiltzaileen aztarna digitalaren kudeatzaileak– edota hazkuntza hackerrak –enpresaren edota markaren marketinaren dimentsio berri batean dihardutenak– dira enpresariek euren langileen artean izan nahi dituzten profesionalak. Hona hemen jarraian, egoera berri horretako zenbait profesio disruptibo, noski youtuberretatik edota blogerretarik haratagokoak:

Arkeologo digitala: Arrasto digitala da bai enpresek bai profesionalek zaindu behar duten ezaugarrietako bat, sarean uzten diren arrastoek definitzen baikaituzte. Eta, hain zuzen ere, agertoki berri horretan funtsezko papera jokatzen dute arkeologo digitalek. Adituok partikularrekin eta enpresekin lan egiten dute, Interneten dauden bezero horien irudia kaltetzen duten edukiak ezabatuz. Informazioaren teknologiaren erabilpenean adituak dira, eta informatikako zein lege arloko ezaguerak dituzte.

Zibersegurtasunean aditua: Iraultza digitalaren ondorioz enpresek eta partikularrek informazio pribatu asko formatu elektronikoan dute, hodeian ala ez, saretik atzigarri. Ondorioz, edozein erakundetan zibersegutasunean adituak behar dira; hau da, informatika, komunikazio eta lege arloko gaiak besteak beste menperatzen dituzten espezialistak.

Drone-pilotuak: Drone-teknologia hainbat sektoretan aplikagarria dela eta, drone-merkatuak proiekzio handia du gaur egun. Tramankuluok pilotatzeko AESAk homologatutako ikastaro bat egin behar da. Profesional erakargarrienak dira software garatzaileak eta droneek biltzen dituzten datuetatik ondorioak lor ditzaketenak. Hori horrela, nekazaritza, garraio eta azpiegitura sektoreetan aukera handia dago filmazio, argazkigintza, zaintza edota fumigazio lanak egiteko.

Hazkuntza hackerra («Growth hacker»): Profil ia ezezaguna izanik, start up edo enpresa berriek gehien eskatzen dutenen artean dago uneotan. Profesional hau marketin arloan aditua da eta soluzio teknologikoak ezartzen ditu enpresaren biraltasuna handitu, eta, hortaz, enpresaren posizionamendua web nabigatzaileetan hobetzeko. Helburua markaren irudia bultzatzea da, erreminta berriak ustiatuz etekinak maximizatzeko. Hots, irrati, prentsa eta telebista bidezko komertzializazioren irtenbide alternatiboa da kostu merkeagoan. Horretarako, profesional honek marketina, erabilgarritasuna, soziologia, erabiltzailearen psikologia, produktuaren garapena eta bihurketarako optimizazioa menperatu behar ditu.

Erlazio birtualen arduraduna: Gaur egun erakundeak Internetera konektaturik dihardute, eta, ondorioz, lan kooperatiboak edota sareko lanak pisua hartuz doaz. Hori horrela, erakundeetako langileria eratzeko modua aldatu egin da. Erlazio birtualetako arduradunak giza baliabideetan adituak dira, eta talde berriak osatuz enpresaren eta bere langileriaren on line identitatea lantzen dute. Espezialista hauek teknologia menperatu behar dute, eta berau pertsonen kudeaketan aplikatzeko gai izan behar dira. •