10 JUN. 2017 infraganti ARIANE PIÑERO Ariane Piñero kenpoko munduko txapelduna da apiriletik. Eskoriatzako Atama Kenpo taldeko borrokalaria 55 kilotik beherako kategorian lehiatu zen Portugalen egindako txapelketan. Etorkizunari begira, Europako Txapelketan parte hartzeko hautatzen duten zain dago, eta Tokion izango diren Olinpiar Jokoetako atea ere ez du itxita. Ion Salgado Ariane Piñero santurtziarra kenpoko munduko txapelduna da, Semi Kenpo kategorian. Apirilean Portugalen egindako Munduko Txapelketan parte hartu zuen Eskoriatzako Atama Kenpo taldeko borrokalariak, 55 kilotik beherako pisuan. «Ez dakit nola azaldu bizitakoa, sorpresa handia izan zen. Hasieran egia da urduri nengoela, tatami ugari ikusten nituen eta jende asko. Baina, gero, borrokak hasterako orduan, ahaztu egiten duzu hori guztia», gogoratu du. Azkenerako, disfrutatu egin zuen. «Oso naturala izan zen dena. Borrokatzen eta lehiak irabazten hasi nintzen, eta, bat-batean, arbitroak esan zidan: ‘hau da finala’. Borrokak ez nituen zenbatu ere egiten, eta, konturatzerako, finalean nengoen, lehen postua edo bigarrena lor nezakeen», gogoratu du gazteak. Guztira, lau borrokaldi irabazi zituen Portugalen. Txapelketa amaitu ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, Eskoriatzara konkretuki. Bertan omenaldia eskaini zieten berari eta Joseba Izurrategiri, Semi Kenpo eta Full Kenpo kategorietan lehiatu zena, 95 kilotik beherako pisuan. «Santurtziarra naiz, baina Eskoriatzan bizi naiz eta bertan entrenatzen dut. Herrian harrera egin ziguten Portugaletik itzultzerakoan. Aurreskua dantzatu ziguten eta negarrez ere hasi nintzen: sentimenduak pil-pilean nituen. Oso momentu polita izan zen, ez nuelako espero», gaineratu du. Duela bost urte hasi zen Piñero kenpo egiten, karatearekin zerikusia duen diziplina. «Defentsa pertsonaleko ikastaro bat egin nuen Mondragon Unibertsitatean, bertan ikasten ari bainintzen. Hiru hilabeteko kontua zen hasiera batean, baina gustatu egin zitzaidan eta Rafak –bere entrenatzaileak– proposatu zidan borroka arte bat egiten hastea», azaldu du. Gustukoak zituen borroka arteak, «baina lotsa ere ematen zidan, beti pentsatu izan dudalako jende indartsuaren kontua zirela horrelako gauzak». Azkenean Rafa Carrieten gonbidapena onartu eta entrenamendu bat ikustera joan zen. «Egun batean ikustera joan nintzen, beste batean probatzera... eta gaur arte!», dio Euskadiko eta Espainiako txapelketetan hainbat domina lortu dituen gazteak. 2015ean zortzi garaikur lortu zituen Gipuzkoako eta Espainiako txapelketa bateratuan. Eta gaur egungo Espainiako txapelduna da puntuko borrokan eta erdi-kontaktuan. Kenpo egiten dutenen jarduna hiru zatitan banantzen dela azaltzen du Piñerok. «Katak, defentsa pertsonala eta konbateak daude. Entrenatzen duzunean dena praktikatzen duzu; nire kasuan, defentsa pertsonala praktikatzen dugu batik bat», dio. Karateko Euskal Federazioaren webgunean azaltzen den bezala, kenpoko txapelketak honako bost modalitate hauetan banatu ohi dira: banakako formak, armekin egindako formak, taldekako formak, defentsa pertsonala, eta erdi-kontaktuko borroka eta etengabeko erdi-kontaktuko borroka. Entrenamenduak ez dira tatamiren gainean egiten dituzten ariketetara mugatzen. Garai batean 08.30ean jaiki eta zazpi kilometro egiten zituen korrika Piñerok, gero gimnasiora joaten zen pisuak altxatzera eta ostean igeri egiten zuen. «Ondoren etxera joan, janaria prestatu, bazkaldu eta klasera joaten nintzen 14.30etik 