Nortasun agiria berritzen, sepia koloretan
Uda sasoi honetan, Kontxako hondartzaz eta Biriatuko ordainlekuaz gain, bada bertze leku bat gainezka egon ohi dena: nortasun agiria berritzeko polizia etxeak. Horietako batean sartzea denboraren makinan bidaiatzea bezala da: sepia koloretan dago dena. Lehen orduan zoaz, txandarik gabe, bi egun eskasera hegazkina hartu behar duzulako larrituta. Hara, bi ilara daude, bat txanda dutenena eta bigarrena zu bezalako apuratuena. Gizon bat atera da. Denak bere gainera. Bakoitza bere larritasuna azaltzen. Badirudi jatorra tokatu dela eta baietz erran dizu, esperatzeko, eginen dizutela karneta. Paper batean idatzi du zure izena.
Sartu eta txoko batean jarri zara, ingurura begira. Mahai luze bat duzu aitzinean: parte bat pasaporteena da, bertzea nortasun agiriena, eta hirugarrena “atzerritarrena”. Eta azken horiek zakarrago tratatzen dituztela konturatu zara hasieratik. Komentario arrazistak aditzen dizkiozu zain dagoen jendeari ere. Pelikuletan bezala, badira funtzionario ona eta txarra. Ona zerrendan sartu zaituena da; txarra, zerrenda hori kudeatzen ari dena. Ezin sinetsizkoa da bere efikazia falta. Orduak badoaz eta ez dakizu bi lagun ere deitu dituen. Fundamentu gehiagoko kidea hurbildu zaio eta martxa pixka bat jarri du.
Urte batzuk badituen argazkia eta iraungitako nortasun agiria magalean dituzu. Gizon bat hiriaren bertze puntan dagoen fotomatoira bidali dute erakutsitako argazkian aunitzez ile gehiago duela-eta iseka eginez. «Ni ez naiz sobera aldatu, ez?», galdetzen diozu zure buruari.
Amorragarria da nola begiratzen zaituzten goitik, gehiago balira bezala. Salto batean altxatu zara zure izena aditzean. Urduri jartzen zara poliziekin eta hatza jartzeko eskatu dizutenean izerditan zaudela ohartu zara. Posta elektronikoko helbidea galdetu dizutenean ere, nerbioekin, berri bat asmatu duzu. Total, ez duzu uste erabiliko dutenik. Ordaindu, eta buruhaundi bat agertzen den txartela gorde duzu karteran, soilik behar-beharrezkoa denetan erakusteko. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