19.00ak arte. Ostean, berriro entrenatzera», dio 2015ean Turkian izandako Munduko Txapelketan hirugarren postua lortu zuen gazteak. Tokioko Olinpiar Jokoak Munduko Txapelketa irabazi ostean, helburu berrien bila ari da, eta urrian Alemanian egingo den Europako Txapelketa izan daiteke hurrengo erronka. «Orain arte Espainiak Mundu Txapelketara joateko bakarrik ematen zuen dirua, baina aurten badirudi Munduko Txapelketan ondoen aritu garenok Europako Txapelketara ere eramango gaituztela. Baina oraingoz itxaroten gaude», azpimarratu du. Olinpiar Jokoetan izango den jakiteko ere itxaron egin beharko du Piñerok. Izan ere, karatea kirol olinpikoa izango da 2020an Tokion. Dena den, berak zuhurtziaz jokatu nahi du. «Nahiago dut itxarotea ezer esan baino lehen, baina egia da talde bat egingo dutela entrenatzeko eta Tokiora nortzuk joango liratekeen zehazteko. Baina nik oso zail ikusten dut», azaldu du, karatean diziplina eta modalitate ugari daudela gogoratuz. «Pentsa, kenpoko diziplinan bakarrik badaude jada txapeldun nahiko talde bat osatzeko», azaldu du konbateetako lehia irabazi duen emakume bakarrak. «Katak eta defentsa pertsonaleko lehiak irabazi dituzten gizon zein emakumeak egon badaude. Beraz, ez dakit zer gertatutako den. Onena nire ustez itxarotea da, eta, hautatzen banaute, primeran. Zorte handia litzateke», gaineratu du. Lehen agian errazagoa izango zuen hautatua izatea Piñerok, izan ere, beste borroka arte ugari bezala, gizonezkoen kirola zen kenpoa oraintsu arte. Egun baina, gero eta emakume gehiagok egiten dituzte borroka arteak. «Ni, adibidez, umeekin aritzen naiz irakasle gisa, eta neska gehiago daude mutilak baino. Gurasoekin hitz egiten dudanean galdetzen diet ea zergatik apuntatu duten alaba, eta telebistan entzuten diren gauzak gogoratzen dizkidate», azaldu du, «eguneroko bizitzari begira» entrenatzen dutela gaineratuz. «Edozein egoeretarako prestatzen gara, prest egoteko», dio, kenpoari esker «erasotzaile baten aurrean defendatu» ahal dela nabarmenduz. Halaber, kirola egitearen onurak ere gogoratu ditu Piñerok. «Oso kirol egokia da emakumeentzat. Eta gero eta emakume gehiago ikusten dira tatamietan. Errumanian, Bulgarian, Hungarian eta Portugalen emakume askok praktikatzen dute kenpoa». Kenpoa eta borroka arteak modan daude, eta ez bakarrik emakumeen artean. «Kenpoa pila bat hazi da, agian egun gehiago entzuten delako», dio. Eskoriatzan, adibidez, 4.000 biztanleko herri batean, kenpoa egiteko bi gela ezberdin daude. «Ezin dut esan zenbat garen guztira, baina, aurten, adibidez, 97 gerriko eskatu ditugu Internetetik. Eta umeen taldeak oso handiak dira». Hainbeste jende izanda, ez da harritzekoa klaseak astelehenetik igandetara ematea, egunero larunbatetan salbu. «Txapelketaren bat izanez gero, larunbatetan ere entrenatzen dugu. Igandeetan, berriz, astean zehar lana dela-eta entrenatzerik izan ez duten helduak joan ohi dira entrenatzera», adierazi du. Etorkizunera begira argi du ahal duen artean kenpoari lotuta jarraituko duela. «Gustatzen zaidalako egiten dut, eta, nekatzen banaiz, erritmoa motelduko dut, baina ez dut guztiz utziko». • Karatea Tokioko 2020ko Olinpiar Jokoetan izango da. Bertan egoteko aukera badu Piñerok, baina, oraingoz, nahiago du zuhur jokatzea. Hori bai, «hautatzen banaute, primeran» Etorkizunean ere kenpoari lotuta jarraituko duen zalantzarik ez du kirolari santurtziarrak. «Nekatzen banaiz erritmoa motelduko dut, baina guztiz ez dut utziko», nabarmendu du